UYUNIKO GATZATEGIA


Uyuniko gatzategiaren barruan gaude. Eguzkiaren isladak larrua erretzen digu. Gatzategitik oinez gabiltza eta gure begirada urrutian galtzen da. Itsaso getz zuria dugu oinetan, Amerikako gatzategirik erraldoiena, 170 x 80 kilometroko hedadurarekin. Gure urratsek kraska egiten dute gatz geruzaren gainean, eta ortzemuga kolore ezberdineko estratoetan galtzen da. Kike biluztu eta itsumustuan atera da. Ez gaitu inork ikusten. Ezustean goizeko lanbroaren zuria gatzategikoarekin uztartu egin da, eta gatzaren erresuman gure irudiak urtu egin dira. Hodei txuri baten barruan gaude, biluzik.


Lanbroa desagertuta, Inkahuasi irlara joan gara. Uyunin dena da gatza, eta jeepak nahi duen bidea aukeratu dezake. Naturaren miraria da Inkahuasi. Arrain itxurako irla ttiki honetan naturak gatzategiaren antzutasunean bizirik irauteko modua aurkitu du. Txoriek kaktusak zulatzen dituzte euren kabiak atontzeko, turistok irlari buelta ematen diogun bitartean. Pelucasek azaldu digunez, Inkahuasi hitzak inkaren etxea esan nahi du runen hizkuntzan. Inkek ohianeko jakiak altiplanora garraiatzen zituztelarik irlan geldialditxo bat egiten zuten atsedena hartzeko.


Erabakita dut. Inoiz nire herria utzi beharko banu, Coquesara egingo nuke. Mundu ofizialetik, agirien mundutik, pasaporteen mundutik, paperen mundutik, izkutatu beharko banu, Coquesara eginen nuke.


Tunupa sumendiaren mendioinan eraikitako herria da Coquesa. Etxeak sumendiak denboraren gau luzean erditutako harrien gainetik altxatzen dira, naturarekin orekan, eta zeruaren urdintasun sakonean sumendiaren kolore gorriska eta berdeak nabarmentzen dira. Ez dakit zer duen herri honek. Arras misteriotsua da. Llamen dotoreziak urratzen du urtez urte hustutzen joan den herri honen bakea. Karrikak hutsik daude eta lastozko teilatuetatik ke fina ateratzen da. Arrastiria da eta eguzkiaren mugimendu geldoak bizitzaren sekretuaren berri eman nahi didala pentsatu dut. Koloreek marra ikusgarriak zirriborratzen dituzte plastilinazko mendietan. Bai, Coquesara egingo nuke.


Herriko ketxua zahar batek kobazuloa bisitatu nahi ote dugun galdetu digu, gosaldu eta herritik itzulinguruka gabiltzala. Hilbetea dugu eta buruko mina daukat. Ilargiak nire burmuinan sartu nahi du eta presioa eragiten dit. Pelucasen jeepa bateriarik gabe gelditu denez arratsaldean helduko diogu berriz bideari. Zaharrak kobazuloan euren arbasoen momiak aurkituko ditugula agindu digu, eta bisitak pena merezi duela. Gu ezagutu gabe giltzak utzi izanagatik pittin bat harrituta, bere eskaintza onartu eta, bi boliviano ordaindu ostean, kobazuloko giltzak poltsikoratu ditugu.


Tunuparen tontorrera doan bidetik igoko gara. Eguzkia ateratzen ari da eta astoek nagiak kentzen dituzte. Flamenkoak aintziraren bazterretan lo daude.


Kobazuloan sartu eta familia oso baten momiak aurkitu ditugu. Iduri du sumendiko garrek harrapatu eta halaxe utzi zituela familiako kide guztiak. Momiak eserita daude eta aurrean katilu batzuk dituzte. Jendeak eskeintzak egiten dizkie: koka hostoak, zigarroak, gailetak. Guk zigarroren bat bota diegu, koko kremaz beteriko galletaren bat, eta, arrazoi ezezagun batengatik, gure hildakoen gainean gogoeta egin dugu. Isiltasuna nagusitu egin da kobazuloan. Geroxeago Ernesto Sabatoren liburuan Brunok Alejandrori errezitatzen dion poema berriz irakurriko dudala erabaki dut:

Tal vez a nuestra muerte el alma emigra:
a una hormiga,
a un árbol,
a un tigre de Bengala;
mientras nuestro cuerpo se disgrega
entre gusanos
y se filtra en la tierra sin memoria,
para ascender luego por los tallos y las hojas,
y convertirse en heliotropo o yuyo,
y después en alimento del ganado,
y así en sangre anónima y zoológica,
en esqueleto,
en excremento.
Tal vez le toque un destino más horrendo
en el cuerpo de un niño
que un día hará poemas o novelas,
y que en sus oscuras angustias
(sin saberlo)
purgará sus antiguos pecados
de guerrero o criminal,
o revivirá pavores,
el temor de una gacela,
la asquerosa fealdad de comadreja,
su turbia condición de feto, cíclope o lagarto,
su fama de prostituta o pitonisa,
sus remotas soledades,
sus olvidadas cobardías y traiciones.



UYUNIKO GATZATEGIA, ARGAZKI MUNTAIA, Duo Salteñoren musikarekin: