BAKERIK EZ, LA PAZ-EN

Esnatu orduko koartoko lehioa ireki eta zerbait berezia jazo behar dela hauteman dugu. Atzo bezala, antidisturbioek Murillo Plazako inguru guztiak hartuta dituzte, eskuetan gas negargarriak eta eskopetak desarratzeko prest dituztela. Bai Buenos Airesen eta baita La Pazen ere gobernuaren egoitza hartzen duen plazak berebiziko garrantzi politiko eta estrategikoa dauka. Poliziek, nola edo hala, manifestariei barruan sartzea galerazi behar diete, gobernuaren boterea oso ahula denean plaza nagusia okupatzeak esanahi sinboliko handia baitauka.


Atzo Los Altoseko herritarrak etorri ziren protestan, gaur irakasleak datoz. Irakasleek ejerzitoa osatzen dute, hiritarrez osaturiko ejerzitoa. Lerroak oso ongi banatuta daude, eta disziplina zorrotza jarraitzen dute desfilatzeko tenorean.


Austria ostatuaren atetik pasatzen ari da manifestaldia, eta lehiotik argazkiren bat ateratzen ahalegintzen ari naiz, disimuloan. Segidan bota dizkiguten lau harrikadekin, lehioak ixteko gonbitea egin digute manifestariek.


Boliviako egoera soziala irakiten dago. Estatua hari fin batetik aurrera doan funanbulista mozkorra da. Astelehenenean kokaleroek burutu zuten protesta, asteartean meatzariek, asteazkenean nekazariek, ostegunean Central Obrera Bolivianakoek, ostiralean Los Altoseko herritarrek, larunbatean irakasleek...

Carlos Mesa presidenteak ez dauka protesten uholdeari aurre egiteko aski indarrik. Ezkerreko mugimenduek eta indijenek irmo eusten diete protestei, populazioaren gehiengoa osatzen dutela jakin baitakite. Boliviarren bizibaldintzak ezin kasgarragoak dira eta herri mugimenduak oso ongi antolatuta daude.

Karriketan boliviarrek hitzetik hortzera darabilte euren herriak bizi duen egoera larria. Jendeak irtenbideak nahi ditu, baina ez daki nola eta nondik etor daitezkeen. Batzuk, militarren beldur dira, eta beste batzuk, militarren esperoan. Herri mugimenduetako militanteak armak eskuratzen ari direla dioen berria zabaltzen ari da Bolivian.


Gizonak zai daude, adreilu laranjazko ateetan zerbaiten esperoan. Emakumeak oinez doaz eta poltsak daramatzate, izkinaz izkina. Poltsekin karrikak zeharkatzen dituzte zerbaitekin beteko zaiela sinestuta. Gizonek bizitzaren pelikula begiratzen dute, txanpon txingorraren esperoan daude. Baina mana euria ez da etortzen, eta erortzen denarekin ez dago poltsak betetzeko lain. Eta pazientzia, bai, pazientzia soberan dute La Pazeko gizon-emakumeek, motorren zarata nagusitzen den karriketan, gurdiak, txirrindulak. Eta beti berdin dela esango nuke, baina ezer ez da berdin, ez dago bueltako biderik, eta begiradak eta talkak, bizkarren arteko fereka etengabeak, inurriak eta euliak, La Pazekoak.