IRTETZEKO TENOREA

Bost urte dira bidai luze berri bat atzeratuz eta atzeratuz ibili naizela. Bost urte dira kea eta lanbroaren seaskan erdi lo, minutu eta orduen saldan narkotizaturik, ibili naizela. Ez dut urteen txirimiria kopetaren kontra jotzen sentitu eta denboraren mailukadak zirt-zart batetan parekatu ditu Jesukristoren adina eta nirea. Denbora emeki-emeki igarotzen da; bizitza, ziztu batean. Horrexegatik, banoa.




DFtik abioiez itzultzen nintzela ere, ez neukan duda izpirik, laister beste bidai luze bat burutuko nuen, dirua bildu eta irteera data finkatu besterik ez zegoen. Eta bost urte eman ditut motel-motel irteera data finkatzen. Mexikon sei hilabete eman nituen, bigarren bidaia nuen Mexikora. Eta bertara joan nintzelarik, gogoan dut, nire garunean, nire bizitzan, ez zegoela bestelako, aparteko, aposturik. Ez nuen pisuzko arrazoirik gelditzeko; ez nuen nahi, ezin nuen, pisu bat erosi edo bizitza hipotekatu; ez neukan gidatzeko karneta ateratzeko beharrezkoa den adorerik; ez nuen seme-alabarik; ez nuen, azken batean, inolako erantzunkizunik. Orain ezta ere. Baina ez dut honekin nire buruaren azterketa sikologikoa egiteko gogo apurrik. Sei hilabete besterik ez dira, ez dut zertan dramatizatu beharrik.

Link: M Clan eta Ariel Roth, musika, bideoa.


Argi neukan baita ere hastear neukan bidaia inprobisatua izanen zela, ez nuela aldez aurretik ezer prestatuko, ez ibilbiderik, ez txangorik, ez planik, ez ezer: bidai malgua bezain irekia, sarerik gabeko jauzia. Lana amaitu eta berehala abioi txartela erosi eta norabaitera eginen nuen. Ez zegoen atzerapausorik. Lehenengo helmuga bat behar nuen soilik, lehenengo portua, eta tis tas batean, halaxe, hantxe hasiko zen nire abentura berria. Helmuga ez zen hain inportantea, atmosfera aldaketa baizik. Baldintza bakarra jartzen nion nere buruari: Ipar Hemisferiotik ateratzea. Hemen geroz eta berdintsuagoak gara, eta nik kontrastea behar nuen, bizitza ikuspegiaren erlatibizazioaren bila segitu nahi nuen. Argazki kamara poltsan sartu eta tira millak!



IRUÑEKO ARGAZKI MUNTAIA, David Bowieren musikarekin

SPONSORRA, INEM

Hala bada, azken momenturarte ibili nintzen duda-mudetan, liburutegiko bidai-gida guztiak miatzen, interneteko pantailan burua murgiltzen, eta liburu-dendetan 'de estrangis' bidai aldizkariak irakurtzen (interesatzen bazait erosiko dut: aurpegi hori jartzen nion dendariari egunkaria edo tabako paketea erosi aitzin).


Mexikora berriz joateko txirrinta banuen, edo India ezagutzekoa, edo Afrika, edota Argentina... Etsituta nengoela pentsatuko du batenbatek, edo lerro hauetatik iritzi hori atera lezake, eta baliteke arrazoia eukitzea; alabaina, nire inguruko lagun asko antzera ikusten nituen Vienaren itxura hartzen ari den gure Iruñea honetan, eta hauei ez zitzaien burutik pasatzen euren geletako lau hormetatik haratago El Dorado esistitzen ahal zenik. Txoriek euren burezurren barruan hegan egiten zuten ere, baina ez zituzten askatu nahi, txoria beti kabira itzultzen dela aski ongi baitakite. Gelditzerik banuen, baina joaterik ere bai. Finean, Lehenengo Mundutik kanpo dagoen norabaitera atera nahi nuen eta punto. Oaxakan ezagututako Arielen dei batek eman zidan behar nuen azkeneko bultzada. Goizeko hiruretan deitu zuen, despisteetan maisu, eta telefonoan mezu bat utzi: Koldo, venite pacá, a Mendoza, llamame en cuanto puedas, mi vida es un auténtico quilombo.


Denboraldi batez Estatutik bizi nahi nuen. Ospitaleko lan monotonoa amaitzear neukan. Kontratu bat finitu beharrean nengoen langabezia kobratu ahal izateko, aurreko lana nik neuk utzi nuenez gero ez baineukan dirusaria kobratzeko eskubiderik. Eta hantxe nenbilen, neguko ordezkapenak egiten, asper-asper eginda, nazkatua, motibaziorik gabea, egutegiaren orriak astiro askatzen, artega, lanaren nondik norakoak ikasteko batere gogorik gabe, goibel, nagusiaren promesen aurrean aurpegi interesatua paratzen: Lasai, Koldo, hemen lan mordoa dago eta behin ordezkapen-zerrendetatik deitzen hasita ez zaizu faltako. Ibili lasai.



Eta oso lasai nenbilen, lasaiegi. Noski, ez nion nagusiari barruan gordetzen nituen ideien berri ematen. Tontoarena egiten nuen, barne barnetik, hesteekin edo, irrifarra itzultzen niolarik: Bai, pribilejiatua naiz Osasunbidean ordezkapenak egiten ditudalako, eta ez, ez dut aukera hau inolaz ere galduko, behin erakundearen barruan egonik egoerari probetxu atera behar baitzaio, bai jauna, edozer egiteko prest nago kontratu duin bat eskuratzearren.


Senideak agurtu ditut. Oraindik ez naiz kargu egin. Abioian nago preso. Ezin diot pilotoari gelditzeko eskatu. Hesteak dilindan izan ditut abioiak gora egiten duen tarte amaigabean. Altuera nahikoa hartu duenean, tripak pausatu egin dira, eta ezertan pentsatzeko gogorik gabe abioien ezaugarriak aztertzen dituen aldizkari astun horietako bat hartu dut. Airbus 300, Boeing 420. Bai interesgarria. Bai. Beno. Arnasa hartu dut. Oraintxe hasten da bidaia.

BUENOS AIRES

Ez nekien zer demontre aurkituko ote nuen Buenos Airesen, eta hiri txukuna topatu dut. Aspaldi gure arbasoak etorkizun oparo baten bila zetozen, ni, baina, ez nago halako etorkizun baten esperoan, etorkizun soila bilatzen dut.


Eta nik etxe zaharrak maite ditut, porlan berririk gabeko etxeak, atsoek bezala osteoporosisak jotako etxeak, margorik gabeak, zaharkituak, gizakien gisara atzera egiten duten eraikinak. Eta Buenos Aireseko San Telmo auzoan horixe aurkitu dut. Eta Retiro edo Los Olivosera doazen autobus koloredunak, eta auto zaharrak, eta matrikulak eskuz idatzita dituzten autoak, Renault markakoak asko. Eta 80garren hamarkadaz gogoratu naiz, eta bihotzminez egin diot so iraganari. Eta nire ama, nire izeba-osabak, nire lehengusuak, ni neu, zahartzen ari garela gogoratu dut, eta Buenos Airesera etorri aurretik ama sofan zurrunkaka ikusi nuela, zaharra eta ederra, eta, bai, zutaz akordatu naizela ama: Hemen egon beharko zinateke, nirekin, edo beste edonorekin, San Telmoko merkatuaren ondoan dagoen kafetegi honetan, litro erdiko koka-kola eskuan, lehiotik sartzen den haizea eta burrunbak direla-eta tontotua. Hobe horrela egotea, ezerezaren itsasoan iparra galduta. Zergatik ito behar dugu bizitzaren muina aurkitu nahiean?


