BUENOS AIRES ETA BORGES

Ignacio kanariarrak Borgesen liburu bat utzi dit, idazlearen testu laburrak eta egunkarietara igorritako kolaborazioak biltzen dituena. Borgesek kritikotasunez idatzi zuen bere jaioterriaz. Gehiegizkoa zeritzon hiriko monumentu andanari, eta argentinarrek berezko arkitekturarik, berezko nortasunik, ez zutela salatu zuen: Europako ereduetatik xurgatu zutela deus berririk sortu gabe, alegia.


Roca militarraren irudia zaldi gainean altxatzen da Maiatzeko Plazatik gertu. Norbaitek letra gorritan 'genozida' hitza idatzi du monumentu beltzaren oinetan. Irigoyenek, Varelak, Pedro de Mendozak, Lezamak edo Colonek euren monumentuak dituzte hiriburuan, baina eskultura erraldoietan ez dira galtzaileen irudikapenak ageri. Hego Amerikako berezko biztanleen zapalkuntzak edo genozidioak, kasu, ez du eskulturarik merezi. Spray gorria erabiltzen da huts hauek betetzeko.

Borges ere oso kritikatua izan da. Ez nekien, baina hemengo herritar xumeek diktadura garaian errejimena aski kritikatu ez izana leporatzen diote. Baina nork ez zuen diktadura lagundu? -azaldu dit San Telmoko tabernako nagusiak, Negrak:

-Argentinarrek diktadura babestu zuten, eta argentinar gehienek Menemen alde bozkatu zuten. Orain, hau da hau paradoxa, iragana nahita ahaztu egiten dugu, eta egunen joandaetorriak geure konplizitatea jan eta geure eskuak garbitu ditu.

Atsegin handiz irakurtzen ari naiz liburua. Hala, testu batetan torturatu bati eginiko epaiketa baten berri ematen du Aleph-eko idazleak. Borges bera epaiketaren lekukoa izan zen, eta oso hunkitua geratu zen entzun zituen testigantzak zirela kausa. Epaituak normaltasunez hitzegiten zuen kartzelan bizi izandako torturez. Hurrengo egunean berriz torturatua izanen zela jakinda, borreroaren ankerkeria berriz pairatuko zuela jakinda, eguberri egunean espetxeko militarrek eskaini zieten afari goxo eta oparoaz berba egiten zuen epaiketan, esker ona erakutsiz . Torturatuak ez zuen gorrotorik erakusten eguberritako afariaz hitzegiterakoan. Torturen errutinak normaltasunaren maila hartuta zeukan.

Link: Borgesen testua, gaztelaniaz

ESMAn, Armadaren Mekanika Eskolaren ofizialen gelan, militarren urratsak eta torturatuen uluak aditzen dira oraindiño. Eta zapatek sotanoko sabaian zintzilik dauden odol tanta idortuak askatzen dituzte. Tik-tak-tik-tak.
Jendetzak malkoekin txistu egiten du, desagertutako senideen gelen gainean, zapatekin egurrezko zolua kolpatzen duten bitartean. Desagertutakoen gurasoei ateak zabaldu dizkiete. Behingoz. Glu-tik-tak-glu. Euren senideak erdeinatu zituzten lekua ezagutu nahi dute. Bakarrik.
Rivadavia etorbideko kotxeen zaratak, ogiaren prezioaren gaineko eztabaidek, itzali zituzten torturatuen garrasiak.
Antonio Guzman kadeteak lana finitu du, Etxepare doktoreak presoari erditzen lagundu dio, eta pasta jaten ari dira ofizialen gelan, eta ñokiak atzo baino goxoago prestatu dituztela esaten diote elkarri, eta Boca eta Racingen arteko partiduaz solas egiten dute. Eta kafea eskatu eta etxera doaz Guzman eta Etxepare, Etxepare eta Guzman, Rivadavia karrikatik gora, funtzionari zintzoak, torturatzaileak.