INURRIEN HIRIA

Cochabambatik La Pazera jo dugu. Errepidea moztuta izanen zela beldur ginen. Bart autobusek Oruron buelta eman behar izan zuten, piketeak aurrean zituztela. Aste osoan zehar La Pazen nekazari, meatzari edo irakasleen blokeoak izan dira. Jakin ahal izan dugunez, badira bi aste meatzari batek legebiltzarraren aurrean bere buruaz beste egin zuela, gainean zeraman dinamitari su emanez. Meatzariak bere burua, eta bere familiarena, galduta zekusan, meategietan lan beltza egin eta gero, gobernuaren erabaki batek jubilazio ordainik gabe uzten baitzuen. Giro politikoa oso bero sumatzen da, lehertzear.

Gaueko ordubatetan iritsi gara La Pazera. Zuzenean taxiz ostatura joan gara, Iratxek eta Huevok emaniko helbidera. Larunbata da eta mozkor pila ikusten da karriketan, eta putak, eta pixa usaia, eta zaborrak, eta poliziak.


La Pazek itotzen nau. Kotxeen klaxonak, kea, aldapak, erletokiak diruditen auzoak, altuera, hotza, pobrezia, jendetza... Onartu beharra daukat, baina, La Paz ezagutu aurretik ere itotzen ninduela. Eta nire aurreikuspena errealitatean baieztatu besterik ez dela egin.

'Mercado de hechicería'-en izan naiz gaur, postu batetan aspertuta dagoen emakume indiar batekin hizketan. Llamen kumekiak etxea eraiki baino lehen lurperatu behar direla esan dit, familia berriari zoriona ekarriko baitio. Basakatuen larruak erakutsi dizkit ere, ahalmen sexuala indartzeko landareak, loreak, dirua lortzeko botikak, senarra berreskuratzeko pilulak, Brasiletik ekarritako edabe miragarriak...

Link: Mercado de Hechicería, La Paz, bideoa.

Aldapak bukaezinak dira, eta karriken artean internet edo bideojokuetarako-gelak tartekatzen dira. Zarata lehiaketa dirudi. Haurrak bideojokoekin dabiltza eta tekno edo kunbia musikarik zakarrenak, dunba-dunba-dunba, belarriei min egiten dit. Argentinan bezala, Boliviako gazteek izugarri maite dituzte interneta eta bideojokuak, eta egunez gela hauetan sartuta ibiltzen dira asko.

Cumbiaren hots errepikakorrak Boliviako izkina guztietan aditzen dira, euren letra xalo eta zentzugabekoekin. Eta La Paz izkinen hiria da. Izkina batetan trafikoko polizia batek semaforo baten bi hariak eskuekin hartu eta kontaktoa eginez semaforoari kolorea aldatzen dio. Beste izkina batetan zapata garbitzaile gazteek euren zerbitzua eskainiz nire zapatillak seinalatzen dizkidate, buruak pasamontañas baten atzean izkutatuta dituztela. Beste izkina batetan begietan geruza zuri bat duen itsu batek airea apurtzen du bere bastoiaren laguntzarekin, La Pazeko marabuntan barrena. Beste izkina batetan telefono mugikorra kate bati lotuta duen kamiseta fosforitoko emakume batek, boliviano baten truke, deiak eskaintzen ditu. Beste izkina batetan ama batek lokartutako semea besarkatzen du esku ahurrarekin dirua eskatzen duen bitartean. Bai, La Paz izkinen hiria da. Etxe multzoekin inguruetako mendiak adreiluaren kolore laranjaz mozorrotzen dira, eta izkinekin, pertsonak.

Austria izeneko ostatu batetan gaude, Yanacocha karrikan, La Pazeko bihotzean. Koartoan Klagenfurt hiriko argazki bat eskegita dago, Alpeetako mendiak urrutira ikusten direlarik. Ostatua oso txukun dago, txukunegi hain merkea izateko. Nazien Alemaniatik ihes egindako militar batena dela apostu eginen nuke, Boliviak nazi asko hartu zituela baitakit. Baina susmo hutsa da, besterik ez.


Link: Naziak Bolivian, testua, gaztelaniaz.