Baina itotzen gara...eta horregatik egiten zaizkit hain osasungarriak bidaiak. Beharrezkoak ditut, ama. Eta emakume batek bi boligrafo paratu ditu nire mahai gainean, bost pesotan biak, eta nik ezezkoa egin diot buruarekin, eta zigarroa eskaini diot, bere boligrafoak erosi ez izanagatik barkamena eskatuko banio bezala. Berak ez du zigarroa nahi, eta hartu-ez hartu ibili da. Zigarroa belarrian pausotu du azkenik eta karrikan gora boligrafoen negozioarekin segitu du, zigarroagatik eskerrak eman eta gero. Emakumea gaztea da, baina hondatua dago, zuri-zuria, hitsa, porlanezko panpin hautsia.



BUENOS AIRESEKO ARGAZKI MUNTAIA, Andres Calamaroren musikarekin:


EUSKALDUNAK NONNAHI

Aurrean daukadan aurpegi euskalduneko gizon zaharra parrez ari da, bere bibote zuriaren lardaskan atzeman daitekeenez. Nik bezala, ezetz esan dio saltzaileari , argentinarrek ezetz esateko darabilten dotorezia fin horrekin. Eta Iruñean saltzaile anbulanteei ematen zaien tratu zantarra gogoratu dut, ezein taberna edo dendatan kanpora, kanpora, hemen ezin duzu saldu, esanez oldartzen zaizkienean. Horretan behintzat argentinarrak hobeak dira, pentsatu nahi dut, edota argentinarrak behar bezala ezagutzen ez ditudala, baliteke, eta agian gu bezalakoxeak izanen direla. Alabaina, komentzituta nago krisian dauden herrialdeetan, edo herri pobreetan -beti krisian dabiltzan horietan-, sentimenduak zinezkoagoak direla, radikalagoak, bai onerako eta bai txarrerako, noski.


Eta gogoratzen dut etxera deitu dudala, nire berri izateko irrikitan izanen zinelakoan, ama, baina ez zinen bertan. Eta anaiarekin ele egin dut, eta gure politikaren mingotsa eztarriratu dut. Auzoko Zalba okindegiko nagusia akatu dute, ETAren aurkako kartela ez paratzeagatik, Madrilgo atentatuen ardura ETAri zegokiola zioen hipotesiak birizik zirauen martxoak 11 egun luze horretan. Anaiak esan dit PPk atentatuaren ostean erakutsitako joko maltzurra tajuz ordaindu duela, botoen kontaketa aurrera doala eta ezustean PSOEk hauteskundeak irabaz ditzakeela.


Bidaiari Madrilgo atentatua jazo eta biharamunean ekin nion. Tentsio ikaragarria sumatzen zen nire hirian. Hasierako komunikatu ofizialen arabera ETA zen atentatuen egilea. Iruñeko bi bando nagusien arteko gatazka piztear zegoen. Telebistaren lubakietan izkutaturiko faxistek auzoko arbolak Espainiako ikurriñekin bete zituzten, auzokideren batek ez zidan igogailuan agurra itzuli, eta pentsamendu bakarretik landara geunden iruindarrok buru-makur genbiltzan, gehienok ETAren jarduera arbuiatzen bagenuen ere. Momentu batetik bestera gatazka zibila gauzatuko zela iduri zuen.


Jendeak orokortzeko duen joera, eta PP alderdia bere ikuspegitik kanpo zegoen oro kriminalizatzeko erabilitako trikimailuak zirela eta, beldurrez akatzen geunden gobernuaren zirriborro ideologikoen barruan sartzen ez ginen oro. Gorpuak trenbideetan metatuta zeuden, langileen gorpuak, Espainiako probintzia pobreetatik edota atzerritik ogi bila etorritako langileen hilotzak, eta hauteskundeak gertu. Politika eta odola nahastuta berriro ere.

Link: Manipulazioa, bideoa, gaztelaniaz


Traza euskalduneko gizonari erreparatu diot bigarrenez eta, baietz, ziur, gizon horrek euskalduna behar duela izan: sudurra, beso puskak, bekain iletsuak... Eta bakarrik dago, eta Quilmes garagardoaren azken aparrak dastatzen dirau. Tabernatik atera baino lehen, euskal jatorrikoa denentz galdetu behar diodala erabaki dut.


Baietz erantzun dit. Solasean hasi gara. Barra barra. 60 urte ditu, eta ez daki inoiz lan egiteari uzteko aukerarik izanen ote duen. Igeltseroa da, margolaria, baldoseroa, eta bakarrik bizi da, eta Malvinetako gerran soldadu ibili zen, eta berau izan zen paratxutean ardiak eta belardiak besterik ez dauden lur sail horietan lehorreratzen seigarrena, eta gogor borrokatu zuela, eta gerrek ez dutela deustako balio, eta eskerrak Argentinako armadak exoccet misil frantziarrak erosi zituela, eta eskerrak Argentinako abioi pilotoak munduko hoberenetarikoak direla. Eta Sheffield itsasuntzia hondoratu zutela, eta radarrek ezin zituztela pilotoak atzeman, itsasoa ferekatuz hegan egiten zutenez kontrolaezinak zirela, eta Aranes abizena zuela, eta bere aitak penizilina hartzeko metodo berria asmatu zuela, eta aitari 'el vasco aranés' esaten ziotela, eta orain, 60 urte bete berriak dituela, jubilazioan amets egin beharrean, biharko bazkarira mugatzen direla bere ametsak, eta historia izugarri atsegin duela, eta balistika ere bai, eta abar.

Link: Malvinetako Gerra, euskaraz

Link: Argentinako abioiak Malvinetan, bideoa, frantsesez



Orduan amari deitu diot, eta kaixo, oraino oso gustora nabilela, hiri polita dela, eta emakumeak, ai ama, zelako emakumeak, eta pena, pena sentitzen dudala iluntze aldera haurrak zaborrak birziklatzen, poltsen artean arakatzen, ikusten ditudanean. Eta Maiatzeko Plazan izan naizela, eta 'eskerrik asko amak' zioen pintada ikusi dudala, eta Argentinan gehienek Madrilgo atentatuaz hitzegiten dutela, eta Argentinan ere lur jota daudela, eta baietz, lasai ibiltzeko, nire burua zainduko dudala, eta baietz, oraintxe ostaturako bidea hartuko dudala, eta nik ere, bale, agur.

AUTOBUSAREN BURRUNBA

Krisian dagoen herri bat erraz atzeman daiteke, txirotasunaz aparte bi baldintza betetzen baititu: taxi kopurua demasakoa da, batetik; eta gailetak, kokakolak eta tabakoa saltzen dituzten denda ttikiak perretxikoak bailiran hazten dira, bestetik.


Telefono deia egin eta tabernara bueltan, tabakoa erostera sartu naiz horietariko denda ttiki batetara. Gaileta, zigarro eta kokakolen anabasaren erditik buru bat azaleratu da. Horrela ezagutu dut Rafael gaztea. Aita Lugokoa du, galiziarra, Argentinara ikasketarik gabe, maleta hutsik, etorritakoa berau, eta orain Alejo Carpentier, Cela edota Garcia Lorcaren idatziak hitzez hitz errepikatzeko gai omen dena. Dirua egin asmoz etorri zen Argentinara, eta arras ongi bizi da Espainiako gobernuak ordaintzen dion jubilazioari esker, munta eskasa izanagatik, euroak balio hirukoitza baitauka ozeanoaren bestaldean.

