AUTOBUSAREN BURRUNBA

Krisian dagoen herri bat erraz atzeman daiteke, txirotasunaz aparte bi baldintza betetzen baititu: taxi kopurua demasakoa da, batetik; eta gailetak, kokakolak eta tabakoa saltzen dituzten denda ttikiak perretxikoak bailiran hazten dira, bestetik.


Telefono deia egin eta tabernara bueltan, tabakoa erostera sartu naiz horietariko denda ttiki batetara. Gaileta, zigarro eta kokakolen anabasaren erditik buru bat azaleratu da. Horrela ezagutu dut Rafael gaztea. Aita Lugokoa du, galiziarra, Argentinara ikasketarik gabe, maleta hutsik, etorritakoa berau, eta orain Alejo Carpentier, Cela edota Garcia Lorcaren idatziak hitzez hitz errepikatzeko gai omen dena. Dirua egin asmoz etorri zen Argentinara, eta arras ongi bizi da Espainiako gobernuak ordaintzen dion jubilazioari esker, munta eskasa izanagatik, euroak balio hirukoitza baitauka ozeanoaren bestaldean.

Ea egunen batetan aita ezagutzerik badudan, opa egin dit Rafaelek, oso gizon interesgarria dela, errepikatuz. Seguruenera, argentinarren aurka sekulakoak eta bi botako dizkit, ohartarazi dit Rafaelek, baina berdin egin zuela Galiziara oporretara joan zelarik, galiziarren aurka orduko horretan, eta Franco estimatzen duela, eta Peron, eta Benito Perez Galdos, eta Zapatero. Agur, bai.


Ederki nago. Autobus batek burrunba handia atera du tabernaren paretik igarotzerakoan. Pastu orduko, usoei ogi apurrak ematen dizkien atso bat utzi du begibistan, grabidadearen indarrak okerturiko gorputz ahula. Paretan Kirchner lehendakariaren aldeko murala zabaltzen da, eta ondoan espray gorriz idatzitako esaldi bat: Las elecciones pasan pero el hambre continúa.

Jendea autobus geltokiaren aurrean zai dago. Ez dute politikariengan sinisten, hala aitortu dit San Telmoko tabernariak. Kirchnerrek hitzegin, ongi hitzegiten du, peronismoaren hegal ezkertiarrean kokatua dago, eta tunelaren iluntasunean argi puntu bat bailitzan hartzen dute. Jendeak, alta, ekintzak behar ditu, eta aiduru daude.


Kafetegira hurrengo saltzailea bertaratu zaigu, gizona, 40 bat urtekoa. Baratxuriak saltzen ditu, baina alferrikakoa izan du bisita beronek ere. Dotoreziaz, produktua estimatuko balute bezala, tabernako bezeroek banan banan ezetz esan diote, eta saltzailea besterik gabe karrikara atera da.

Pentsakor nabil. Ez, ez naiz monumentu guztiak ikustera joanen, turistagune guztiak. Egungo Argentina ezagutu nahi dut, Argentina eta argentinarrak, lurra eta lurtarrak. Hauek emakumeak! Hementxe, aurreratu dit Horaciok, emakumeek oso berandu arte zaintzen dituzte euren gorputzak. Oso kuriosoak dira, pittin bat eskizofrenikoak, histerikoak, bere aburuz. Eta nik karriketatik ikusten ditut, bularrak tente, gerri biluziak, kolore guztietako begiak, aurpegi erakargarriak, jolasteko gonbitea egiten duten keinuak...

Ostatura bueltakoa egitea erabaki dut, berandutzen ari zait, eta hirira ailegatu berria naizen neurrian, ez dut momentuz gauez bakarrik ibiltzeko adorerik. Ezagutzen ez dudan karrikaren iluntasunak errespetoa eragiten dit. Bai, beldurrak jota ibiltzen naiz, erne, burua ezker-eskuin mugitzen.

Bidean errepresio garaiak gogora ekartzen dituzten muralak ageri dira. San Telmon oso krudela izan zen 30.000 gizaki akabatu zituen diktadura militarraren hozkada. Karriketan jende eskas dabil, ikasleren bat, portalean solasean dabiltzan lagun koadrila eta auzokideak, taxiak eta autobusak.

Link: 1976ko estatu kolpea Argentinan, testua, euskaraz

Haize leuna dabil eta freskatzen ari du. Zakurrak zaborren artean janari bila ari dira, eta kartoi-biltzaileek euren bizikarroekin, metal eta kartoizko barraskilo erraldoiak bailiran, erreziklagai dena pilatzen dute.


Ostatu ondoko supermerkatuan sartu eta afaria erosi dut, konplikazionerik gabekoa: espagetiak. Familia osoa dabil supermerkatuan lanean. Errusiar jatorrikoak direla apostu eginen nuke, edo kroaziarrak, edo auskalo, eslaboak betiere. Kaskagorriak dira, begi urdinekoak, isilak. Hotzak dira, hotzak bezain langileak.