SPONSORRA, INEM

Hala bada, azken momenturarte ibili nintzen duda-mudetan, liburutegiko bidai-gida guztiak miatzen, interneteko pantailan burua murgiltzen, eta liburu-dendetan 'de estrangis' bidai aldizkariak irakurtzen (interesatzen bazait erosiko dut: aurpegi hori jartzen nion dendariari egunkaria edo tabako paketea erosi aitzin).


Mexikora berriz joateko txirrinta banuen, edo India ezagutzekoa, edo Afrika, edota Argentina... Etsituta nengoela pentsatuko du batenbatek, edo lerro hauetatik iritzi hori atera lezake, eta baliteke arrazoia eukitzea; alabaina, nire inguruko lagun asko antzera ikusten nituen Vienaren itxura hartzen ari den gure Iruñea honetan, eta hauei ez zitzaien burutik pasatzen euren geletako lau hormetatik haratago El Dorado esistitzen ahal zenik. Txoriek euren burezurren barruan hegan egiten zuten ere, baina ez zituzten askatu nahi, txoria beti kabira itzultzen dela aski ongi baitakite. Gelditzerik banuen, baina joaterik ere bai. Finean, Lehenengo Mundutik kanpo dagoen norabaitera atera nahi nuen eta punto. Oaxakan ezagututako Arielen dei batek eman zidan behar nuen azkeneko bultzada. Goizeko hiruretan deitu zuen, despisteetan maisu, eta telefonoan mezu bat utzi: Koldo, venite pacá, a Mendoza, llamame en cuanto puedas, mi vida es un auténtico quilombo.


Denboraldi batez Estatutik bizi nahi nuen. Ospitaleko lan monotonoa amaitzear neukan. Kontratu bat finitu beharrean nengoen langabezia kobratu ahal izateko, aurreko lana nik neuk utzi nuenez gero ez baineukan dirusaria kobratzeko eskubiderik. Eta hantxe nenbilen, neguko ordezkapenak egiten, asper-asper eginda, nazkatua, motibaziorik gabea, egutegiaren orriak astiro askatzen, artega, lanaren nondik norakoak ikasteko batere gogorik gabe, goibel, nagusiaren promesen aurrean aurpegi interesatua paratzen: Lasai, Koldo, hemen lan mordoa dago eta behin ordezkapen-zerrendetatik deitzen hasita ez zaizu faltako. Ibili lasai.



Eta oso lasai nenbilen, lasaiegi. Noski, ez nion nagusiari barruan gordetzen nituen ideien berri ematen. Tontoarena egiten nuen, barne barnetik, hesteekin edo, irrifarra itzultzen niolarik: Bai, pribilejiatua naiz Osasunbidean ordezkapenak egiten ditudalako, eta ez, ez dut aukera hau inolaz ere galduko, behin erakundearen barruan egonik egoerari probetxu atera behar baitzaio, bai jauna, edozer egiteko prest nago kontratu duin bat eskuratzearren.


Senideak agurtu ditut. Oraindik ez naiz kargu egin. Abioian nago preso. Ezin diot pilotoari gelditzeko eskatu. Hesteak dilindan izan ditut abioiak gora egiten duen tarte amaigabean. Altuera nahikoa hartu duenean, tripak pausatu egin dira, eta ezertan pentsatzeko gogorik gabe abioien ezaugarriak aztertzen dituen aldizkari astun horietako bat hartu dut. Airbus 300, Boeing 420. Bai interesgarria. Bai. Beno. Arnasa hartu dut. Oraintxe hasten da bidaia.