BOLIVIA ORTZEMUGAN


Tilcaran luxuzko ostatua aurkitu dugu eta taldeko argentinarren amarruei esker nahiko merke atera zaigu. Turista gutti dago eta guztiontzat etxe bat utzi digute. Etxeak sukaldea dauka, bi gela, sua pizteko txoko bat, komuna eta terraza. Arraroa egiten zait halako erosotasunak eukitzea, eta arraroa sentitzen naiz ostatua inken eraikuntzen gainean altxatu zutela jakitean. Tomas, estraineko partez, pozik dago. Guadalupe, bere nobia, bisitan etorri da, eta ordutik irrifarre iraunkorra margotu zaio aurpegian. Etxeko gela batetan nobiarik ez dugunok hartuko dugu atseden, eta bestean taldeko bi bikoteak tartekatuko dira.


Iritsi eta sua piztu dugu. Marihuanazko azken porroa eskuetan desegin dugu.


Purmamarcan zazpi kolore ditu mendiak. Atahualpa Yupanquiren unibertsoaren kolore guztiak nahasten dira Purmamarcan. Mendia okre kolorekoa da, berdea, gorriska, zuria, grisa, urdina, horia. Mendi tontorretik herria dakusagu. Eskolan haurrak futbolean ari dira. Haizeak gure pentsamenduak arilkatzen ditu, bere erara, inongo logikarik gabe. Bigarren hilabetea bete behar dut Argentinan, eta Jael, Vicky eta Kikerekin ezerezari begira nabil mendi tontorrean.

Link: Purmamarca, testua, gaztelaniaz



Zerua zilar kolorez margotu da. Iluntzen ari du. Oinez, errepide nagusirantz abiatu gara, bertatik autobusen bat igaroko delakoan. Ez da farolarik, eta errepidearen bazterretara zakurren ezinegona nabaritzen dugu. Laket dut gauez ibiltzea, eta are gehiago ilargia erlearen hegala denean.


Jenio bizian altxatu naiz gaur, txinpartak ateratzen zaizkit begietatik. Atzo, beranduarte geratu ginen ostatuan eta gaur Iruyara goaz. Autobusa goizeko bostetan irtengo da Tilcaratik.

Ohean nagoela, erdi lokartuta, joan-ez joan erabakitzen ari naiz. Maindireen artean, Jaelen abotsa entzuten dut, nahi baino gardenago. Kaguendioska ari da nire zurrunkak direla kausa. Vickyri gauez ez duela lorik egin esaten dio erdi garrasika, eta aukera izan balu itoko ninduela. Vickyk parre egiten du, eta Jael geroz eta gehiago trufatzen ari da.

Gorroto dut hola esnatu beharra. Nire burua ongi ezagutzen dut, eta jakin badakit orain altxatuz gero Jaelekin bronka izanen dudala. Hori dela eta, ohean jarraitzea komeni zaidala erabaki dut. Jaelek, halere, bereari eusten dio, eta halako batean eskua nire gorputzaren gainean paratu du. Noski, bere gorputzaren kontaktuarekin eztanda egin dut eta nire barruko haserrea bere gainean hustu egin dut:

-Higuingarria zara, Jael, benetan. Nik behinik behin nahi gabe egiten dut zurrunka. Baina zure hitzak oso konzienteak dira. Sentitzen dut gauean lo egin ez izana, baina ezin izan dut ebitatu. Zuk ordea bai ebitatzen ahal zenituela nire gainean bota dituzun hitz itxusi guzti horiek. Nazkagarria zara, benetan.

Jael mutu gelditu da eta begiak umeldu egin zaizkio. Nik ez dut gerra hasi. Jaelen begiek errudun sentiarazi naute. Gehiegizkoak nire purrustadak:

-Barkaidazu, Jael, berotuta esan ditut gauza guzti hauek. Hemendik aurrera badakizu nola ez nauzun esnatu behar, ados?