Ea egunen batetan aita ezagutzerik badudan, opa egin dit Rafaelek, oso gizon interesgarria dela, errepikatuz. Seguruenera, argentinarren aurka sekulakoak eta bi botako dizkit, ohartarazi dit Rafaelek, baina berdin egin zuela Galiziara oporretara joan zelarik, galiziarren aurka orduko horretan, eta Franco estimatzen duela, eta Peron, eta Benito Perez Galdos, eta Zapatero. Agur, bai.


Ederki nago. Autobus batek burrunba handia atera du tabernaren paretik igarotzerakoan. Pastu orduko, usoei ogi apurrak ematen dizkien atso bat utzi du begibistan, grabidadearen indarrak okerturiko gorputz ahula. Paretan Kirchner lehendakariaren aldeko murala zabaltzen da, eta ondoan espray gorriz idatzitako esaldi bat: Las elecciones pasan pero el hambre continúa.

Jendea autobus geltokiaren aurrean zai dago. Ez dute politikariengan sinisten, hala aitortu dit San Telmoko tabernariak. Kirchnerrek hitzegin, ongi hitzegiten du, peronismoaren hegal ezkertiarrean kokatua dago, eta tunelaren iluntasunean argi puntu bat bailitzan hartzen dute. Jendeak, alta, ekintzak behar ditu, eta aiduru daude.


Kafetegira hurrengo saltzailea bertaratu zaigu, gizona, 40 bat urtekoa. Baratxuriak saltzen ditu, baina alferrikakoa izan du bisita beronek ere. Dotoreziaz, produktua estimatuko balute bezala, tabernako bezeroek banan banan ezetz esan diote, eta saltzailea besterik gabe karrikara atera da.

Pentsakor nabil. Ez, ez naiz monumentu guztiak ikustera joanen, turistagune guztiak. Egungo Argentina ezagutu nahi dut, Argentina eta argentinarrak, lurra eta lurtarrak. Hauek emakumeak! Hementxe, aurreratu dit Horaciok, emakumeek oso berandu arte zaintzen dituzte euren gorputzak. Oso kuriosoak dira, pittin bat eskizofrenikoak, histerikoak, bere aburuz. Eta nik karriketatik ikusten ditut, bularrak tente, gerri biluziak, kolore guztietako begiak, aurpegi erakargarriak, jolasteko gonbitea egiten duten keinuak...

Ostatura bueltakoa egitea erabaki dut, berandutzen ari zait, eta hirira ailegatu berria naizen neurrian, ez dut momentuz gauez bakarrik ibiltzeko adorerik. Ezagutzen ez dudan karrikaren iluntasunak errespetoa eragiten dit. Bai, beldurrak jota ibiltzen naiz, erne, burua ezker-eskuin mugitzen.

Bidean errepresio garaiak gogora ekartzen dituzten muralak ageri dira. San Telmon oso krudela izan zen 30.000 gizaki akabatu zituen diktadura militarraren hozkada. Karriketan jende eskas dabil, ikasleren bat, portalean solasean dabiltzan lagun koadrila eta auzokideak, taxiak eta autobusak.

Link: 1976ko estatu kolpea Argentinan, testua, euskaraz

Haize leuna dabil eta freskatzen ari du. Zakurrak zaborren artean janari bila ari dira, eta kartoi-biltzaileek euren bizikarroekin, metal eta kartoizko barraskilo erraldoiak bailiran, erreziklagai dena pilatzen dute.


Ostatu ondoko supermerkatuan sartu eta afaria erosi dut, konplikazionerik gabekoa: espagetiak. Familia osoa dabil supermerkatuan lanean. Errusiar jatorrikoak direla apostu eginen nuke, edo kroaziarrak, edo auskalo, eslaboak betiere. Kaskagorriak dira, begi urdinekoak, isilak. Hotzak dira, hotzak bezain langileak.

SAN TELMOKO OSTATUA

Ostatuko atea ireki eta zast, hor ditut Juan peruarra eta Marilia. Juan Liman bizi da, baina txanpon argentinarra nahiko merke dagoenez, eta irakasle jubilatua denez, urtean bostpasei hilabete ematen ditu Buenos Airesen, Lima baino kosmopolitagoa, eta seguruagoa, baitzaio; Mariliak, nagusiaren alabak, begi nabarrak ditu, polita da, baina irrifarrean benetazkoa ez den zerbait izkutatzen duela iradokitzen du.


Karlos, Mariliaren aita, harreran dago, biekin barra-barra. Karlosek judutarren aurpegi estandarra dauka: gantxo eiteko sudur berezia, mesfidantzazko begirada eta, nahiko gaztea bada ere, sorbalda pittin bat makurtua. Ingeniaria da, Espainian Repsolekin lanean ibilitakoa, eta besotik helduta Argentinako maparen aurrekaldera narama, kasik oharkabean. Hitz zaparrada askatzeko behar zuen aitzakia muturrean utzi diot. Taxistek zenbat kobratzen duten galdetu eta, gorroto keinuarekin, begiak nigana zuzendu eta taxista gehienak Menem-zaleak, faxistak, direla erantzun didanean.

Argentinako judutarrak oso haserre daude jatorri musulmaneko presidente ohiarekin, eta israeldarren esku dagoen Mutual bankuaren atentatuan edo Israelgo enbaxadaren aurkakoan zerikusia izan zuelakoan daude. Menemek, gaineratu dit maparen aurrekaldera iritsita, herria multinazional atzerritarren esku utzi zuen, paradisuan bizi zirela sinistarazi zien, harik eta  batbatean errealitatearen puxikak eztanda egin zuen arte, krisiari bide emanez.

Link: Israeldarren aurkako atentatuak, gaztelaniaz

Orduan nire besoa libre utzi du.

Halere, jarraitu du esaten, Menem aurreko hauteskundeak irabaztear izan zen, eta Kirschner bigarren bueltan garaile atera zitekeelakoan, leian jarraitzeari muzin egin zion, jasoko zuen porrotaz kargu eginda. Orain Txilen bizi da, izkutaturik, eta ustelkeria kasuak agerian geldituko direla beldurrez, ez du itzultzeko berme-ausardia nahikorik.

Link: Menemen hegaldi espazialak, bideoa.

Karlosek mapa behatzarekin seinalatu dit . Argentinan leku franko dago bisitatzeko, ohartarazi dit sarrera gisa:

-Badakizu zergatik kontrolatzen duen herri osoa Kirchnerrek? Begi okerrak dituelako, eta batekin Patagoniaruntz begiratzen duelako eta bestearekin San Salvador de Jujuyruntz. Por zierto, badakizu Patagoniaren zati handi bat atzerritarren esku dagoela? eta Benettoneko nagusia Patagoniaren puska handi baten jabe dela? Eta badakizu urrea edota bestelako mineralak eskuratzeko Patagoniako urak kutsatu egin dituztela?

Interesgarria, bai horixe, baina Marilia azaldu dela probestu dut sukaldera eskapo egiteko. Espagetiak, espageti maiteak, hutsik egiten ez didazuen pastazko hari bedeinkatuak zarete zuek!

