L´AMOUR FATAL

Amaichako zokoetatik pasiatzera atera gara, tamalak eta garagardoa erruz irentsi eta gero. Bi porro erre ditugu hondarrean, pertsonen irudiak diruditen kaktusez inguratuta. Haizeak hare fin zuriska inarrosten du. Ezequielen okurrentziekin parrez zoratzen gabiltza. Gazte irekia da Ezequiel, tabu gutxikoa. Kontent sentitzen naiz sortu dugun koadrilarekin. Kike, Tucumanen ezagutu nuen bilbotarra, Tafin topatu dugu baita ere, eta bi egun barru Amaichan gurekin bat egin nahiko lukeela adierazi digu.


Amaichan bi zakur dabilkigu segika, eta tokiko sasi basamortuan ateratzen zaizkigun animaliak uxatzen dizkigute. Sastraken artean animali ugari bizi da. Kolibriak ikusi ditut, erbiak, arroka batetik bestera salto egiten duten txoriak, arroiletatik pasatzerakoan bala burrunba ikaragarria sortzen duten enarak, perikitoak, sugeak, astoak, zaldiak.


Beste zakurren bat gerturatu orduko gure bi zakurrak kurrixka egiten hasten dira. Euren zaunkekin gringo hauek gureak direla agertu nahi dutela iruditzen zait. Aski ongi badakite gurekin ez zaiela jana faltako. Guk jana ematen diegu, eta beraiek segurtasuna eskaintzen digute. Horixe, zakur eta gizakien arteko tratua.


Kanpinean afaltzen ari gara. Kanpina oso zikina da, eta merkea, gu gara bezero bakarrak. Oporraldiak iragan dira eta negua ate joka dabil Argentinan. Sabel borobileko nagusia sukaldean ari da lagunekin kartetan, mozkorraren mozkorrez. Zakur saldoa dute oinetan jostari, eta noizbehinka ostikadaren bat edo beste ematen diete. Zakurrak beldurgarriak dira, eta horietariko bi Rotweiler arrazakoak. Gure bi zakurrak urrutira gelditu dira gu atera zain.


Afaldu baino lehen harrikoa egin behar izan dugu. Karbono 14aren proba egin beharko litzateke zartagiak noiztikan garbitu ez dituzten kalkulatzeko. Mayrak papa pastela prestatu digu, Xaviera siestan dagoen bitartean. Mayrari prestaketan lagundu diot, halakoetan normala den legera, prestu baino prestuago, morroi baten gisara, bai guana. Afarian eztarria bustitzearren herriko dendatxo batetan ardoa erosi dugu, merkeenetariko bat, 'El Vasco Viejo' markakoa, nire sentiberatasuna areagotzeko nahikoa. Botilan euskaldun zahar bat ageri da txapela eta guzti. Pastela oso goxoa dago, papa-haragi txikitua-papa-haragi txikitua-papa, eta giroa aparta da benetan. Euskaldun zaharraren etiketa geroz eta lanbrotsuagoa dakusat.

Ezequielek Palma Mallorkan egiten du lan, eta orain oporretan dago. Tomasen aita Valentzian ari da lanean ere.

Iduri du Ezequiel Xaviera berotu nahian dabilela, baina ni ez naiz jeloskorra jarriko. Are gehiago, poztuko nintzateke saria eskuratuko balu. Koblakari hiritarra da Ezequiel eta jada kontaktu ugari egin ditu Amaichan. Folklorea maite du, eta bidaiari zukua ateratzen badaki. Argentinako iparraldean oso ohikoak dira peñak, zeinetan koblakari eta musikariak mahai baten inguruan elkartzen diren. Eta gu, Jael-Mayra-Ezequiel-Tomas eta bostak, bertara joan gara gure informazio iturriari jaramon eginez. Xaviera kanpinean gelditu da. Ezequielek xuxurlatu didanez mutilarekin utzi berri du eta oso gogoetatsu omen dabil.

Peñan sartu bezain pronto parrez hasi dira mahaiaren inguruan eseritakoak. 'Motxileroen zakurrarekin' gatozelako hasi dira parrez. Zakurra uxatzen ahalegindu dira, baina gure azerri marroiska mahai azpian izkutatu eta errezitaldi osoa aditzeko aukera izan du.

Koblakariak zapia eta sonbrero txuria darama, eta eskuan ez zaio ardo basorik falta. Oso parregarria da, eta errima eta kontakizunen artean gure bihotzen mugak biguntzen ditu. Ondoan kitarra jolea dauka. Kitarrarekin dabilena galiziarra da, eta musika tresnarekin erakusten duen erdipurdizko habilezia sentimenduak komunikatzeko ahalmen zoragarriarekin osatzen du. Abotsa urratua dauka, apurtua, eta chacarera kantuekin oso goxo nahasten zaio :'Qué se puede hacer, amigo mío, qué se puede hacer con el amor?'. Gallegoak begi urdinak ditu eta gorra darama, bisera atzekalderuntz paratua. Parrez ari da uneoro, koblakariak bertso eta txisteak arilkatzen dituelarik. Gaua laister iragaiten ari da, nahi baino azkarrago.


Ostatura itzuli eta Xaviera iratzarri egin da. Begiak mantsokiro igurtzi eta bi bonbila beltzekin erasotu egin nau. Denak ohatzera joan dira eta Xavierarekin bakarrik utzi naute, nahita. Urduri nago. Ez dakit nola jokatu. Ez diot apenas ulertzen baina buruarekin men egiten dut, esaten duen guztiarekin konforme egongo banintz bezala.

Zeruko sabaia izarrez josita dago. Izarrek komedia erromantiko baten bonbilak dirudite, eta ni komedietan ohikoa den bufoi erridikuloa sentitzen naiz. Iruditzen zait nire bizitzan sekula ez dudala aldiberean hainbeste izar ikusi. Tomas pixa egitera atera eta eskuarekin keinu bat egin dit, aukera badudala adieraziz.

Xavierak izarrak hobe ikusteko kanpinetik urrutiratu gaitezkeela esan dit. Bihotzak eztarritik atera nahi du. Zer esan nahi du honekin? Izarpean eseri gara eta hizketan jardun gara. Emakumeak esaten duena ulertzeko egiten ditudan esfortsuek lurrean etzan ahal izateko unea galerazten didate. Redios. Zakur motxileroak hautsi egin du pilatutako tentsioa. Gure atzekaldean luze-luze egokitu da, eta aurreikusita neukan mugimendua galerazi egin du. Nire plana bertan behera gelditu da, eta ez daukat B planik. Huts egin dut, eta Xavieraren ahotik ezinbesteko hitz madarikatuak atera dira:

-Lokartzen ari naiz, nik uste lotara joanen naizela.