ESCUELA MECANICA

Eguna argitu bezain laister joan naiz ESMAra. Hika-mika handiak izan dira ekitaldia hasi eta aurreneko egunetan. Amek baldintzak jarri dituzte agertu aitzin. Ez dute nahi ekitaldia erantzunkizunak zuritzeko tresna bilakatzea, hainbat politikarik bertaratuko direla iragarri eta gero; horien artean Kirchner presidentea eta Aníbal Ibarra gobernadorea.


Piketeroak izan dira lehenik etorri direnak, euren perkusio eta pankartekin, zalapartatsu. Giroa poliki-poliki berotuz joan da. ESMAko eraikina desagertuen argazkiez inguratua dago, eta karteletan militarrek bertan bahitutako emakumeei haurrak lapurtu egin zizkietela deitoratzen da.


1976ko martxoan, izan ere, militarrek Maria Isabel Peron gobernutik bota eta boterearen jabe egin ziren, Latinoamerika osoan bogan zeuden errepresio neurriak ezarriz. Videla jeneralak 'ordena ezartzeko beharrezkoak diren argentinarrak hilko' zituela aurreratu, eta desagerpenak eta bahiketak Argentina osoan barrena zabaldu ziren.


Maiatzeko Plazako Amek euren semealabak non zeuden galdetzeko tramiteetan ezagutu zuten elkar, guztiek ate berdinak jotzen baitzituzten. Astean behin Maiatzeko Plazan elkartzeko erabakia hartu zuten. Militarrek ez zituzten sekula atenditu, eta, ez hori bakarrik, izkutupean amak erasotzen hasi ziren. Azucena Villaflor de Vicenzi sortzailea eta beste 14 kide akatu zituzten horrela, Astiz abizen euskalduneko espia batek emandako informazioari esker, besteak beste. ESMAko atxilotuek kontatu dutenez, Alice Domon monja frantziarra torturatua izaten ari zen bitartean, 'Gustavo'-ren egoeragatik itaun egiten zuen, kezkatua. Ez zekien Gustavo hori Astiz bere salataria zela.

Link: Alfredo Astiz, wikipedia, gaztelaniaz.



ESMAren historia hitsaren baitan, bada, abizenari erreparatuta behinik behin, jatorri euskalduneko beste protagonisten bat. Victor Basterra ESMAn bahitua eta torturatua izan zen, baina onik irten ahal izan zuen bertatik. Argazkilaria eta inprimatokiko langilea izanagatik, militarrek dokumentazio faltsua prestatzeko baliatu zituzten bere ezagupenak. Militarrek ezin zuten imaginatu ere egin Basterrak euren izen eta ezizenak buruz ikasten zituela, eta, gorputzaren barruan izkutatuta, torturatzaileen argazkien kopiak kanpora atera eta gordetzen zituela, inoiz milikoen aurka erabiltzeko itxaropenarekin. Basterraren testigantzari esker ESMAn ibilitako 80 militarren aurpegiak, izenak eta karguak ezagutu ahal izan dira.

Link: Víctor Basterra, testua, gaztelaniaz


Piketeroen atzetik amak bertaratu dira, elkarri besarkatuta. Txalo zaparrada ederra jaso dute, eta euren seme edo alabaren bat desagerrarazi zieten eraikinaren aurrean egokitu dira andereak. Burrunba handia dago, esloganak ahoz aho doaz, eta zurrumurru bat zabaltzen ari da, etorbideko ezker hegaletik norbait badator. Emakume batek 'presidentea, presidentea! ' ohiu egiten du, eta bizkarzainek eta piketeroek izerdi patsetan Argentinako presidenteari bidea zabaltzen diote. Kirchner helikopteroz iritsi da eta Rivadavia karrikatik oinez dator. Alboko zahar batek behatza burura eraman eta 'gizon hau ez dago burutik sano', protesta egin du, jendartean nahasten den neurrian bere burua arriskuan jartzen baitu.


Kirchnerrek, alabaina, laket du jendartean egoteak, eta ESMAn protokoloa hautsi egin du berriro ere. Bizkarzainak nekatu antzean dabiltza, eta jendeak presidenteari eskua luzatzen dio, besarkatzen du, eta aurrera segitzeko animoak ematen dizkiote.

Eguzkiak gogoz jotzen du, eta bertaratutakoak Leon Gieco, Victor Heredia eta Joan Manuel Serrat kantari arituko diren eskenatokiruntz doaz.


