LAS LOCAS

Buenos Airesen oso ohikoak bihurtu dira pobreziaren ikurrak, eta honek eragiten dituen protestarenak. Piketeroen ekintzak etengabeak dira, eta bi alderditan zatitua dago gizartea: piketeroen borroka ongi ikusten dutenak, eta piketeroak gorrotatzen dituztenak. Bi mutur hauen artean ez da apenas komunikaziorik, bi galaxia ezberdinetan bizi dira, eta segurtasun neurri gehiago aldarrikatzen dituen mezu ideologikoa azkar errotzen ari da gizartearen sektore handi batetan.

Kongresuaren inguruan nagoela, Maiatzeko Amen Unibertsitateko errotulo txuri-urdiña ikusi eta bertan sartzea otu zait. Kafea hartu dut, croissantekin, ikasle eta irakasleen joanetorriak zelatatzen ditudan bitartean. Handik minutu gutxira, sekreta naizela pentsatuko ote dutela-ta, paranoia sartu zait.

Link: Maiatzeko Amen Unibertsitatea

Unibertsitatea atzean utzi eta akanpada bat ikusi dut gertuan. Demokrazian ere seme-alaba ugari desagertu egin direla salatu didate bertan:

-Zure seme-alaba non lurperatu duten ez jakitea bezalakorik ez dago. Okerragorik ba ote? Hilik ote dagoen, bizirik, bide bazterrean ehortzita, preso... Ongi dago Maiatzeko Amen protesta, baina demokrazia deritzoten garai honetan ere jende nahikoa desagertu da. Hantxe -Kongresua seinalatu dit emakumeak-, gaizkileen arteko konplizitateak bermatzen dituzte, denak inplikatuta daude, epaile garrantzitsuenetatik hasita eta hiltzaile xumeraino. Nire semea -esan dit amak erdi negarrez- poliziaren barruko asunto itxusi bat salatu zuelako desagerrarazi zuten.

Matea eskaini didate agur esan aurretik. Bueltan Corrientes karrikako bankuetxetatik pasatu naiz. Gotorlekuak dira, burdinezko gazteluak. Hesi metalikoez inguratuta dituzte egoitzak, eta ateak margoz zikinduta daude: Devolveme mi plata. Chorros. Yo metí dólares, yo quiero dolares.

Peruarra dut alboan. Ezeroso nabil. Arroz platerra basatia bailitzan jaten ari da. Bidaizalea da, irakasle ohia, eta erakusten duen hitz-jarioa geroz eta jasanezinagoa egiten ari zait. Denetatik daki, eta artega jartzen nau, nire ezjakintasunak agerian uzteaz gain, toperik ez baitauka. Hobe moldatzen naiz gutxiago dakitenekin. Beti kexuka dabil, hemen gaizki tratatzen dutela, han ezdakitzer karneta eskatu diotela, hemen gehiago kobratzen diotela, han... Konplexu ederra dauka. Peruarra izateagatik zokoratzen dutela dio. Eta ez, ez dut esaten hala izango ez denik, baina gehiegizkoa da bere psikosia, patologikoa.

Ostatuko patioan nago, abailduta, nire logelako argentinarrak, Eduardok, eztulka eman baitu gau osoa.

Ikusten ari naizen guztia arrapaladan urtzen ari da nire memorian. Ez naiz Buenos Airesen gaizki sentitzen. Argentinar nahiz euskaldunek, gutxi goiti beheiti, hizkuntza berbera darabilkigu, mundu sinboliko berean mugitzen gara, mendebaldeko herrien mundu sinbolikoan.

Boteprontoan esanda, irudi negatiboak dira gehien berenganatu ditudanak: arratsalde partean kartoi bila datozen familiak, zubipean lo egiten duten gixajoak... Badakit ez dela bidezkoa Buenos Aires soilik irudi negatiboei atxikitzea, eta gezurretan ibiliko nintzateke hala egingo banu. Idazteko orduan, alta, oroitzapen horiek datozkit, eta ezin ditut ebitatu. Gaur, eguerdiko 12etan, zubipean, ama eta bere semetxoa lotan ikusi ditut. Eguzkiak gogoz jotzen zuen, eta beraiek koltxoietan zeuden, agerian, zubiak eskaintzen zuen itzalpean lo, luze-luze etzanda. Eta niri den dena hain merkea iruditzen zait...

-Otra Coca-cola, Ignacio?