ZALANTZAK


 
Bidaian orain arte inprobisazioa nagusitu da, baina itzulera gerturatzen ari den neurrian, eta Cuscon eta Mendozan ditudan konpromezuak kontuan hartuta, zeozer planifikatu beharko ditut hurrengo egunak. Iquitosetik kostaldera, Chiclayora, abioia har dezaket, eta hortik, Peruko kostaldea zeharkatuta, Boliviaruntz gerturatu naiteke, Buenos Aireseko aireportuan hartu behar baitut itzulerako hegaldia. Bigarren aukera Iquitosetik Limara joatea litzateke. Limatik Cuscora, Cuscotik Tacnara, eta Txile erdia gurutzatuta, Santiagotik Mendozan sartu. Bigarren aukera baliatuko dudalakoan nago, oso diru gutxi baitaukat. Gero gerokoak.  

Huarazetik Pucallpara joan nahi dugu, Ucayali ibaitik itsasuntziz Iquitosera iristeko. Hiruzpalau egun kalkulatu ditugu Pucallpara iritsi ahal izateko. Ez dakigu erdibidean non geldituko garen.

Lehenengo geltokia La Union izan da, autobusak hementxe amaitzen baitu bere ibilbidea. Bidea aparta da eta txirrindularekin egitea oso interesgarria izanen litzatekeela pentsatu dut, ohianerako bidean kilometro gehienak aldapan behera egin behar baitira. Mendien tolestudarak biluzik agertu zaizkit, mendien arteko etxola galduak ikusi ditut, errepide ahaztuak, behiak bazkatzen, ardiak, zaldiak, astoak, artzain gazteak, glaziarrak, Andeetako tontorrak.

Link: Huanuco Departamentua, testua, gazteleraz.