RECOLETAS HILERRIA

Lau zakur ditu, eta poltsa erraldoia, eta arto poltsatxo bat. Tontoak. Ergelak. Ordu luzeak ematen ditu Lezama parkean, Buenos Airesen, eliza ortodoxoaren aurrekaldean, uso, kotorra eta txolarrei begira, elikatzen, hitzegiten, txori hoiei. Eta lau zakurrak bankuetan etzanda ditu. Lo. Eta tontoak, ergelak, fu fu, txistu egiten die. Eta parrez dago Lezamako tontoa. Gainera.


Recoletaseko hilerrirat egin dut gaur. Bero hezea dago, haize suabea. Argentinako banderen urdina zeruarekin jolasten ari da, lizunkeriaz.


Buenos Aires monumentuz josita dago, eta Recoletaseko hilerria hiriko urrezko garaietako erakusle gardena da. Recoletasen Eva Peronen familiaren panteoia bisitatu dut, Ugarte familiarena. Alboko gida bati entzun diodanez, Evitaren gorpua Italian edo beste nonbaiten lurperatua dago, baina tira, Recoletasen izan naizenez Evitaren mausoleora joan beharra nuen.


(Katuak, Euskalherrikoak baino handixeagoak, hatzapar potoleko katuak, hilobien artean dabiltza, tipi tapa, funtzionariek gunea ura eta xaboiarekin turismorako atontzen duten bitartean).


Recoletasen nire begiek Buenos Aireseko burgesiaren argazkia eta Argentinak bizi izan dituen azken gatazka militarrena atera dute. Hilarrietan zizelkaturiko urre edo zilar koloreko abizenek erakusten dutenez, hilobiratuen artean asko euskal jatorrikoak ziren, hala Hegoaldekoak nola Iparraldekoak. Belarria luzatuta jarraitzen dut. Gidak oso gauza interesgarriak esaten ditu, gida aparta da. Halaxe jakin ahal izan dut Carlos Gardel tango abeslariak Chacaritaseko hilerrian hartu zuela lurra, buenosairestar arrunten hilerri erraldoian. Gidak Borgesen olerki bat irakurri eta banatu du turisten artean:



Convencidos de caducidad
por tantas nobles certidumbres del polvo,
nos demoramos y bajamos la voz
entre las lentas filas de panteones,
cuya retórica de sombra y de mármol
promete o prefigura la deseable
dignidad de haber muerto

(...)



Paseo ederra eman dugu Juan peruarra, Ignacio kanariarra eta hirurok. Juan pozez zoratzen ibili da, bidean hainbeste katu ikusita. Gauez, errondatxoa egiten du San Telmoko zoko-mokoetan barrena. Katuei jana banatzen die begirada arraroko irakasle jubilatuak.

Ignacio kanariarra, berriz, Madrilgo atentatuak zirela-eta PPren kudeaketaren aldeko defentsa sutsua egiten ari zela ezagutu nuen ostatuan. Nik egin nizkion ohar mingotsen ostean haserretu ez zenez, adiskidetu ginen. Ignacio Jorge Luis Borgesi buruzko tesia prestatzen ari da Danimarkan, eta Buenos Airesera etorri da tesiari akabera ematearen kariaz. Egiazki, tesiarena guztiz alboratua dauka eta bidaiaz gozatzen ari da. Tipo jatorra da, parregarria.



Hiru orduz ibili gara han hemenka, bazkaltzeko ordua noiz iritsi zain. San Telmoko Manolo jatetxean baretu dugu tripetan kurrinka ari zaigun tigrearen haserrea. Taberna futbol taldeko posterrekin apainduta dago eta nahiko merkea da. Papa pastela, patataz eginiko lasaña moduko bat jan dut, ondoan, jubilatu talde batek Tevez, Boca Juniorseko aurrelaria, hizketagai duela.

Link: Manolo jatetxea, Buenos Aires, webgunea.

Nekatuta nagoelarik gorputzak koka-kola eskatzen dit, koka-kolaren letra eta ikur zurigorriak itsasten zaizkit zelula grisetan, eztarria halabeharrez freskatu behar dudan aldiro. Manolon koka-kola edaten nagoelarik etorri zait zalantza burura. Koka-kolaren marketinagatik izango ote? Letra zurietan ageri diren ur burbuilengatik? Iragarkiengatik? Zergatik aukeratzen dut koka-kola egarri nagoelarik?

Litro erdia edan dut, hiru zurrupadetan. Korrokada bota dut. Peruarrak jaten duenean ateratzen duen zaratarekin arras ongi sintonizatu du.

LAS LOCAS

Buenos Airesen oso ohikoak bihurtu dira pobreziaren ikurrak, eta honek eragiten dituen protestarenak. Piketeroen ekintzak etengabeak dira, eta bi alderditan zatitua dago gizartea: piketeroen borroka ongi ikusten dutenak, eta piketeroak gorrotatzen dituztenak. Bi mutur hauen artean ez da apenas komunikaziorik, bi galaxia ezberdinetan bizi dira, eta segurtasun neurri gehiago aldarrikatzen dituen mezu ideologikoa azkar errotzen ari da gizartearen sektore handi batetan.

Kongresuaren inguruan nagoela, Maiatzeko Amen Unibertsitateko errotulo txuri-urdiña ikusi eta bertan sartzea otu zait. Kafea hartu dut, croissantekin, ikasle eta irakasleen joanetorriak zelatatzen ditudan bitartean. Handik minutu gutxira, sekreta naizela pentsatuko ote dutela-ta, paranoia sartu zait.

Link: Maiatzeko Amen Unibertsitatea

Unibertsitatea atzean utzi eta akanpada bat ikusi dut gertuan. Demokrazian ere seme-alaba ugari desagertu egin direla salatu didate bertan:

-Zure seme-alaba non lurperatu duten ez jakitea bezalakorik ez dago. Okerragorik ba ote? Hilik ote dagoen, bizirik, bide bazterrean ehortzita, preso... Ongi dago Maiatzeko Amen protesta, baina demokrazia deritzoten garai honetan ere jende nahikoa desagertu da. Hantxe -Kongresua seinalatu dit emakumeak-, gaizkileen arteko konplizitateak bermatzen dituzte, denak inplikatuta daude, epaile garrantzitsuenetatik hasita eta hiltzaile xumeraino. Nire semea -esan dit amak erdi negarrez- poliziaren barruko asunto itxusi bat salatu zuelako desagerrarazi zuten.

Matea eskaini didate agur esan aurretik. Bueltan Corrientes karrikako bankuetxetatik pasatu naiz. Gotorlekuak dira, burdinezko gazteluak. Hesi metalikoez inguratuta dituzte egoitzak, eta ateak margoz zikinduta daude: Devolveme mi plata. Chorros. Yo metí dólares, yo quiero dolares.

Peruarra dut alboan. Ezeroso nabil. Arroz platerra basatia bailitzan jaten ari da. Bidaizalea da, irakasle ohia, eta erakusten duen hitz-jarioa geroz eta jasanezinagoa egiten ari zait. Denetatik daki, eta artega jartzen nau, nire ezjakintasunak agerian uzteaz gain, toperik ez baitauka. Hobe moldatzen naiz gutxiago dakitenekin. Beti kexuka dabil, hemen gaizki tratatzen dutela, han ezdakitzer karneta eskatu diotela, hemen gehiago kobratzen diotela, han... Konplexu ederra dauka. Peruarra izateagatik zokoratzen dutela dio. Eta ez, ez dut esaten hala izango ez denik, baina gehiegizkoa da bere psikosia, patologikoa.

