KOADRILA DESEGINDA

Iruyak Boliviarekin muga egiten du eta ez du Argentina europearrarekin zerikusirik. Aldapa pikuetako herri bat da, etxeak zuriz margotuta daude eta zolua harrizkoa da. Herritarrek aurpegi indijena dute eta ketxua hizkeraren musika aditu daiteke. Astoen gorotzek karrikak gotelez margotu egin dituzte.


Honaino ekarri gaituen autobus koloreduna eliza katolikoaren aurrekaldean gelditu da. Gertu, jatetxe moduko bat dago, ttikia baino txukuna. Hementxe bazkalduko dugu. Bueltako autobusa ordubete barru aterako da, eta egunean ez da beste zerbitzurik.


Iruya herri ttikia da, baina pena ematen digu halako bidai luze bat egin ostean herrian hiru ordu besterik ez ematea. Jatetxeko sukaldariak Iruyatik bi ordutara, oinez, San Isidro izeneko herriska bat dagoela esan digu. Bertara joaterik badugu. Tilcarara biharko autobusean itzuli gaitezke. San Isidrora? Goazen San Isidrora.


Bidea liluragarria da. Arroila handi baten erditik goaz. Bi aldetara mota guztietako koloreak dituzten harkaitzak ageri zaizkigu. Eguzkia emeki-emeki sartzen ari da, eta izpiek arroken polikromiarekin jolasten dute. Kontent goaz. Noizbehinka ketxuaren batekin topo egiten dugu. Astoekin datoz, ixilik, eta aldamenetik igarotzerakoan leuntasunez agurtzen gaituzte. Bidea espero genuena baino gogorragoa gertatzen ari da. Zatirik handiena ibaiaren harri borobiletan dantzan eman dugu, eta ondoren amildegi batetik ibili gara, harik eta, iluntzearekin batera, San Isidrora iritsi garen arte.


Vicky xarmantak bustita ditu galtzak, ibaia gurutzatzerakoan erdian erori baita. Ez du menditik ibiltzeko ohiturarik eta neka-neka eginda dago. San Isidron ez da elektrizitaterik eta gaua bete betean harrapatuu gaitu. Karrikak ilun daude eta Vickyren galtzak, hezeak. Gustora egin dugu parre bere kontura, berarekin.


Iruyako jatetxean, San Isidrora iritsita Teresa Mamaníren etxera joan gaitezkeela esan digute. San Isidroko karriken laberinto ilunean 20 minutuz ibili eta gero, Teresaren etxearekin jo dugu. Eskerrak Kikek buruko linterna ekarri duen.

Teresak afaria prestatu digu: arroza txuria, arraultz bat eta bi azenario. Hain nago nekatua, ezen afaria ezin goxoagoa iruditu baitzait. Afaldu eta tea hartu dugu, argizariek sortzen duten giro berezi horren barruan. Kikek kopetan daraman linternak argizarien giroa zapuzten du, baina ez diot ezer esanen.

Lurrean koltxoiak paratu eta, oheratu baino lehen, Ovando eta Teresaren bi semeekin jolastu dugu. Andeetako giroak haurren aurpegiak erre ditu, eta euren portaeran agerikoa da telebistak kutsatu gabeko haurrak direla. Nortasun bereziaz hezituta daude. Haur libreagoak dirudite, naturalagoak, benetazkoagoak. Hotzak gaude San Isidron.


Argentinako ipar-mendebaldean zakur ugari izan ditugu lagun, eta Amaichako mochilero eta Cachiko morocho dira nire memoria murritzean gehien irauten dutenak. Tilcarara iritsi garenetik beste zakur bat izan dugu orpoz orpo, 'gordito'. Zakur emea da, handia, iletsua, gorriska, eta herriko beste zakurrekin alderatua arras ongi elikatua dagoela nabari zaio.

Zakur bitxia da gure gordito. Ez da beste zakurrekin sesioan hasten, eta hortzak erakutsi eta berehala, hamar metrora uxatzen ditu guztiak. Mugitzen delarik ipurdi polita duela dakien emakume baten trazak hartzen dizkiot.


Orain, Tilcaran elkarrekin zazpi egunez ibili ostean, herria agurtzera goazenean, ez gaitu aldapan behera jarraitu. Iritsi ginenetik beti alboan izan dugu gordito, baina motxilak bizkarrean ikusi gaituenean ez etortzea erabaki du. Badaki betirako goazela. Seguruenera, beste motxilero baten bila arituko da, gringo berriak harria edo ogi puska noiz bota zain.


Giroan tristeziaren usai berezia igerri daiteke. Gaur, azkenengo eguna izanik, Tilcarako Pucara edo inken aintzinako hirira joan gara. Tristeziak mingainak jan dizkigu. Mintzul gaude. Ohartzeke, hilabete luze batez osatu dugun familia hautsiko da. Ostatura itzuli eta motxilak berriz betetzeko lan nekagarriari heldu diogu. Kike eta biok negar egiteko zorian gaude Tilcarako plaza nagusira gure motxilak garraiatzen ari garelarik.


Artisauak euren produktuak saltzen ari dira, eta gu belardi idor batetan eserita gaude, pentsakor. Kike eta biok Humahuacara joko dugu, Cachin ezaguturiko beste euskaldun batekin, Mikel pasaitarrarekin, elkartu, eta La Quiacatik Bolivian sartzeko xedeaz. Beste bidaikide guztiak Buenos Airesera itzuliko dira.


Ordua dugu eta Vicky gaztetxoa negarrez dago. Vicky oso neska polita da, eta keramikazko panpin batetan malko getzak labaintzen ikusteak are gogorragoa egiten du momentua. Besarkaden tenorea iritsi da, eta bihotzeko minez, banan banan, nire lagun guztiak agurtu ditut.


Sentimenduak gau ta egunez partekatu eta gero hala suertatzen dira agurrak. Batek daki, baliteke honakoa behin betiko agurra izatea, orain kontrakoa pentsatu nahi badut ere, batek daki. Buruak ahalmen zoragarriak dauzka. Laister beraiekin elkartuko naizela pentsatuz esan diet agur, eta ziri honekin lasaitu egin da nire ezinegona.

Burua jiratu gabe, bada, Tilcarako bus geltokirantz abiatu gara, goibel baina urrats tinkoak emanez. Geltokian isiltasuna nagusitu da, Buenos Aireseko neska gazte batekin solasean hasi garen arte. Bere kamiseta estuan ditiburuak nabarmentzen zaizkio, eta masajista dela esan digu, eta, tira, halakoak gara gizonak, momentu batez bederen, gure samina alboratua gelditu da. Emakumea oso arraroa da zinez. Arraroa bezain polita. Autobusera igo eta eserlekuaren zulo beltzak norberaren gogoetak irentsi ditu.