CUI UNTXIAK GURE OINETAN

Hau da hau pasatu dugun gaua! Ostatuko nagusiak kui untxiak hazten ditu eta gau osoan zehar entzun izan ditugu untxi pisuak ohe azpian mugimendu azkarrak eginez. Honekin gutxi balitz, euli batalloi batek erasotu gaitu eta larrua ziztadez josia daukagu.

Link: Cui untxia, testua, gazteleraz.

Aurreratu diguten bezala, goizeko lauretan puntu-puntuan konbia ostatuaren aurrekaldean zai daukagu. Hilbera da, Santa Teresa ilun dago eta oilarren kikirikiak aditzen dira bakarrik herriko karrika hutsetan. Martinek motxilak furgonetaren goikaldean paratu ditu eta jendea sartzen hasi da.

Guiness errekorra hautsiko dugulakoan nago. Ez nekien Nissan Vanette batetan zenbat jende sar zitekeen; orain, bai. 22 pertsona, eta 22 pertsonen zamak. Bakoitzak ahal izan duen bezala egin du leku furgonetaren altzoan. Niri, zutik eta konkorturik joatea egokitu zait.

Hiru orduz luzatu da bidai nekagarria, lurrezko errepide batetik barrena. Nahitaez ondoan dudan gizonarekin hizketan hasi beharrean izan naiz, bere hatsa nire aurpegian sentitzen baitut. Irakaslea da eta 1998an zonaldean gertaturiko triskantzaren berri eman dit. Urte horretan, izan ere, izotzak barrera moduko bat egin zuen Urubamba ibaian, eta urtu zelarik harri eta ur uholde ikaragarria eragin zuen, bailara osoa desegin zuena. Wayko esaten diote inguruotan naturaren fenomeno honi.

Waykoa arratsaldeko zazpiretan gertatu zenez, herritar gehienek mendi magalean babes hartzeko denbora aski izan zuten. `Murieron los viejesitos que vivían solitos'. Suntsipena erabatekoa izan omen zen. Quillabambara iritsi aurretik Waykoaren ondorioz trenbidea tolestuta geratu zela ikusi dugu, eta bagoiak, jaungoikoen jostailuak bailiran, nonnahitik ihaurri egin ziren.

Link: Waykoak, testua, gazteleraz.



Quillabamban hamaiketakoa hartu dugu. Beste zazpi ordu ditugu Cuscora iritsi ahal izateko eta Santa Teresan ez dugu gosaririk hartu. Geltokiko tabernan gaude, erdi lokartuta, lehioaren bestaldean haur bat keinuka ari zaigula ikusi dugunean. Haurrak ez digu dirua eskatzen. Eskua luzatu beharrean ahora eramaten du, zeozer jan nahi duela adieraziz. Bokadilloa eman diogunean haurrak ez du eskertu. Nekatua antzematen zaio. Begietan ez zaio bizitasunik nabari, bokadilloan pentsatzen du bakarrik. Hantxe utzi dugu, platerraren aurrean, keinurik gabeko haur gixajoa. Ez gaitu agurtu. Ez gaitu joaten ikusi ere egin.