Ostatuko patioan nago, abailduta, nire logelako argentinarrak, Eduardok, eztulka eman baitu gau osoa.

Ikusten ari naizen guztia arrapaladan urtzen ari da nire memorian. Ez naiz Buenos Airesen gaizki sentitzen. Argentinar nahiz euskaldunek, gutxi goiti beheiti, hizkuntza berbera darabilkigu, mundu sinboliko berean mugitzen gara, mendebaldeko herrien mundu sinbolikoan.

Boteprontoan esanda, irudi negatiboak dira gehien berenganatu ditudanak: arratsalde partean kartoi bila datozen familiak, zubipean lo egiten duten gixajoak... Badakit ez dela bidezkoa Buenos Aires soilik irudi negatiboei atxikitzea, eta gezurretan ibiliko nintzateke hala egingo banu. Idazteko orduan, alta, oroitzapen horiek datozkit, eta ezin ditut ebitatu. Gaur, eguerdiko 12etan, zubipean, ama eta bere semetxoa lotan ikusi ditut. Eguzkiak gogoz jotzen zuen, eta beraiek koltxoietan zeuden, agerian, zubiak eskaintzen zuen itzalpean lo, luze-luze etzanda. Eta niri den dena hain merkea iruditzen zait...

-Otra Coca-cola, Ignacio?

BUENOS AIRES ETA BORGES

Ignacio kanariarrak Borgesen liburu bat utzi dit, idazlearen testu laburrak eta egunkarietara igorritako kolaborazioak biltzen dituena. Borgesek kritikotasunez idatzi zuen bere jaioterriaz. Gehiegizkoa zeritzon hiriko monumentu andanari, eta argentinarrek berezko arkitekturarik, berezko nortasunik, ez zutela salatu zuen: Europako ereduetatik xurgatu zutela deus berririk sortu gabe, alegia.


Roca militarraren irudia zaldi gainean altxatzen da Maiatzeko Plazatik gertu. Norbaitek letra gorritan 'genozida' hitza idatzi du monumentu beltzaren oinetan. Irigoyenek, Varelak, Pedro de Mendozak, Lezamak edo Colonek euren monumentuak dituzte hiriburuan, baina eskultura erraldoietan ez dira galtzaileen irudikapenak ageri. Hego Amerikako berezko biztanleen zapalkuntzak edo genozidioak, kasu, ez du eskulturarik merezi. Spray gorria erabiltzen da huts hauek betetzeko.

Borges ere oso kritikatua izan da. Ez nekien, baina hemengo herritar xumeek diktadura garaian errejimena aski kritikatu ez izana leporatzen diote. Baina nork ez zuen diktadura lagundu? -azaldu dit San Telmoko tabernako nagusiak, Negrak:

-Argentinarrek diktadura babestu zuten, eta argentinar gehienek Menemen alde bozkatu zuten. Orain, hau da hau paradoxa, iragana nahita ahaztu egiten dugu, eta egunen joandaetorriak geure konplizitatea jan eta geure eskuak garbitu ditu.

Atsegin handiz irakurtzen ari naiz liburua. Hala, testu batetan torturatu bati eginiko epaiketa baten berri ematen du Aleph-eko idazleak. Borges bera epaiketaren lekukoa izan zen, eta oso hunkitua geratu zen entzun zituen testigantzak zirela kausa. Epaituak normaltasunez hitzegiten zuen kartzelan bizi izandako torturez. Hurrengo egunean berriz torturatua izanen zela jakinda, borreroaren ankerkeria berriz pairatuko zuela jakinda, eguberri egunean espetxeko militarrek eskaini zieten afari goxo eta oparoaz berba egiten zuen epaiketan, esker ona erakutsiz . Torturatuak ez zuen gorrotorik erakusten eguberritako afariaz hitzegiterakoan. Torturen errutinak normaltasunaren maila hartuta zeukan.

Link: Borgesen testua, gaztelaniaz

ESMAn, Armadaren Mekanika Eskolaren ofizialen gelan, militarren urratsak eta torturatuen uluak aditzen dira oraindiño. Eta zapatek sotanoko sabaian zintzilik dauden odol tanta idortuak askatzen dituzte. Tik-tak-tik-tak.
Jendetzak malkoekin txistu egiten du, desagertutako senideen gelen gainean, zapatekin egurrezko zolua kolpatzen duten bitartean. Desagertutakoen gurasoei ateak zabaldu dizkiete. Behingoz. Glu-tik-tak-glu. Euren senideak erdeinatu zituzten lekua ezagutu nahi dute. Bakarrik.
Rivadavia etorbideko kotxeen zaratak, ogiaren prezioaren gaineko eztabaidek, itzali zituzten torturatuen garrasiak.
Antonio Guzman kadeteak lana finitu du, Etxepare doktoreak presoari erditzen lagundu dio, eta pasta jaten ari dira ofizialen gelan, eta ñokiak atzo baino goxoago prestatu dituztela esaten diote elkarri, eta Boca eta Racingen arteko partiduaz solas egiten dute. Eta kafea eskatu eta etxera doaz Guzman eta Etxepare, Etxepare eta Guzman, Rivadavia karrikatik gora, funtzionari zintzoak, torturatzaileak.

EDUARDO

Lagunak egin ditut Buenos Airesen, eta lagunak egitearekin batera, ezinbestean, parrandak etorri dira, eta parrandek tristezia eragiten didate, arrazoi zehatzik gabeko tristezia: triste nago eta ez dakit zergatik. Ez dut alkohola sobera maite, eta argentinarrak zurrutero porrokatuak dira -nik ezagutu ditudanak behinik behin halaxe dira-. Quilmes garagardoak eta Mendozako ardo merkeak behar baino gehiago edaten ari naiz. Zelako panorama!


Nire logela berean gauero zurrunkaka ibiltzen den Eduardo mendozarra alkoholikoa da. 40 bat urte ditu, eta nahas-mahas dagoen logela bere izakeraren ispilu da. Nik goiko literan egiten dut lo; mendozarrak, behekoan. Zaborretatik isolatzeko-edo, Eduardok maindireekin inguratzen du bere ohea, kanping denda batetan bailegoen. Ardo botilak, zigarroak, porroetarako paperak, egunkarietako orriak, dutxatik irteterakoan utzitako ur arrastoak, kaka egiterakoan punteria falta, zakileko ile latzak zoluan dantzan...

Aitzaki bat asmatu beharrean izan naiz logelaz aldatu ahal izateko. Goikaldean lo eginda erortzeko arriskua dudala ohartarazi diot Carlos nagusiari, txikitan behin amildu eta egundoko zartakoa hartu nuela.

Mendozarraren konpania utzi dut.

Eduardo krepeak prestatzen ari da sukaldean, mendozar erara, oliba, arraultz, haragi eta tipularekin. Bihotz oneko gizona da, ibilera zuzen mantentzen duen mozkorra. Krepeak ostatuko lagunekin partekatzen ari da, animoso.

Porteñoek errealitatea puzten oso iaioak dira. Eduardok egunero 10 botila ardo edaten dituela esan dit arestian. Ez dakit hainbeste izanen diren, baina nirekin batera egon den denbora tartean bi ardo botila sartu ditu barrura.

Bigarren ardo botila husten ari delarik, tango taberna tipiko batetan lan egiten duela argitu dit, eta Coppola zine zuzendaria bera behin Buenos Airesera etorri zela, Assasination Tango izenburuko filmearen ekoizlea baitzen. Coppola San Telmora etorri zen, nora eta Eduardok berak lan egiten zuen tabernara. Eduardori filmean extra gisa lan egiteko aukera eskaini zioten: Mozkorraren papera bete behar zuen, baina errodajetik kaleratu zuten 'gehiegi aktuatzeagatik'.


