MARAS MORAY

Cusco utzi aurretik Mariarekin Maras-Moray bisitatzen izan naiz. Maras-Morayko inken aztarnategia orain dela gutti aurkitu zuten, eta Cuscotik hiru ordu laurdenetara dago, inken bailara sakratuaren barruan betiere. Anfiteatro itxurako bi zulo handi ditu, eta adituek diotenez inkek nekazaritzarako baliatzen zituzten, garai horretan nekazaritza Europan baino askoz garatuagoa baitzeukaten. Zeruari begira dauden bi zulo handi dira Moraykoak, ikusgarriak.

Link: Maras Moray, testua, gazteleraz.




Mariarekin ez dut sekula turistendako garraiobiderik hartu, eta peruarren autobusetan eta konbietan mugitu naiz han-hemenka, gaur bezalaxe. Autobusak bidegurutzean utzi gaitu, eta errepidetik aztarnategira joateko taxia hartu dugu. Taxistak tronpa jo digu, baldarki. Maraseraino zenbat kobratuko digun galdetu diogu eta berak sol bat erantzun digu. Nahiko merkea iruditu zaigunez, taxian sartu eta aurrera egin dugu.


Joan aurretik ez genekien Maras eta Moray banatuta zeudenik, ez direla gauza bera. Marasetik Morayera hiruzpalau kilometro dago, eta, herriska bisitatu beharrean anfiteatroak ikusi nahi ditugunez, bidea jarrai dezala agindu diogu taxistari. Morayera ailegatu eta 27 sol zor dizkiogula bota digu aurpegira: sol bat Marasera eta beste hogeitasei Morayera eramateagatik. Putasemea. Egia da herria eta aztarnategia lotzen dituen bidea puskaz kaskarragoa dela, baina egia da baita ere gehiegizkoa dela bata eta bestearen arteko alde ekonomikoa.

Ni gringoa naizela ikusita egoerari probetxu atera nahi izan dio jator itxurako taxistak. Luze diskutitu dugu berarekin, harik eta, ezer lortu ezean, popatik hartzera bidali dugun arte. Berak hantxe itxaron nahi gaitu, 'bueltako bidaia aprobetxatzeko'. Tarifa merkea eginen digula zin egin digu kabroiak eta horrek are gehiago asaldatu gaitu. Gurekin alferrik duela aurreratu diogu. Goizaldea Morayen eman dugu, eta hodei ilunek zerua bete dutenean hartu dugu gunea uzteko erabakia.

Sarrera hutsik dago. Hodeiekin batera taxista guztiak desagertu dira. Aparkalekuan furgoneta bakar bat dago, gorriska, eta euria badator. Maraytik irtetzeko geratzen zaigun aukera bakarra furgonetako nagusia da, oinez joan nahi ez badugu behintzat, eta ez dugu nahi.


Furgoneta injeniari batena da. Zonaldeko emakumeei arropak tindatzeko metodoak erakusten dizkie. Tokian tokiko belarrak erabiltzen dituzte tindurak prestatzeko, proiektua amaitzen delarik kanpoan produktuak erosi beharrik izan gabe emakumeek arropak tindatzeko langaiak eskura euki ditzaten. Injeniariak bere kotxean onartu gaitu, noski, bestela ez nituzke datu guzti hauek jakinen.

Antza denez, Ayacucho aldean, Sendero Luminoso talde gerrilaria indarberritzen ari da. Injeniaria, peruar asko eta asko bezala, Fujimoriren aldekoa da, eta gobernu berriak gerrilaren aurka lehen bait lehen egiten ez badu hankasartze galanta burutuko duela azaltzen digu, miseriarik gorrienean bizi diren nekazarien artean mezu iraultzailea aise zabaltzen baita.

Liman, dio injeniariak, ez dakite zer gertatzen den hiritik kanpo, eta Toledoren ustelkeria ongarri ezinhobea da Senderoren haziak ernetzeko.

Ez dut injeniarerekin diskutitu nahi, Peruko errealitatea ez baitut nahiko nukeena bezainbeste menperatzen. Gogoan dut, hori bai, Japoniako embaxadan Fujimorik agindutako MRTAko gerrilari gaztetxoen triskantza, edota Senderoko Guzman agintaria, tximinoa bailitzan, kaiola batetan sartu eta komunikabideei egin zitzaien erakustaldi publikoa. Gogoan ditut baita ere Fujimori eta Vladimir Montesinosen ustelkeri kasuak, lapurtu zuten diru pila, beraiek eraiki eta egun batetik bestera birrindu ziren eskola berriak, eta Fujimori, egun, Japonian bizi dela, Peruko justiziatik ihesi.

Link: MRTA eta Japoniako enbaxada, bideoa.

Link: Senderoko belaunaldi berriak, bideoa, gazteleraz.




Gogoan dut baita ere Perun, Argentinan, Brasilen edo Mexikon, hasiera batetan bederen, enpresa publikoen salmentak bapateko pizkunde ekonomikoa ekarri zuela, harik eta krisi ekonomiko berri batek itxaropen guztiak zimeldu zituen arte. Prozesua oso antzekoa izan zen Amerikako herrialde gehienetan: krisia, pribatizazioa, pizkunde ekonomiko laburra eta berriz krisia. Fujimorik pribatizazioen osteko hazkundea amaitzear zegoela utzi zuen agintea.

Orain, bere itzala Iquitosetik Punora, Arequipatik Piurara, hedatzen da. Peruarrek badakite Fujimori politikari ustela izan zela, baina Peruko lehendakari guztiek lapurtu egin diete.

-Txinoak lapurtu egin zigun, mordo bat, harto, baina injeniariek lana bagenuen. Cuscotik Limara doan errepidea Fujimorik eraiki zuen, alfabetizazio kanpainak burutu zituen, eskolak altxatu zituen, gasbideak eraikitzeari ekin zion... Txinoa lehendakari ona zen eta oraintxe itzuliko balitz arazorik gabe eskuratuko zuen hauteskundeetako garaipena. Cholo Toledo, berriz, Estatu Batuen laguntzari esker iritsi zen gobernura, marketing kanpaina on baten laguntzaz. Cholok ez zion muzin egin bere jatorri indigenari, eta mota guztietako promesekin peruarrei. ziria sartu zigun. Fujimoriren pareko lapurra da Toledo, baina lehendakari berriak ez ditu errepideak egiten.

Fujimorik Sendero Luminoso eta MRTA (Tupac Amaru Mugimendu Iraultzailea) akabatu zituen, eta hala izan zen, diosku injeniariak, herritarrei armak eman zizkielako. Herritarrek desagerrarazi zuten Sendero, ejerzitoak ostera garaipenaren ohorea bereganatu badu ere.

Injeniariak Cuscoraino garamatza eta ixilik entzuten ditut bere gogoetak. Hizketagai anitza du: politika, turismoa, bidaiak, nekazaritza... Euskalherria ezagutzen du eta Madrilgo atentatuen berri badu.

-Kontaidazu zer gertatzen den Euskalherrian.


-Buf! Nik neuk ere ez dut ulertzen. Eta nekatuta nago, Ismael, oso nekatuta. Beste baterako uzten badugu?