KOKAREN ERRESUMA

Taxia lepo bete den arte izan gara Huanucoko garaje zikin batetan zain, erdi biluzitako emakumeen posterren artean. Zazpi bidaiari elkartu garenean, txoferrak betetzat eman du kotxea, eta ipurdiz ipurdi Tingo Mariaruntz egin dugu. Haizea dabil eta eguzkiak indarrez jotzen du kotxearen sabai metalikoan. Ni erdian nago, bi emakume ditut ezkerretara, eta Mariano eskubitara. Ezin naiz mugitu eta bihurgunetan estu eta larri nabil euskarri bat topatu nahirik.


Aldapa luze bat igo dugularik, tunela gurutzatu, eta miraria gertatu da. Tunelak hotza eta kaktusak atzean utzi ditu eta, lainopean pare bat kilometro egin eta gero, beroa eta palmondoak erakutsi dizkigu bestaldean. Tunelak altiplano eta ohianaren arteko muga ekologikoa zehazten du, hala dirudi.

Link: Tingo Maria, testua, gaztelaniaz.



Gasolindegi batetan kotxea gasolina eske gelditu denean, kremailera jeitsi, pixa egiten hasi eta begiak konzentrazio bila gora altxatu ditudanean tximeleta eta matxinsalto erraldoiak ikusi ditut paretan itsasita. Hasieran margotuta daudela iruditu zait, baina margotutako tximeleta eta matxinsaltoek ez dute hegan edo salto egiten, eta pixa-tantak astindu gabe kremailera igo dut, kantzontzilloetatik sar ez daitezen.

Bi orduko bidaiaren ostean gure ipurdiak presioaren diktaduratik libratu dira, eta ostatu bila hasi gara gure bi motxila pisutsuak sorbaldan, kopetei izerdia dariela. Tingo Marian mototaxiak gora eta behera dabiltza. Gu merkatarien karrika nagusian gaude, iparra galdurik, inguruetara, eta arropa hestuak daramatzaten emakumeei, begira. Mototaxi baten gidariak hotel merke bat aurkitzen lagunduko gaituela agindu digu, eta karrika nagusitik alperrikako buelta bat eman eta gero taxia hartu dugun lekutik hamar bat metrora utzi gaitu. Parrari ezin eutsirik, eta diskutitzeko indarrik gabe, Latino ostatuan laga ditugu motxilak.


Euriak esnatu gaitu. Gogotsu ari du. Bigarren eguna dugu Tingo Marian. Gaur  ginen joatekoak Pucallpara, baina Perun greba orokorreko eguna dute. Toledo lehendakariaren kudeaketa kaskarra salatzeko dago deitua. Autobus konpainiako langileak gaur ez bidaiatzeko gomendioa eman digu. Huatila aldean kokaleroak omen daude, indioak, borrokalariak, 'eta, autobusa geldiaraztekotan, greba eguna errespetatzen ez duen gringo bat gaizki har dezakete'. Ez dakigu sinesteko moduko baieztapena den, hirietan indiarren munduaren gainean estereotipoak nagusitzen baitira. Badaezpada ez ateratzea erabaki dugu eta, halabeharrez,  protestarekin bat egin dugu.

Toledo Espainialdean omen dago, gerta daitekeenaren beldur. Paradoxikoki, Toledoren politika ekonomikoak halamoduzko emaitz onak erakusten baditu ere, herri xeheak ez du aurrera ateratzeko egunez-eguneko borrokan inongo hobekuntzarik ikusten, eta Fujimorirekin baino are okerrago daudela sentitzen dute. Zenbaki handien errealitateak eta zenbaki txikienak ez datoz bat. Toledori ezin diote inolaz ere barkatu hauteskunde kanpainan egindako promesa gehienak bete ez izana.


Greba egunean, bada, Tingo Mariako bazterrak ezagutzera jo dugu. Turismo bulegoan bisitarien mezuak jasotzen dituen liburukoteari gainbegirada bota diogu. Euskaldun bakar baten izena aurkitu ahal izan dugu, emakumea, gipuzkoarra.

'El velo de las ninfas' naturgunera, parke nazionalera eta unibertsitateko zoologikora joateko gomendioa eman digute, eta halaxe egin dugu.


Lehenik eta behin, unibertsitatera gerturatu gara, eta kontrabandistei atzemandako piztiak ikusi ditugu, jabe berrien kaioletan preso, otorongoak, tigreak, tigrilloak, tximinoak, pumak, hartzatxoak, kaimanak... Kaimanen kaiola erraldoian kartel handi bat paratu dute: Gracias Avícola Don Pollo por alimentarnos.


Euriteek lokatsez bete dituzte 'El velo de las ninfas' izen ponpoxoarekin bataiatutako eskailerak, 14 ur jauzi gurutzatzen dituztenak. Mariano ta biok gabiltza norbera norberatara, maldan gora. Altiplanoan luzaz ibili eta gero birikak puntu-puntuan ditugu eta ez dugu nekerik somatzen. Bidean Elena pinpilinpauxa urdin eta erraldoia gurutzatu zaigu behin baino gehiagotan (morpho du izen zientifikoa). Gora iritsita, larrugorritan bainua hartu dugu, lasai ederrean, bakar-bakarrik. Marianok eskalatzeari ekin dio haitzetatik gora. Zuhaitzen itzalpean gaude, fresko.

Link: Tingo Maria Parke Nazionala, testua, gaztelaniaz.



Parke nazionalera sartu baino lehen, Marianok atezainari ohiko mezu negargarria bota dio:

-Aizu, baina nola kobratu behar diguzu gringoak baikiñan? Gu argentinarrak gara, eta zuek bezain izorratuta gaude. Begira, ez dakigu nola demontre iritsiko garen Iquitosera. Ez dakigu sikiera non eginen dugu lo gaur gauean. Arren...


Debalde sartu gara. Marianoren hitzen indarrak edo dialektika gaitasunak, ez baitakit, ate zaindaria komentzitu dute. Zuhaitzez babesturiko bideska alderik alde zeharkatu dugu eta 'Hontzen kobazuloa'-n barneratu gara. Barruan mota guztietako txoriek habiak jarri dituzte. Kalapita sekulakoa da. Hontzak daude, bai, eta kotorrak, eta saguzaharrak, eta enarak, eta kaka putzu zabal bat, zabalegia, kaguen dioro! Sabaitik ere kaka erortzen zaigu!, txof, hanka barruraino sartu zait, galtzak txorien guanoz bustita daudela nabaritzen dut, ezin dut oina atera, putzuak irentsi duela dirudi, txof, kanpoan da. Marianok linternarekin argiztatu du kobazuloa. Txoriak harat honat dabiltza. Linternarekin behera egin duenean zoluan arratoiak ere korrika dabiltzala ikusi dugu. Hankak belaunetaraino bustita ditut, kaka beltzez bustirik. Motokarroa hartu dugu Tingo Mariara itzultzeko. Ilun dago. Bihar, goizeko 7 t´erditan Pucallparuntz goaz.