Eduardok 10 peso eskatu dizkit orduan, putetxera joateko irrikitan dago-eta. Argentinan putetxeetara joateko joera handia dagoela esanen nuke. Kanariarrak asteburuak Buenos Aireseko familia batekin ematen ditu, eta, esperientzi horretan oinarrituta, nire iritziarekin bat dator, familiako gizonezkoen hizketagai nagusia putak baitira. Emazteak gertu izatea ez da oztopo beraientzat, lasai askoan ibiltzen dira putak gora eta putak behera, aitortu dit parrezka Ignaciok.

Jakin badakit Eduardori emandako dirua bueltan etorriko ez dela, baina bost axola zait. Ardoaren eraginpean gustora aritu naiz solasean, eta bere bizitzaren beste alderdi batzuk ezagutzeko parada izan dut. Ez dakit sinisteko modukoak diren, baina sexuaren bila txirrindulaz atera aitzin, boxealaria, itsas-ingenieritzako ikaslea eta bi seme-alaben aita dela esanez osatu dit bere kurrikuluma. Txirrindula eskuan duela, inoiz Luna Parkera boxeo emankizunen batera baldin banoa, aurrekaldeko eserlekuetarako sarrerarik ez erosteko gomendioa eman dit, odol tantak nire aurpegia zipriztindu baitezakete.

ARGENTINA BIHURRIA

Buenos Aires Hego Amerikako kultur itsasoaren hiriburua omen da, eta, egiazki, Clarin egunkaria hartu, eta ekitaldi kulturalak handik eta hemendik sakabanatuak ageri zaizkit. Osvaldo Bayer idazlearen hitzaldi batetara joanen naizela erabaki dut gaur. Osvaldo Bayerrek, diktaduragatik Alemaniako deserrian ibilitako idazle argentinarrak entzule ugari bildu ditu bere ingurura, eta txalo zaparrada handi batekin eman diote ongietorria, ezkerreko mugimenduetan asko estimatzen dutelako seinale. Maiatzeko Amen Unibertsitateko gela nagusia mukuru bete egin da.

Link: Osvaldo Bayer, testua, gaztelaniaz

Link: Osvaldo Bayer, elkarrizketa, gaztelaniaz.


Osvaldo Bayer Argentinako filmografian sona handia duen filme batez aritu da, berau gidoilari izan zen Patagonia Rebelde filmeaz. Idazle argentinarrak hitz jario miresgarria dauka eta, inolako gidoirik gabe, esaldiak goxo-goxo harilkatzeko dohain miresgarria dauka.


Filmea burutu ahal izateko militarrei baimena eskatu behar izan zieten. Gidoia aztertu zutenean, zentsurak ez zuen Patagoniako anarkisten tragedia jorratzen zuen filmean inolako arriskurik atzeman. Azken zatian sartu zituzten guraizak soilik. Zentsuratutako akabera honetan putek soldaduei erdeinu egiten zieten. Langile anarkisten kontrako eraso odoltsuaren ostean, militarrak putetxeetara sexu bila abiatu zirelarik, putek ostikoka karrikaratu zituzten, protesta gisa, eskuak odolez zikinduta zituztela aurpegiratuta. Prostitutak izan ziren, Osvaldo Bayerrek azpimarratu duenez, militarrek egindako sarraskia salatzeko altxatutako bakarrak.

Anarkistek Galesetik etorritako abeltzainen haziendatan egiten zuten lan, eta gehientsuenak italiar eta espainiar jatorrikoak ziren. Protestaka hasi zirelarik, mahai gainean oinarrizko eskakizunak jarri zituzten, nagusiak ematen zien kandela kopurua handitzea, kasu. Baina lurjabeek errepresioaren aldeko hautua egin zuten.

Link: Patagonia Rebelde, testua, gaztelaniaz

Bayerrek estreinaldiaren nondik-norakoak aipatu ditu. Estrenaldira Kongresu eta Senatuko politikariak gonbidatu zituen, pelikulari onarpen ofiziala ematearen kariaz. Bayerren lagun batek, komikilaria berau, idazleari estreinaldian egon nahi zuela adierazi zion eta, arren eta faborez, filmerako gonbidapena eman ziezaiola. Bayerrek baietz erantzun zion, eta komikilariak, zuzendariak izan zitzakeen zalantzak ezabatze aldera, 'lasai, ez dut ezer arrarorik eginen' gaineratu zuen.

Pelikula hasi eta berehala, komikilaria altxatu eta 'Viva los Montoneros, cojones!' garrasi egin zuen. Zinema aretoa tupustean hustu egin zen, eta pelikulak zentsuraren debekua jaso zuen. Orain, bigarren estreinaldia ematen ari dira Buenos Airesen.

ARPILAKETAREN MEMORIA

Ariel lagunak, Mexikon geundela, Argentinan hainbeste artista egotearen gakoa azaldu zidan. Argentinarrek kolperik jo gabe ongi bizitzea dute helburu, eta horrexegatik dago hainbeste artista. Edozeinen ametsa dela gaineratu nezakeen, nirea ere, baina tira, kontua da Argentinan oso idazle onak, oso musikari onak, oso futbolista onak, oso psikologo onak, oso psikiatra onak, oso publizista onak, edota oso zine zuzendari onak daudela. Bistan da krisia dagoenean irudimena azkartu beharra dagoela, eta argentinarrak maisu dira horretan.

Argentinako zinema puri-purian dago. Karteldegiko pelikulen artean erdiak-edo argentinarrek zuzendutakoak dira. Gaur ostatuko lagun kaliforniar batekin 'Memoria del Saqueo' filma ikusi dut.

Link: Memoria del Saqueo, filma, gaztelaniaz

Hipolito Irigoyen karrikako zinema zaharrera sartu gara. Oso ikusle gutxi gaude. Dokumentalari 2001eko abenduan jazotako iskanbilekin ematen zaio hasiera. De la Rua presidente karguan izendatu berria zen, eta gatazka soziala lehertzear zegoen. Protestan, hiritarrek Maiatzeko Plaza hartuta zuten, Argentinako gunerik sinbolikoena, eta granaderoak itzulinguruka zituzten, erasorako abisuaren zain. Manifestariek '!El pueblo no se va!' ohiu egiten zuten. Maiatzeko Plazako Amek granaderoen zaldi urduriei aurre egin zieten. Oso irudi latzak dira. 70 urte pasatxoko emakumeak, motelak eta hauskorrak, poliziaren gehiegikeriei aurre egiten.


Filmean dolar eta pesoaren arteko berdintasuna hautsi zeneko garaia jorratzen da, herritarren altxamendua eragin zuen debaloaketaren prozesua. Menem presidentea eta Duhalde ekonomia ministroa dira herriaren arpilaketaren testigantza honetan okerren paratuta ageri direnak. Menemek dekretuen bidez gobernatu zuen, eta dolarraren paridade faltsua mantentzearren multinazionalei sektore estrategikoak merke saldu zizkien. Garaiotan Argentina Nazioarteko Moneta Funtsaren ikaslerik goraipatuena zen, eta klase ertainak begi onez zekusan Duhaldek gidatzen zuen politika ekonomiko neoliberala.

Entrepresa publikoen salmentek ustelkeria areagotu zuten. YPF petroleo konpainia Repsol espainolaren menpe gelditu zen, Telefonica espainola eta Telecom frantziarra telefono publikoen jabe egin ziren, Iberiak Aerolineas Argentinas erosi zuen, BBVA euskaldunak Banco Francés... Batzuek paridadeaz gozatzen zuten bitartean, beste batzuk miseriaren putzuan erortzen hasiak ziren. Argentinako enpresak, pesoaren balio handia zela eta, ez ziren esportaziorako errentagarri, eta askok eta askok ateak itxi egin behar izan zituzten. Pino Solanas, dokumentalaren zuzendariak, atentatua pairatu zuen Menemen gobernu garaian kontu guzti hauek salatzeagatik.

Link: Pino Solanas, atentatua baino lehen, bideoa, gazteleraz.

Link: Pino Solanasen aurkako atentatua, bideoa, gazteleraz.

Menemekin diktaduraren garaitik zetorren kanpo zorrari zero asko gehitu zitzaizkion. Dokumentalean honako galderak egiten ditu Pino Solanasek: 'Nork sortu zuen kanpo zorra? Zergatik kitatu behar dugu argentinar guztiok bakar batzuek sortutako zorra? Zergatik ordaindu behar ditugu eskandaluzko interesak?'.

Gidoilariaren arabera, Argentinak garai horretan bankuetan ohikoak ziren interesak ordaindu izan balitu, kanpo zorra aspaldi kitatua legoke. Gainera, bankuek ez zituzten beren konpromezuak bete. Banku handiek, paperean, funtzionamendu autonomoa dute, eta etxe nagusiak ez dira tokiko bankuen galeren arduradun egiten. Dolarra eta pesoaren arteko berdintasuna hautsi zenean, dibisak Lehenengo Mundura bidaltzen zituzten bankuak diruz hustu egin ziren. Dolarrak desagertu ziren, eta bezeroei trukean pesoak eman zizkieten. Dolar bakarra, hiru pesoen truke.

Filmean Villa Miseriak ageri dira edota Tucumaneko hospitalean bizi izandako desnutrizio kasu lazgarriak. Hospitaleko irudiak Afrikatik eskaintzen dizkigutenaren gisakoak ziren, haurrak haragi eta hezur zeuden, lerdea zeriela, non eta 200 miloi biztanle gehiago elikatu ditzakeen herrialdean. Tucumaneko mediku batek hitzegiten du erreportaian, pobreak ere pertsonak direla defendatuz. Seme-alabak janari eske datozkiolarik ama bati sortzen zaion atsekabea azaltzen da ere: -Nolatan esan diezaioket nire alabatxoari jatekorik ez dagoela?

EL TIGRE

Tucumaneko irudiak ezagunak nituen. Iruñeko besaulki erosotik jarraitu nuen Argentinako krisia, eta telebistako informatiboetan Tucumaneko ospitaleko irudiak bota zituzten.

Link: Gosea Tucumanen, bideoa, gaztelaniaz

Argentina europarrontzat babesleku historikoa izan da, txirotasunetik ihes egiteko lurralde zabal bezain joria. Argentinar gehienek abizen espainola, italiarra edo euskalduna dute. Horregatik, telebistako irudietan nire auzokidearenak edo nireak izan zitezkeen haurrak ikusi nituelarik, zer pentsa gelditu nintzen. Edozein herriari gerta dakioke, edozein pertsonari gerta dakioke. Globalizazioaren kontraesanik handiena da. Lehengai ugari dituzten herri aberatsetan jendea gosez hiltzen da. Afrikako irudiekiko anestesiatua nengoen, baina Argentinakoekin otsoari buztana ikusi nion.


Gizon zahar horrek, gizon zaharra, tikiton, burusoila, tikiton, eskubiko eskua mugitzen du, Bolivar karrikaren bidegurutzean. Eskuekin, disimuloz, atzetik datozen gizakiei berarekin joateko gonbitea egiten diela ematen du: etorri, lagundu nazazue, tikiton. Parkinsona dauka, eskuak bilduta, goxoki bat izkutatuko bailuen, eta dardar egiten dio buruak, tiquiton, Bolivar karrikaren bidegurutzean, semaforoaren aurrean. Urduri dagoela dirudi, zainetan elektrizitatea izango balu bezala. Parkinson, tikiton. Eta zabortegian luzatu du bere lepoa, eta esku urduriekin kartoien artean bilatzen du. Inurriekin jolasean ari dela pentsatzen du gertutik begira ari zaion haurtxoak.


Parana ibaiaren bokalera, Tigrera, txangoa egin dut. Retiroko tren geltokira taxiz joateko deliberoa hartu dut, korrika eta presaka bainabil atzoko parrandaren ostean. Txima luzeko taxistak, buenosairestarren estereotipoari jarraiki, bere gaitasunak puztu egin dizkit bidean, baldarki. Cumbia abeslaria dela esan dit, eta taxiarena hobbytzat daukala. Cumbiak abesten diru mordoa bildu duela eta bi taxien jabea dela esanez ziria sartu nahi dit, burua ni eta bolantearen artean zabaltzen den espazioan ezaxolati mugitzen duen bitartean.

Urrezko bi disko jaso omen ditu Paraguayen, eta nik, hain ospetsua izanik, taxi zahar bat gidatzen ikustea ere! Kotxean Luis Miguelen kantak aditzen dira. Ez du Luis Miguel gustoko, hala esan dit, baina hiriko zaratatik isolatzeko oso baliogarria omen zaio.

Cumbia, Kolonbian arrakasta ezagutu eta gero, Latinoamerika osora zabaldu den musika mota da, eta Argentinan pobreen musikatzat jotzen dute. Tren geltokira iritsi baino lehenxeago bere ideologiaren berri eman dit taxistak. Buenos Airesen irla batetan bizi direla esan dit, eta krisiaren eragina ez dutela gehiegi nozitu. Hori bai, hiritik pittin bat atera ezkero txoko guztiak indijenez josita daudela ikusiko dudala ohartarazi dit. Taxistaren aburuz indijenek ekartzen dute pobrezia. Ez dut taxistarekin eztabaidan hasteko indar aski. Kotxetik atera eta '!Viva España, la madre patria!', ohiu egin du, eta handik gutxira '!Viva el Vasco!' erantsi. Agur esan diot nik ere.

Link: Cumbia Villera, Supermerka2, bideoa.


VILLAMISERIATARRAK

Patagoniako glaziarrik turistikoenak Perito Moreno ikertzailearen izena dauka, eta ni Argentinara iritsi naizenetik denen ahotan dago glaziarrak marraztutako izotz-zubi apetatsua puskatu egin dela. Telebista guztietan zuzenean eman dute zubiaren erorketa. Rio de la Platan, Buenos Airesetik nahiko hurbil, Perito Morenoren Zientzia Naturaleko Museoa dago, eta bertara joan naiz, trenez, Amerikako animali disekatuen bildumarik handiena ikusteko desioz.

Link: Perito Moreno glaziarraren apurketa, bideoa.

