CACHI-KO MARTITZARRAK

Cachira goizean goiz iritsi gara. Ostatu bila hasi aurretik herriko plazan motxilak pilatu ditugu, eta, esperotzekoa zenez, zakurren bat edo beste etorri zaigu ongietorria ematera. Zakur beltz bat gurekin jostetan hasi da eta 'morocho' izenez bataiatu dugu.


Ezequielek hartu du ostatu bila joateko ardura, eta gu aiduru gelditu gara goizeko nagiak kendu ezinik, lurrean erdi etzanik. Espaloian gaudela, polizia bikote bat gugana etortzen ikusi dugu. Tomasek disimuloan marihuana potroetan izkutatu du.

Hasierako beldurra laister baretu egin da. Poliziak Irlandako turista baten argazki kamararendako bateria baten bila dabiltza. Gu motxileroak garenez halako bateriak izan ditzakegula pentsatu dutela. Hori besterik ez.

Nire bateria ez zaie baliagarria; bai ordea, Ezequielena.

Link: Extralurtiarrak Argentinako iparraldean, bideoa, gaztelaniaz.

Bateriaren beharraren zergatia azaltzeko eskatu diegunean, irlandarra inglesez hasi zaigu, eta bart arratsaldean jazo zitzaiona kontatu digu: nobiarekin alokaturiko kotxe batetan atera eta gasolinarik gabe gelditu ziren. Herrira laguntza eske joan aurretik ardo botila bat edan eta kotxe barruan zenbait argazki atera zituzten. Ateratako argazkiak errepasatzen ari zirelarik, harri eta zur gelditu ziren, horietariko batzuetan martitzarrak ageri zirela ikusi baitzuten.

Ezequielen bateriari esker kamaran irudi arraro batzuk ikusteko beta izan dugu, baina irudiak hain dira txikiak ezen ezin izan baitugu inolako ondoriorik atera. Ironiaz poliziari, martitzarrei aurre egiteko, destakamendu osoa ekarri beharko duela aipatu diogu. Poliziak pistola ferekatu eta 'zer demontre eginen dugu honekin martzianoen aurka?' -erantzun digu.


Udaletxera joan gara eta argazki kamara ordenagailuan konektatu dugu. Jakinmin handia dago, martitzarrak ikusi ezkero gaiari buruzko aurreiritzi guztiak apurtuko baitzaizkigu.

Batbatean gure begien aurrean azaldu dira irudiak. Argazkien artean badira hiru nahiko bitxiak, eta guztietan martziano itxurako gizontto bat ageri da. Kike parrez hasi da. Martitzarrak gorputz ttiki eta berdea dauka, botila kolorekoa, eta begiak moreak ditu, ardo kolorekoak... eta gringoak ardoa edaten ari ziren... susmagarria benetan.

'Ardo botilaren isladak dira!'  esan du Kikek ozenki . Irlandarraren aurpegia gorritu egin da. Kikeren baieztapena aintzat hartu dugu. Arrazoia dauka. Poliziek ere Kikeren bertsioa ontzat eman dute eta argazkietan ardo arrastoak ez ezik 'marihuana arrastoren bat ba ote dagoen' galdezka ibili dira, trufati.

Link: Extralurtiarrak Saltan, bideoa, gaztelaniaz

Udaletxetik atera eta gizon zahar batek bere bizitza osoa Cachin eman duela aitortu digu, eta ez duela sekula martzianorik ikusi. Aipatu digunez, nahiko jende arraroa dator Cachira, martitzarrekin kontaktu bat edo beste eukitzeko. Guk ez dugu halako esperientzik euki, tamalez, baina egia da zonalde osoan arras sentsazio bitxiak izan ditugula. Ni neu aztoratuta ibili naiz, burua kontrolatu ezinik, sentimenduak maneiatzeko borroka etengabean. Oso gutxi egiten dut lo, egunean bospasei ordu, eta bai, arraro samarra sentitzen naiz, Martitzen.