MACHU PICHURAKO IGOERA

Coyote Ostatuko nagusiari 5 t´erditan abisua emateko eskatu diogu eta gizonak baietz erantzun digu, inolako zalantzarik ez eukitzeko, goizeko bost t´erdietan puntu-puntuan gure atean joko duela, ez duela lorik egiten lanean dagoen bitartean, ernai egonen dela. Eskerrak Mikel erlojuaren alarma fina entzuteko gai izan dela. Ataritik igaro garenean, nagusia mahai gainean etzanda aurkitu dugu, zurrunkaka, ez da ohartu ere egin gu bagoazela. Gaitzerdi zalantzak euki genituela.



Oinez igo gara Machu Pichura, harrizko eskaileretatik gora, eta bidean txoritxoek adarretik adarrera jarraitu gaituzte. Eguzkiari aurre egiteko atera gara goizter. Naturaren zaratak isiltasun epela sortzen du, belarrietarako gozagarriak diren soinuak. Gure gorputzak ez dira gizakiek sortutako zaratak entzutera moldatu, naturarenak hobeki gureganatzen ditugu.

Turista pare bat aurkitu dugu gure igoaldian. Turistak orokorrean autobusez iristen dira Machu Pichuren sarreraino. Ordubetez luzatu da igoaldia, eta ezin izan ditut eskailera guztiak zenbatu.

Hala bada, azkenik, Machu Pichun sartu gara. Hippiek sarrera ez ordaintzeko modua ere bazegoela esana ziguten, baina ordaintzea erabaki dugu, arazoak baztertzearren. Aluminiozko sarrera dotorea gurutzatu dugu, eta barruan gaude jada.

Geografiako liburuskan ikusitako argazki bera daukat begien aurrean. Muinotik jeitsi eta herriskan barneratu gara; Eguzkiaren tenpluan eseri gara; aztarnategia ezagutzera eman zuen estatubatuarraren inguruko xehetasunak jaso ditugu; llamak sakrifikatzen zituzten lekua ikusi dugu; lekuko izpirituak eta arimak solasgai dituen gizon baten azalpenak aditu ditugu.

Korrika eta presaka ari gara Machu Pichutik. Eta berriz gora, Wayna Pichurantz, argazkietan ageri den mendiska berde-piku horretara. Igoaldi nekeza zinez. Gurekin Peruko bi neskato datoz eta esfortsu handiak egin behar ditut nire maskulinitatearen ahulezia agerian ez uzteko. Gizonak halakoak gara batzuetan. Arnasari ezin eutsi nagoela 70-80 urte bitarteko japoniar talde batekin egin dut topo. Nikotina madarikatua! Ahal izan dudan bezala agurtu ditut. Bihotzak ahotik atera nahi duela irudi du. Japoniako aiton-amonek nik baino erresistentzia handiagoa daukate. Ez da posible! Wayna Pichuren tontorrean gaude, arroken artean lekututa. Machu Pichu osoa dakusagu hemendik.



Pittin bat deskantsatu eta behera joan gara berriz, Ilargiaren tenplurantz. Gehiegi jeisten ari gara, giharrak ahul ditugu, eta jeitsitako guztia berriz igo beharko dugula pentsatze hutsak sufriarazten nau. Tenplua arroketan zulatuta dago eta zuriska da, ederra. Ez dago inor eta hementxe bazkalduko dugu. Arraroa da sardinez betetako latorrizko lata bat edo Suizako laban gorriska bat llamak sakrifikatzen zituzten leku berean ikustea. Goseak gaude.