Trenean denetarik saltzen ahalegindu zaizkit: haurrendako ipuinak, hilabete batetan inglesa ikasteko metodoak, hortzetako zepilloak, boligrafoak, metxeroak, alfajoreak, goxokiak... Saltzaileak Villa Miseria izeneko auzo pobreetan bizi dira, eta aldez aurretik ikasitako hamar esaldiak mekanikoki errepikatzen dizkigute, marketing kaskarrena erabiliz. Lehendabizi, ez dutela ezer saldu nahi esaten dute eta hamargarren esaldira iritsita, egundoko eskaintza egiten digute: hiru koaderno baten prezioan. Bidaiariek buruak makurtu edota lehioaldera jiratzen dituzte, saltzaileen begiekin talka ez egiteko, eta, ondorioz, erosteko konpromezurik ez hartzeko. Nire harridurarako, bagoietan beti purtzileriaren bat edo beste saltzea lortzen dute.

Link: Villa Miseriak, gaztelaniaz

Deigarria da saltzaileen arteko elkartasuna. Bagoien artean patxadaz itxaroten dituzte euren turnoak, bagoien arteko hutsunetan zain. Bata bestearekin topo egiten dutenean, elkartasun keinuak, zapladak bizkarrean eta irrifarrak trukatzen dizkiote elkarri.

Pobreen arteko elkartasuna fenomeno interesgarria da. Iluntzen duenenan kartoi biltzaileak Buenos Aireseko auzo pobreetatik hiriaren bihotzera datoz. Norbera denboraren poderioz bere eginiko lan-eremuan kokatzen da. Esistitzen ez direla ematen du, arima erratiak dirudite. Beren kasara egiten dute lan, isil-isilik, hiritarrak bulegoetatik burumakur etxeratzen diren bitartean. Kartoi bila familia osoa ibiltzen da, eta euren bizikarroekin beste familia ezagun batena ikusten dutelarik garrasi betean hasten dira agurtzen, adeitasunez, Buenos Aireseko hondarreko orduen isiltasuna hautsiz.

Perito Morenok esana: 'Lana eta eskola dauden lekuan kartzelak ixten dituzte'. Villeroak dira hein handi batetan espetxeetako bezero nagusiak, edo, beste era batetan esanda, Cumbia Villeroa da espetxeetan gehien entzuten den musika mota.

La Platarako bidean Villa Miseria batzuk ikusteko modua izan dut. Adreilu, xafla eta egurrezko auzoak dira treneko lehiatilatik ikusten ditudanak, urbanizatu gabeak gehienak, lokatsezko zoluen gainean inprobisatuak.

Link: Rap Villero, Argentinako telebistan, bideoa

Etxetxoak behi, zaldi, zakur, zuhaitz eta futbol piloten artean altxatzen dira, eta bidezidorretan mugimendu handia somatzen da. Uda amaitzen ari da Buenos Airesen, eta ez dut pentsatu ere egin nahi ze nolako negu gorriak pasatuko dituzten hantxe.

Villeroak aparteko gizarte batetan bizi dira. Ez dute kotizatzen, eta ez dute Estatutik zerbitzurik jasotzen. Buenos Aireseko hiribarnea nahiko segurua iruditzen zait niri, izkina bakoitzean polizia bat dagoelako, besteak beste . Villeroek, berriz, polizia faltan daudela diote, eta villetara doazen polizia bakanak ustelak direla, ustel bezain erasokorrak.

Ni bezalako turista bat oso helburu erraza da hirigunetik kanpo, horixe aldiro errepikatzen didatena, eta paranoiak jota nago. Nik ez dakit zer pentsatu, ez dakit egia izanen den edota aurreritzia, baina badaezpada segurtasuna aukeratu dut.

Beltzaranok, halarik ere, bidaiatzeko orduan pribilejiatuak gara. Nolabait esateko, ez gara deigarriak. Buenos Airesen nagoenetik bospasei aldiz karrika baten kokapenaz galdezka etorri zaizkit. Argentinar itxura dut, badajoztar itxura izan dezakedan bezala, marrokiarra, limeñoa, mexikarra. Abantaila handia ezbairik gabe, ahoa zabaltzen ez badut bederen.

Etxera doazen hiritar eta kartoi bila dabiltzan villeroen artean amildegi sakona dago. Buenos Aireseko biztanleen laurdena villetan bizi dela irakurri dut gaur Clarin egunkariko estatistika batetan. Nik, noski, beste hiru laurdenekin hitzegiteko modua izan dut, eta gehienak topikoekin jardun zaizkit, 'besteaz' ezer gutxi dakitela erakutsiz: haurrak kontrolik gabe munduratzen dituztela, ez dutela lan egiten, Estatuari esker bizi nahi dutela, piketeroekin protestan ibiltzen direla etengabe...

Ceciliak, ostatuan ezagutu dudan jatorri italiarreko neska beltzaranak aipatu didanez, krisia lehertu zenean buenosairestar asko zur eta lur gelditu ziren, ez baitzuten pobrezia horren berririk. Errealitate horrekiko isolaturik bizi zirela, itsuturik, burbuila batetan, aitortu dit Ceciliak.

Link: Cartoneroak, testua, gaztelaniaz.

Perito Morenoren museoan aspertu arte ibili naiz Juan peruarra eta Ignacio kanariarrarekin. Perito Morenok txikitan Buenos Aireseko auzo batetan hartutako lehenengo harrietatik hasi eta animali disekatuen bilduma amaigaberaino.

Link: Museo de la Plata, webgunea, gaztelaniaz.

Tenedor Libre batetan jan dugu, lehertu arte jan dezakezun jatetxe horietariko batetan. Juanekin nazkatzen hasia nintzen, baina korearren esku dagoen jatetxe honetan elkarrekin bazkaldu eta gero, berataz aldentzeko erabakia hartu dut.

LA BOCA


Behinala Bocara iristen ziren etorkinak, Boca auzora. Bocako etxe koloretsuak gida turistiko guztietan ageri dira, baina kaiak jada ez ditu gosetik ihesi datozen etorkinak hartzen, turisten autobusak baizik. Turistak Bocako karrika ezagunenera heldu, goitik behera ibili, tango emanaldi laburren bat ikusi, koadroren bat erosi eta autobusetara igotzen dira berriz.


Karrika ezagunetik 20 metrotara beste Boca bat dago, pobrea, hasierako etorkinek oinordetzan jasotakoa. Oinez joan naiz bertara, tango eta lumfardo hizkeraren iturrira, eta ezin dut ukatu beldurra pasatu ez dudanik. Begirada asko erakarri ditut bidean, eta tentsio arraroa somatu dut, arrisku sentsazioa. Autobus publikoan bueltatu naiz bada San Telmora, etxera.



Aurrekaldean eseri eta gidariarekin tartarrean ibili naiz. Seguruenera berari ez zaio nire hizketagaia gehiegi interesatzen. Niri berea ezta ere. Baina burua despistatu beharraean gaude. Egunean 10 orduz dihardu lanean, baina Bocara dihoana ez da bere ohiko ibilbidea. Gidari bat gaixo jarri da eta ibilbidea berari egokitu zaio. Autobusak, Mercedes Benz motorra izan ezik, Argentinan eginak daudela esan dit, eta taxisten artean 'piolak' edo jatorrak badaudela, baina eskuarki gorrotagarriak direla, errepideak eurenak direla pentsatzen dutela, eta egunero ibilbide bera egiten duela, Los Olivosetik Retirora, eta hiru ordu ematen dituela bidaia bakoitzean, eta ezin duela ulertu nolatan ausartu naizen Bocara nire kasara jeisten, eta zorte ona izan dudala, eta piketeroek hor aurrean bidea moztu dutela, eta hobe dudala hementxe bertan jeisten banaiz. Bozinari sakatu diolarik, ez dio Espainiari bibarik eskaini.

Link: La Boca, testua, gaztelaniaz