MILAGROS

Arratsaldea herritik ibiltzeko probestu dugu. Izenak ongi adierazten duen legera, San Agustin del Valle Fertil zonaldeko oasis berdea da, eta jendeak bertakoak baikinan agurtu egiten gaitu, adeitsuki.


Denda xume batetan sartu gara. Produktu gutxi dago mahai gainean salgai. Ur botila erosi eta dendariarekin berbetan hasi gara. Omar deitzen da eta zonaldeko haurren irakaslea da. Matea pasatu digu. Alboan Milagros izeneko alaba ttikia dauka, erdi lotsaturik, negar zotinka. Negarrez ari da hortzak hazten ari zaizkiolako, ohar egin digu Omarrek. Milagros izena paratu diote aurreko alaba 2001ean jaio eta berehala hil baitzitzaien. Milagrosek azala txuri-txuria dauka, eta jatorri arabiarreko aitak harrotasunez so egiten dio, edertasunaren irizpideak garailearen azal zuriaren arabera neurtzen diren mundu honetan.


2001eko krisiak erruz astindu zituen Argentinako nekazari guneak. Omarrek 50 peso jasotzen zituen hilean, eta ez zitzaion sikiera motorraren gasolina ordaintzeko iristen. Dena dela, bere eginbeharra bete zuen, inguruetako herrisketan klaseak ematen jarraitu zuen, aldapan behera motorra itzali beharrean izaten bazen ere, gasolina aurreztearen kariaz.

Milagrosi aurrea hartu zion alaba gaixorik jaio zen, eta Omarrek ezin izan zizkion botikak erosi. Etxez etxe ibili zen diru eske, baina San Agustinen herritar guztiak kinka berean zebiltzan. Alaba bere besoetan hiltzen ikusi zuen. Omarrek hoztasunez eman digu bere tragediaren berri, eta Milagrosi irribar batek ihes egin dio. Egoera tristeari irtenbidea ematearren, mahai azpitik Milagrosen hanka eskuarekin hartu eta sustoa eman diot.

Omarren kassetean Duo Salteño musika taldearen doinuak aditzen dira:

Cómo le iban a robar, ni queriendo a don Juan Riera, si a los pobres les dejaba de noche la puerta abierta.

Link: Zamba de Juan Panadero, musika bideoa



Omarrek mendialdean galdurik dauden herrisketan ematen ditu klaseak. Ez ditu ohiko lezioak irakasten. Haurrei barazkiak lantzen, ganaduaren ustiaketa hobetzen edota euren elikadura aberasten irakasten die.


San Agustin hiri pobrea bada, zer esanik ez inguruetako herriskak. Haurrek, maiz, 15 kilometro egin behar izaten dituzte eskolara zaldiz joateko, hauntzak zaintzen ibili ostean. Abailduta iristen dira klaseetara. Omarrek karpetan ikasle eta gurasoentzat interesgarriak ez diren irakasgaiak eramanen balitu, gelako aulkiak hutsik geratuko lirateke.


Omarrek asko estimatzen ditu bere ikasleak, eta hirietako haurren malizia ez dutela dio, ez direla hain kapritxosoak, sanoagoak direla. Sarri, klaseetara etor daitezen, irakasleek produktuak eramaten dituzte eta pastelak prestatzen dizkiete. Egun horietan haurrek ez dute kale egiten.

Aurreko astean, kontatu digu Omarrek, haurrek ea pumak gustoko zituen galdetu zioten.

-Badakizu puma jaten?

Omarrek jakin badaki pumen ehiza debekaturik dagoela, baina pumak ahuntzak akabatzen ditu. Pumak jaten 'ez zekiela' erantzun zien ikasleei. Hurrengo goizean, eskolako mahaiaren gainean, puma baten hilotza aurkitu zuen Omarrek. Ezin ezetzik esan. Puma motorraren eserlekuan libre gelditzen zen tartean paratu, eta herritik kanpo zegoela sastraken artera bota zuen. Hurrengo egunean pumaren haragia ezin goxoagoa zegoela esan zien ikasleei, orain bazekiela puma jaten.


Krisi ekonomikoak, edo argentinarren izakerak, edo biek batera, oso ohikoa egin dute sikologo eta sikiatren irudia: Eduardok alkoholarekin duen menpekotasuna sikiatrarekin hautsi nahi du, Ramirok ere astean bi bider sikiatra bisitatzen du, Arielek ere sikiatrarengana jotzen du. Hirietako karriketan sikiatra hitza inon baino gehiago entzuten da. Martin alemaniarrak agertu didanez, Buenos Airesen New Yorken baino sikiatra gehiago dago. Gizartea sikiatrizatua dago.

Hainbatetan horoskopoarengatik galdetu izan didate Argentinan. Gezurra badirudi ere, signo guztien ezaugarriak ezagutzen dituztenak franko dira hemen. Geminis izanik 'arriskutsua' naizela leporatzen didate, eta tauro batekin oso harreman ona izan dezakedala, edota nire proiektuei jarraipena ematen ez diedala, edota oso abenturazalea naizela, edo bi izakera ditudala, guztiz kontrajarriak. Beno, horoskopoari esker ezertaz ezagutzen ez nauen jendeak nik baino hobeki ulertzen du nire burua.

Aukera dudanean, eta badaezpada, Clarin edota Pagina 12 egunkariak eskuartean ditudalarik, horoskopoa irakurtzen dut, denbora pasa. Egun ona izanen dut gaur. Negozioekin -horoskopoak horretan behinik behin asmatu du- tentuz ibili beharko dut.

San Agustinetik San Juanera bueltan eramango gaituen autobusa goizeko hiru t´erditan da ateratzekoa. Negozioekin kontuz ibili behar dudala iragarri dit horoskopoak. Ez dugu ostatuan beste gau bat ordaindu nahi izan, eta gaueko hamaikak aldera geltokira hurbildu gara, sagar eta laranja batzuk jan eta gero. Lozorroa geltokiko zoluan paratu eta Martin eta biok lokartu egin gara. Aspaldiko partez, San Agustinen euria ari du eta eltxoak gose dira, iratzarri eta nire larruan konprobatu ahal izan dudanez.

Loak hartu gaitu, bada, eta amesgaiztoa izan dut. Ametsean Iruñeko Alde Zaharrean nago, nire anaiarekin batera. Une batetan, Nabarreria plazako iturriaren inguruetatik antidisturbioak oldartu zaizkigu, korrika, espreski gure bila ibiliko bailiran. Harakindegi batetan sartu, eta haragia erosten ari garelako plantak egin ditugu. Antidisturbio biboteduna dendan gure atzetik sartu eta anaiari karrikara ateratzeko agindua eman dio:

-¡A la puta calle!

Gomazko pilotak jaurtitzen dituen eskopeta hartu, bularraren kontra paratu, eta anaiari bete betean tiro egin behar dionean esnatu egin naiz. Erlojuari so egin diot.

-Martin, hiruak eta 25! Autobusa ateratzear da!