MUNDUKO ZILBORRA


Cuscora iritsi gara eta Waynapata karrikako ostatu xume batetan utzi ditugu motxilak. Egun franko daramatzagu koadrilan eta lehenengo liskartxoak sortu dira, garrantzirik gabekoak. Geroz eta gehiago ezagutzen dugu elkar, konfidantza geroz eta handiagoa da, eta haserraldiak naturalak dira, ezinbestekoak. Latza da bost zaldien arteko elkarbizitza.


Ostatuko jabeak Elorriaga abizena dauka eta mendez mende aberastasunak galduz joan den familia baten oinordekoa da. Ostatua oso zaharkitua dauka, XVIgarren mendeko hezurdurek zutik diraute eta sukaldean ez da orduz geroztik inolako birmoldaketarik egin. Sentsazio berezia daukat XVIgarren mendeko sukalde honetan gosaltzen ari naizela, zer eta Philips likuadora batekin prestaturiko papaya zukua.

Link: Cusco 1934ean, bideoa, gaztelaniaz.




Zoluak harrizkoak dira, zutabeek iraganaren gauari eusten diote eta sarrerako atetzarrak koloniaren garaietara narama.


Eta Elorriaga jauna ispiratua dago, antza, eta euskaldunei buruzko galderak egin eta gero, ordu erdira, prestamoek eta bankuek itotzen dutela aitortu digu. Honekin gutxi balitz, jarraian emaztea iritsi da, kazetaria eta senarra baino are ispiratuagoa. Udaletxearekin lan egiteko asmoa duela-eta, era guztietako detaile hutsalak eman dizkigu. Kanpora arnas bila atera gara.


Cusco oso hiri ikusgarria da, inoiz ikusi dudan hiririk politenetarikoa, inken eta espainolen eredu artistikoak uztartzen dituen hiria.


Plaza de Armas izeneko enparantza nagusiak xarma berezia dauka. Ostera parrandan aurkituko ditudan turistak paseoan ikusten ditut, lasai ederrean. Orduak eman ditut Plaza de Armasen jendeari so. Lagunak egin ditut, marihuana eskaini didate, kokaina, ontto lisergikoak, musuak eman ditut, desfile militarrak ikusi ditut, indijenen dantzekin gozatu ahal izan dut eta, motxila denboraldi batez garraiatuko ez dudala jakinda, sorbaldaren gogortasuna arindu zait.


Estrainekoz, meza entzuteko deliberoa hartu dut. Indiarrak, euren jantzi dotoreenekin, katedralera sartzen ikusi ditut eta arrazoi honengatik ernetu zait fedea. Ez naiz tenplu erlijiosoetan eroso sentitzen, arrotza sentitzen naiz eta balio artistikoari ez diot sobera erreparatzen. Gaurko honetan ezberdina izan da. Elizkizuna ketxuaz eta gaztelaniaz eman dute, eta indijenek benetazko fedea erakutsi dute, fede itsua. Seriotasunez eta errespetuz jarraitu dute elizkizuna.



CUSCO-KO ARGAZKI MUNTAIA, Alboradaren musikarekin: