SALTA, ARGENTINAKO LOREA

Cachin hiru egunez ibili ostean Saltara joateko deliberoa hartu dugu. Laister koadrila desegingo da, eta Salta hiriburura parranda egitera goaz, espreski. Beste garraiobiderik ezean, auto estopez atera behar izan dugu Cachitik. Kikek, Jaelek eta Ezequielek lehenengo kotxea hartu dute, eta gauean elkartuko garela opa eginez esan digute agur. Tomas, Mayra eta hirurok 'morocho' zakurrarekin gelditu gara zain.


Orduak eman ditugu eguzkipean, inolako trafikorik gabe, eta ostatura esku hutsik itzultzekotan gaudelarik kotxe gorri bat gure aurrean geratu da. Morochok kotxean igotzeko ahaleginak egin ditu eta, horretan dabilela, kontrako norabidetik datorren beste kotxe batek kolpea jo dio ipurdian. Negarrez hastekotan izan naiz, hain nabil sentibera! Urrutiratzen ari garelarik morochoren irudia ortzemugan galduz joan zaigu. Adio morocho, adio.


Injeniari batek hartu gaitu kotxean. Ederki ezagutzen du zonaldea, eta noizbehinka kotxea frenatu eta azalpenen bat ematen digu. Bidean zehar ez da apenas herririk eta bihurgunez beteriko portu luze bat jeitsi dugu, gidariak ezdakitnoiz autobus bat errepidetik atera eta amildegitik behera erori zela esaten digun bitartean.


Iluntzen ari du eta Tomas ixilik dago. Gidariaren emaztea Juan Carlos Rodriguez, Saltako presidentearen idazkaria da, eta presidentea Menemzale porrokatua da. Hor dago koxka. Tomasek ez du iskanbilarik sortu nahi eta ixiltasuna aukeratu du. Finean, emaztea presidentearen idazkaria bada ere, senarrak ez du horretan zerikusirik, eta, inportanteena dena, ezin gara bide erdian gelditu.


Saltara iristen ari garelarik, gidariak tabako lursail zabalak seinalatu dizkigu. Kanariarrak izan omen ziren tabakoa Saltaraino eraman zutenak.
Gidariak, hiribururaino hurbildu bakarrik ez, taxi zerbitzua eskaini eta ostaturaino lagundu gaitu. Saltako burdinezko farolak, esan digu agurtu aitzin, beronek diseinatuak dira.

Historikoki, Tucuman zonaldeko hiririk garrantzitsuena izan da. Denborak aurrera egin ahala, berriz, Saltak izugarrizko hazkundea ezagutu du, eta Tucumani lekukoa hartu dio. Saltan ez da Tucumanen adina unibertsitate, baina pobrezia ez da hain agerikoa. Zentroaldea turistentzat egokitzen ari dira, eta itxura klasikoko farola berriak dira horren adierazle. Eskerrak emanez esan diogu agur injeniari jaunari.

Ostatua lepo beteta dago, eta txiripaz bideo-gelan lo egiteko baimena eman digute. Atean itsasitako kartelan bideo-gela dio. Kartelari buelta eman eta 'suite nupcial' irakur daiteke. Suite ederra da, eta gainera bideoa eskura daukagu.

Ordubete barru festa iragarri dute ostatuan, eta Kike, Jael eta Ezequielekin bilera labur bat egin eta gero, bideo-gelan Tomasek, Ezequielek eta hirurok lo eginen dugula adostu dugu. Lurrean lo eginen dugunez, gure gela merkeago aterako zaigu, eta nahi dugunean pelikularen bat ikusteko aukera izanen dugu.

Dutxa hartu beharrean gaude. Alarma piztu da zapatillak kendu eta lehiorik gabeko koartoan kiratsa zabaldu denean. Ez zaigu gehiegi axola. Ezequielek usaiaren kontrako hautsak bota dizkigu zapatilletan.

Haragia erreko dute gaur gauean ostatuko patioan, eta ondoren Balcarce karrikara joateko asmoa dute. Egundoko giroa omen dago karrika horretan, halaxe agindu digute. Goapo jarri beharko.Iñork ez daki zer gerta daitekeen... Itxaropena, behinik behin, ez dut galduko.


Tabakoa erostera irten eta beste pobre bat gerturatu zait goxokiak saldu nahian. Pena handia eman dit, eta parrandan atera baino lehenagoko tentsio samurra errealitate zaplasteko batekin zapuztu egin dit. Arropak guztiz hondatuta dauzka, aurpegia zimaurrez betea, eskuak zikinak eta latzak, hortzik gabe ahoan, kiroletarako zapatilla zulatuak... eta goxokien salmenta du lanbide.

Hitzegiten hasi gara, artean mentazko goxoki bat dastatzen dudalarik. Tucumaneko parkean ezaguturiko pobrearen legera, gixajo hau ere sekta baten barruan dabil. Ez dut zalantzarik. Jaungoikoak gure patua zuzentzen duela argitu dit berak ere, eta ea mezara joaten naizen galdetu. Ez dut erlijioaren gainean sakondu nahi, ostatuko parranda hastear dago, beste hiru goxoki erosi ditut, eta elkarri agurtu egin diogu.

-Jaungoikoak bidaian lagun zaitzala, vasco!