TUPIZAKO SEMAFOROA

Tupizako plaza nagusian semaforo bakarti bat dago. Ez du funtzionatzen, eta funtzionatuko balu ere, ez dakit zerbaiterako balioko zukeen, hemengo trafikoak ez baitu inolako arau logikorik jarraitzen. Bitxia da benetan. Nire buruari galdetzen diot ea ze agintariari okurritu ote zitzaion hortxe semaforo bat paratzea, eta ze motako inaugurazioa egin ote zuten semaforoa jarri zutenean.


Bestela, hiriak ez dauka aparteko interesgunerik. Biztanleek indiar aurpegia daukate, eta deigarria egiten zait karriketan dagoen haur kopuru handia. Eskolatik irtetzen ikusi ditut gaur, uholde bat sortuz. Denak berdin jantzita doaz, uniformeekin, eta mutikoak eta neskak amodioaren jolasean dabiltza, politarenak egiten, irrifarrean eta kuskusean. Frogatu ahal izan dudanez, gazteek muzin egiten diote euren gurasoen ketxuera hitzegiteari, eta keinu arraroa jartzen didate ikasitako hitz apurrak ahozkatzen ditudanean: Imaina kashan? Kaya cama. Munagai ari, Achá agradesitik, Dios pagra suchu.

Link: Moviestar iragarkia kitxueraz

Tupiza herri ttikia da, baina halere konbi eta motokarro mordoa dabil karriketan. Nissan Vanette furgonetetan tupizar ugari doaz, hiriko alde batetik bestera askoz jota bi kilometroko distantzia badago ere. Laranja zukua erosi dut karriketan bere gurditxoarekin dabilen emakume bati. Lehenengo traguarekin batera, esku bat sentitu dut sorbaldan. Buelta eman dut.

-Aupa Mikel!

Mikel gipuzkoarrarekin bat egin dugu azkenik, eta hala, lau kidez osatua gelditu da gure espedizioa: Kike, Mariano, Mikel eta ni neu. Sabrina Tupizan geldituko da.