KARLOS ARGIÑANO

Jesuiten garaiko eliza txuri baten ondoko plazan eseri gara Kike eta biok, eta herriko haur mukizu bat hurbildu zaigu, lotsatuta. Momentuz, hementxe amaitzen zaigu bidea. Ez dugu aurrera segitzeko modurik. Taxi bat alokatzerik badugula esan digute. Bi taxi dago Angastacon, eta argentinarrek negozioak egiteko duten iaiotasunaz baliatuko gara tarifarik egokiena lortzeko. Mayra kolunpioetan ari da Tomasekin dilin-dalan eta Ezequiel herriko ostatura joan da informazio eske. Angastacoko etxeak adobezkoak dira, eta horma batetan Menemen aldeko propaganda zaharkitua irakur daiteke.

Ezequiel ostatutik itzuli delarik, bertan euskal jatorriko emakume argentinar bat dagoela adierazi digu, gu ezagutu nahian. Kike eta biok haraino joan gara. Emakumea oso pertsona irekia da, eta bere senarra altuarekin dabil iparraldean bidaiari. Gernikakoak ditu arbasoak, eta matea edatera gonbidatu gaituzte. Ohiko aurkezpenak eta gero, ostatuan sartzeko eskatu digute, ea karteldegiko argazkien artean euskaldun baten aurpegia ikusten dugun apostu eginez.

Eta bai horixe. Angastacoko ostatuko karteldegian Karlos Argiñanoren argazkiak ageri dira, sukaldariak herrira eginiko bisitan ateratakoak guztiak. Hau sorpresa hartu dudana! Nor eta Argiñano! Hemendik euskaldun gutxi ibilia zela sinestuta nengoen, baina Argiñanoren argazkiek nire ustea ustel egin dute. Ez nekien Zarautzeko sukaldaria Argentinan hain ospetsua zenik. Ziurrenera, berau izanen da Argentinako euskaldunik entzutetsuena, gehienek 'gallego' esaten badiote ere. Tomasek ez du Argiñano gustoko. Orduoro ateratzen omen zen Argentinako telebistan, eta behin, esan dit Tomasek, Francoren aldeko hitzak bota zituen.

Ezequiel eta Mayraren negoziazioei esker, taxia eskuratu dugu, eta Toyota markako furgoneta batetan Los Molinosera abiatu gara. Los Molinosetik Cachira oso distantzia gutxi dago, baina iluntzearekin batera iritsi garenez, eta neka-neka eginda gaudenez, Los Molinoseko kanpinean geratuko gara lotara. Berriz ere, turista bakarrak gara kanpinean. Haragia erosi eta gogotsu afaldu dugu. Kike eta bioi zoluan lo egitea egokitu zaigu.

Link: Espainian jaio eta Angastacon hil zen inka faltsua, testua, gaztelaniaz



ARGENTINAKO IPARRALDEA, ARGAZKI MUNTAIA, Soledad-en musikarekin: