Andesmar konpainiako autobusean noa. Mendozan, hiriburuan, gelditu labur bat egin dugu. Eguna eguzkitsu dator eta lehioetatik sartzen diren argi-izpiek bete betean jotzen naute. Aldameneko neska atzerritarari begiratzen diot zeharka, polita izateaz landara ezaguna egiten baitzait bere aurpegia, gezurra badirudi ere.
Baina konfundituta egon naitekeela pentsatzen dut. Ez dakit, sarri munduan ehun pertsona besterik ez dagoela pentsatzen dut, eta leku guztietan pertsonaia horiek errepikatzen direla, euren gorputz eta aurpegiak zeozer mozorrotu eta gero. Kospirazioaren irudikapen honek txorakeria dirudi, baina inork ezin du aurkakoa frogatu, inork ezin du baieztatu maskarada handi baten barruan bizi ez garenik. Akaso, ni neu, 100 horietariko bat izan naiteke.
Mendozan trasbordoa egin dut, beraz. Ordu t´erdiz atzeratu da autobus berria. Autobusaren sabelak ezin ditu ekipaia guztiak irentsi, eta, hilada errespetatu duen bakarra izaki, azkena gelditu naiz eta hankatartean eraman beharko dut motxila, berriz.
Ez ditut gustoko lehiatilarik gabeko autobusak, eta Nafarroako autobusetan lehiatilak desagertu egin dira. Txikitatik, ikastolatik etxera nihoala, autobuseko lehiatila askatasunari zabaldutako ate bat zen. Libre sentitzen nintzen haizea buruaren aurka jotzen sentitzen nuenean, eta libre sentitzen naiz orain, lehioa zabalik, Tucumanera naraman garraioan.
Haize egokituak hozkailu baten barruan sentiarazten nau. Konfundituta egon naiteke, baina zientziak naturatik geroz eta gehiago urrutiratzen gaituela iruditzen zait, hozkailuen barruan isolaturik bizi garela. Ez zait logikoa iruditzen karrikan 35 graduko tenperatura dagoenean, autobusaren barruan 15 gradu eukitzea. Besterik gabe.
Autobusean gazta mokau bat hartu, eta bokadilloa prestatu dut. Ondoko gizon edadetuari erdia eman diot. Tucumaneko gizon zaharrak esker onez jaso du bokadilloa, eta koka-kola eskaini dit ordainean. Konfidantza seinale hauek eta gero, solasean hasi gara. Bere bizitzaren berri eman dit. Emazteak orain 9 urte abandonatu zuen: hiru seme-alabekin etxetik alde egin zuten. Bizitzan bakarrik gelditu zen Mendozan uzta garaian lan egiten duen 64 urteko tukumandarra. Harrezkero bihotza sendo duela aitortu dit baina, eta ez duela emaztearen atzetik segika ibiltzeko borondaterik. Amodioak bereak egin badu, alferrikakoa dela emazte-ohiarekin tematzea.
Buruak gorputzaren osasuna gidatzen du, gaineratu dit, eta bereizketa eta gero nerbio arazo gordinak izan zituela, latza baita edonondik itzulita etxean inor zure zai ez izatea. Gaixotasunari aurre egiteko, arazoa gutxietsi eta egunerokoari heldu zitzaion, ezer pasatu ez balitz bezala. Halaxe lortu zuen traumatik onik ateratzea, arazoari garrantzia kenduta.
Kontatzen ari zaidan istorioak ildo arrunta darama, nire bi anaiek zertan egiten duten lan galdetu didan arte. Aurretik ez diot anaiei buruz ezer aipatu, eta txundituta bi anai ditudala nola demontre asmatu duen aurpegiratu diot. Izutu ez nadila eskatu dit, pertsonen barrutik ikusteko dohaina baduela, eta ni erdiko anaia naizela, eta aitarik ez dudala. Hitzik gabe utzi nau. San Juanera iristen ari gara. Agur. Bai, berdin. Izan bizkor.