LA UNION

Inguruak Sendero Luminoso gerrilaren kontrolpean izan dira orain gutxi arte, eta horrek errespetu moduko bat sortzen digu. La Unioneko karriketatik paseoan, Paraiso ostaturako itzulera apropos atzeratu dugu. Jendearen begiradak eta zurrumurruak jasotzen ditugu. Garagardoak edaten ari den koadrila mozkor baten ondoan gaude, oilasko frijitua saltzen duen emakumearen gurditxoaren gibelaldean.

Link: Sendero Luminosoren arrastoak, bideoa, gazteleraz.

Gazteek, sarri, toperik gabe edaten dute eta komenigarria deritzogu eurekin distantzia mantentzeari, haserretuz gero oso erasokorrak jartzen baitira. Ez dakit zenbatgarrena izango duten, baina zeharo atxurtuta daude, ezin altxa.

Bi kamioilari gerturatu zaizkigu ere. Brasiletik kontrabandozko arropak ekarri eta herri txikietan saltzen dituztenak. Ez zaizkit oso fidatzekoak iruditzen, eta uneoro kontrolatzen ari zaizkigula iruditu zait, paranoiak jota nago.

Gizon zahar batetin xahutu ditugu arratsaldeko gainontzeko orduak. Oso xelebrea izan da. Hamaika bider errepikatu diogu Vasco-n eta Argentinan gaztelaniaz hitzegiten dutela baita ere. Hala eta guztiz ere zaharrak bereari eusten dio.

-Nola esaten diozue horri Argentinan? Guk hemen ca-rro esaten diogu, ca-rro, eta zuek?


-Berdin.


-Eta papak jaten ba al dakizue? Pa-pa, pa-pa, ulertzen al duzue?


-Baietz, berdin hitzegiten dugula Argentinan, Vascon eta La Unionen.


-Guk hemen pa-pa esaten diogu, pa-pa, pa-pa.

Goizeko bostetan jarri gara martxan. La Peregrina konpainiako bulegariak 5,30tako autobus geltokian izan behar genuela abisu eman zigun. Ogi dozena bat erosi eta geltokiraino hurbildu gara. Iritsi eta berehala bulegariak atzo bost pesoko moneta faltsua eman geniola gogora ekarri digu, eta txintik esan gabe ordainean benetazko bat eman diogu, gehiegi disimulatu gabe. Seiak bost gutxi dira eta gu gara geltokiko bezero bakarrak. Bulegariak berak bakarrik utzi gaitu. Autobusa ez da iristen, bai, hor dago, badator, aizu!, aizu!, badoa!, badoa!, hartu motxila!, aizu!

Autobusa herriko beste puntan gelditu da. Zopa beroa saltzen ari den emakumeari ea Huanucora doan autobusa ote den galdetu diogu, eta berak baietz erantzun. Arnasa hartu, motxilak autobusaren goikaldean paratu eta, behingoz eseritzea lortu dugula, atzetik beste autobus bat datorrela ikusi dugu. Gidariaren laguntzaileari ea La Peregrinako autobusan ote gauden galdetu diogu, eta galdera egin aurretik espero genuen erantzuna jaso dugu:

-La Peregrina atzeko autobusa da.

Berriz buelta. Motxilak jeitsi, motxilak igo. Gure bi eserlekuetan eseri bezain laister emakume potolo bat, soinean haur bat daramala, gugana etorri da:

-Barkatu, baina bi eserlekuak okupatuta daude.

Txartelak erakutsi dizkigute. Gure zenbaki berak dauzkate. Besterik gabe, eserlekuak utzi dizkiegu. Jakin izan bagenu... Ordubete eta La Unionetik ezin atera. Bidaiariak garrasika dabiltza gidaria akuilatu nahian:

-Vaaaaaaammmmooooooossssssss!

Zutik eman behar izan ditugu lehenengo kilometroak. Eserlekuak hutsik geratu direnean, paisanoz jantzitako bi polizien ondoan eseri gara. Oso polizia jatorrak dira, bata mandoa eta bestea manupekoa. Futbolaren hizkuntza internazionalean ari gara, Hego Amerikatik ibiltzeko ez baita futbola ezagutzea bezalakorik. Boca Juniors eta River Plate-ko aditua bilakatzen ari naiz, Tévez, Figueroa, Independiente, Racing, Estudiantes... Jakiek hartu dute jarraian futbolaren lekukoa. Sabela nahastu egin zait komisarioaren hitzak aditzerakoan:

-Hemen ez duzue sekula zerrikiarekin eginiko pachamanca jan behar, triquinosisa izan dezake! Pachamanca? Ezta okurritu ere!

Jakiez ari garela, autobusa herriska batetan gelditu delarik, komisario plantak egiten dituen poliziak txitxarron bana erosi digu . Zerri puska frijitua artoarekin batera nahastuta dago plastikozko poltsa batetan. Triquinosis hitza ahaztu dugu haragia jaten ari garela. Goseak akatzen gaude. Ziurrenera arratsaldeko 3ak aldera iritsiko gara Huanucora.

Nire eserlekua ez dago zoluari finkatua, torlojuak aske ditu, eta ez naiz autobusan batere eroso sentitzen. Zezen mekanikoan noala dirudi, eta zezen mekanikoa bost minutuz da dibertigarria, hortik aurrera tortura bilakatzen da. Aurrekaldeko eserleku bat libre utzi dute eta lokuluska botatzeko asmoarekin bertara joan naiz. Ordu erdiz edo ibili naiz lotan eta esnatzerakoan emakume indijena gaztea ikusi dut ondoko eserlekuan. Emakumea goragalearekin dago eta ahoa eskuarekin estaltzen du. Nire galtzetan hezetasun beroa nabaritu dut. Lotan nengoen bitartean bidaikidea nire gainean botaka ibili da. Papilla itxurako bat daukat kremailera inguruan, zuriska. Ez diot ezer esan. Oso lotsatuta dago eta pena ematen dit. Emakumeak egundoko poltsa darama gainean eta nik ezin dut eserlekutik mugitu. Hola agoantatu behar izan dut, papilla dantzan, autobusa puskatu egin den arte. Autobusetik jeitsi eta lurrezko errepidetik konponketa prozesua zuzenean jarraitzeko aukera izan dut. Gurpilen ardatza zuzentzeko aurreko gurpiletan bi harritzar paratu eta bolanteari kontrako norabidean eragin diote.

Matxura konpondutakoan, eta Huanucon sartu baino lehen, polizien kontrola aurkitu dugu bekoz beko. Paperak eskatu dizkiote gidariari, eta honek, paperekin batera, poliziei laupabost txanpon eman dizkie. Txanponak zolura erori dira, bidaiari guztiek ikusi ditugu. Poliziak, alta, ez daude erori denarekin konforme eta eztabaidan hasi dira gidariarekin. Gure komandanteak jenio bizian lehiotik burua atera du. Burua erakustearekin bakarrik trafikoko poliziek hitzik gabeko agindua bete dute, tis tas batean.

-Segi, segi aurrera!