Peronismoaren barruan badira korronte ezberdinak. Errepresioan lurperatu edo itsasoratu zituztenen artean batzuk peronistak ziren, joera ezkertiarreko peronistak. Kirchner eta bere emaztea, kasu, ezkerreko korronte horri lotuta egon ziren, eta militarren hatzaparretan lagunak galdu zituzten. Kirchnerrek ESMAn Jorge Rafael Videla diktadorearen koadroa kendu nahi zuen modu sinbolikoan, garai berrien metafora bailitzan, ekitaldia borobiltzeko. Militarren batek gauez aurrea hartu dio, eta istalakuntzak abandonatu aurretik ofizialen gelatik Videlaren koadroa ebatsi egin du.

Kirchnerrek oholtza gainean barkamena eskatu dio herriari: 'Gauzei bere izena jarri behar zaie, eta hemen, zuen baimenarekin, eta ez soilik garai horietan izan genituen lagun eta kideengatik, baizik eta Argentinako presidentea naizen neurrian, Estatuaren aldetik barkamena eskatzera natorkizue, demokraziaren 20 urtetan, gehiegikeri hauen aurrean, Estatua ixilik mantendu baita'.

Txaloak eta gero, presidenteak jarraitu du: 'Argi hitzegin dezagun, ez dira gorrotoa edota haserrea gidatzen nautenak, justizia eta inpunitatearen aurkako borrokak baizik. ESMAren gisako konzentrazio esparruen gertakari ilun hauen arduradunek izen bakar bat dute: herriak arbuiatzen dituen asesinoak dira'.

Kirchnerren ondotik ESMAn jaio, gurasoak hil eta familia arrotzen esku gelditutako hiru gaztek hitzegin dute. Emiliano Hueravillok, Maria Isabel Prigionek eta Juan Cabandiek hartu dute hitza hurrenez hurren. Lehenengo bi gazteen diskurtsoak oso konprometituak izan dira. Torturatzaileak espetxera preso eraman ditzatela aldarrikatu dute, eta Estatuari legez kanpoko errepresioaren gainean dituen dokumentuak ezagutzera eman ditzala eskatu diote.

Maria Isabel Prigionek bere gurasoak torturatu eta akatu zituztenak ´putasemeak´ direla esan du, eta benetazko gurasoen bilaketak aurrera jarraituko duela iragarri du. 'Naziekin bezala izango da. Jakin dezatela aurkitu arte ez garela geldituko', abesten du jendeak. Beren benetazko gurasoen borrokarekin jarraitzeko xedea azpimarratu du emakume gazteak, eta Kirchnerri kanpo zorra bertan behera utz dezala esijitu dio.

Apika, hirugarren testigantza izan da gogorrena. Eleak ez dira hain politikoak suertatu, eta jendeak nekez eutsi dio negarrari. Egia esateko, batek baino gehiagok negar egin du Juan Cabandieren testigantza entzuterakoan. Cabandiek orain bi hilabete izan zuen bere jatorriaren berri. Aspaldiko partez susmoak bazituen, eta bere kasara ikertzeari ekin zion. Maiatzako Plazako Amen laguntzarekin Cabandiek benetazko gurasoak aurkitu zituen. Ikerketa genetikoek Damian eta Alicia bere gurasoak zirela erakutsi zuten. Damian eta Alicia ESMAn akatu zituzten, 17 eta 15 urte zituztela. Polizia baten familiak hartu zuen Aliciaren sabelak erditutako haurra. Haurtxoak hilabete bakar bat eman zuen bere amarekin. Juanek, horrela deitzen zion bere amak, eta horrela deituko da bera hemendik aurrera, 77garren lekua betetzen du azaleratu eta frogatutako kasuen artean.

Link: Juan Cabandie, testigantza, bideoa

Nire ondoko amonak eskuak burura eraman ditu, negar ez egiteko esfortsu nabarien artean. Eskutik helduta daukan hilobaren begietatik amonaren malkoak isuri dira.

Gieco, Heredia eta Serraten emankizuna amaituta, espero gabean jendeak ESMAko ateak apurtu eta eraikina okupatu egin du. Tortura gela, esan dit gizon batek, hementxe zegoen, ofizialen jatetxearen gainekaldean. Militarrek bazkaldu eta torturaren errutinari heltzen zioten. Ankerkeriaren errutina. Gazte talde batek Argentinako bandera kendu eta Che Gebararena jarri du eraikin nagusiaren teilatuetan.