VASCOAK ETA VICUÑAK

Historiatzaileek diote mendizerratik ateratako zilar guztia batzea lortuko bagenu, Europa eta Amerika lotuko lituzkeen zubi bat eraikiko genuela. Beste historiadore batzuek, meategietan hil ziren indiarren hezurrekin antzeko zubi bat altxa litekeela.


Potosik 100.000 biztanle eskas ditu, 1650 urtean baino 60.000 gutxiago. Orain hiru mende Amerikako hiririk handiena zen, baina metalen desagerpenarekin batera gainbehera etorri da. Indiarrak jada ez dira auzo bananduetan bizi, eta espainolak etorri baino lehen zegokien lurraldea berreskuratzen ari dira. 4000 metroko altueran kokatua, altiplanoaren bizibaldintza gogorretan, zilarrak eta diru-goseak justifikatu zezaketen bakarrik Potosiren esistentzia.

Apika, turismoak har dezake orain zilarraren lekukoa. Turistok, baina, nahiago ditugu ongi zaindutako hiriguneak, lasaiak, eraikinak berrituta dituztenak, taberna zainduak dituztenak... Hilik dauden hiriak, hiru hitzetan esanda. Eta Potosí ez dago hilik. Potosi hiri zaratatsu eta zikina da. Kotxeek Alde Zahar estua oldean gurutzatzen dute eta oinez gabiltzanok izkin egiten ibili behar dugu, erne, etenik gabeko abenturan.
Konbiak bigarren eskukoak dira, Koreatik edo Japoniatik ekarriak, eta ondotik pasatzerakoan txoferraren laguntzaileak garrasi betean hasten dira bezeroak lortzeko lehian. Haurrak ahoa zabaltzen du eta buruz ikasitako lekuen zerrenda botatzen du: San Franzisco, zementerio, Casa de la Moneda. San Franzisco, zementerio, Casa de la Moneda.


Zerua kablez josita dago eta hariek ehun erraldoia osatzen dute. Izkinetan, saltzaileek pilak edo bizarra zuritzeko makinak saltzen dituzte. Eta kotxeak. Eta elizak. Eta beste kotxe bat. Eta jabonsillos, compre jabonsillos. Eta San Franzisco, zementerio, Casa de la Moneda. Eta beste kotxe bat. Eta jendea. Eta deme una monedita para comer.


Karriken artean izkutatuta inoiz euskaldunen biltoki izandako eliza bat dago. Rosarioko Amabirginaren irudia gordetzen dute barruan.
Koloniaren garaian euskaldunek merkurioa kontrolatzen zuten, zilarra bereizteko erabitzen zen lehengaia, eta hiria bi bandoetan banatua zegoen: Vicuñak eta Euskaldunak. Espainolek 'vicuña' ezizena jasotzen zuten, eta gehienak Extremadurakoak, andaluziarrak edo Amerikan jaiotako espainolen seme-alabak ziren. Vicuñak euskaldunen monopolioa hautsi asmoz altxatu zirelarik, gatazka odoltsua piztu zen. Espainolen garaipenarekin, euskaldunei amabirgiñaren irudia ateratzeko debekua ezarri zieten. 30 urtez euskaldunek ezin izan zuten Rosarioko Amabirgiña prozesioan atera.

Link: Vascos y Vicuñas, Alberto Crespo, liburua, gazteleraz.

Potosiko anabasaren barruan Casa de la Moneda izeneko irla bat dago, zeinean Espainiako koroak  Inperioko txanponak lantzen baitzituen. Egun, Bolivian erabiltzen diren txanponak Espainian egiten dituzte, eta bileteak, Frantzian.

Casa de la Moneda, indijena eta morroi beltzen bizibaldintza kaskarren lekukoa izan zen etxea, museo lasaia da, txuri-txuria, ederki zaindua.

Koloniaren garaian, Espainiak milaka morroi ekarri zituen Afrikatik, meatokietan lan egin zezaten. Beltzen artean asko hain ziren altuak ezen ezin baitzuten meatokietako zulo txikietatik barrena sartu. Indijenak, sei eta zortzi miloi artean, meategietako zulo ilunetan hil ziren; beltzak, Casa de la Monedaren sauna jasanezinean. Zilarra 960 graduko tenperaturan urtzen zuten, astoek, izerditan blai, tornuak jiratzen zituztelarik. Tresneria mugitzeko erabiltzen zituzten astoak batazbeste sei hilabeteko bizi iraupena zuten.

Link: Beltzen morroitza Potosin, testua, gaztelaniaz.

Patioaren sarrera-arkuaren erdian, Gaztelako armarria eduki zuen hutsunean, maskara handi bat dago. Maskaran europear itxurako emakume bat ageri da. Emakumeak sudur luzea du, begi berdeak, eta farrez ari da. Artista frantziar batek margotu omen zuen irudia, eta gizakien zikoizkeria isladatzen omen du.


Leiendak dioenez, espainolak iritsi baino 83 urte lehenago, Huaina Capac izeneko inkak menpekoei Sumaj Orcko (mendi dotorea, ketxueraz) esploratzeko agindua eman zien. Mendizerran zeudela, eztanda handi bat aditu zuten, mendiaren erraietatik ateratzen zena. Abots sendo batek zilarrik ez ateratzeko agintzen zien, beste batzuendako izan behar zuelakoan.

Beste kondaira batek dio Diego Huallpa indijena izan zela zilarrezko lehenengo beta aurkitu zuena. Diego Huallpa mendian galduriko llama batzuen bila zebilen. Berandutu egin zitzaion eta mendian lo egitera gelditu zen. Lokartu aurretik sua piztu zuen, eta esnatu zelarik suak zilarra urtu zuela konprobatu zuen.

Link: Potosiko historia laburra, testua, gaztelaniaz.



Legendak kontrakoa badio ere, zientifikoki, ezinezkoa omen da su arrunt batekin zilarra urtzea. Baina egia da, hasiera batetan behinik behin, zilarra Cerro Ricoko kanpoko geruzatik bertatik ateratzen zutela, eta, egia da ere, 1545etik 2004ra dinamitak nonnahitik zulatu egin duela mendia.

POTOSI TA CUSCO, ARGAZKI MUNTAIA, Uchpa taldearen musikarekin: