ITZULERA ALTERNATIBOA

Coyote tabernan merezitako atsedena hartu eta gero, motxila bizkarrera aupatu eta trenbidera abiatu gara. Ollantaytamborako bidea hartu beharrean, Hidroelektrikaruntz joan gara, kontrako norabidean. Jakin badakigu Cuscora itzultzeko bide alternatiboa, bailarari buelta osoa ematen diona, hartzerik badugula, eta horixe aukeratu dugu. Peruraili txanponik ez emateko erabakiari irmotasunez eusten diogu.

Bederatzi kilometro egin ditugu trenbidean barrena Hidroelektrikara iritsi garenean. Hidroelektrika abandonaturik dago, eta trenbidearen bi aldetara denda xumeak paratu dituzte. Platanoak erosi eta Santa Teresako udaletxearen kamioiaren zai gelditu gara, hura baita garraiobide bakarra.

Aspertzen hasiak garenean, dendari batek esan digu azken boladan hikamika handiak izan dituztela Santa Teresatik Aguascalientesera produktuak saltzera joaten diren herritarrek. Geroz eta atzerritar gehiagok bide alternatiboa aukeratzen du eta, zerbitzuagatik dirua jasotzen duen gidaria izan ezik, beste bidaiari guztiak ez daude atzerritarrak eramatearekin konforme. Arrazoi honengatik oinez jarraitzea erabaki dugu. Inork ez digu ziurtatzen kamioia etorriko denik, inork ez digu ziurtatzen kamioiak eramanen gaituenik. Eguzkiak bete-betean jotzen du eta meategi batetan diharduen langile batekin goaz hizketan. Santa Teresan fruitu ugari ekoizten dituzte, aguakateak eta bestelako fruitu tropikalak, eta bertako kafea Peruko kaferik onenetarikoa da.

Santa Teresarako bidean turistei 'Machu Pichuko bide alternatibo' gisa saltzen zaiena ikusteko beta izan dugu. Turistak motxilarik gabe datoz eta atzetik indiarrek sherpa lanak burutzen dituzte. 15-20 solen truke (3 euro) motxila pisutsuak garraiatzen dizkiete azal zuriko turistei. Hain da garestia 'inken bidea' agentziei beste bide hau okurritu zaiela.

Link: Foroa, Machu Pichu alternatiboa, gazteleraz.

Santa Teresara iristekotan gaudela Urubamba ibaiaren harresi iragangaitzarekin topo egin dugu. Amildegi zoragarria ikusten dugu gure oinen azpian eta ez da bidea erraztuko digun zubirik. Tirolesaz joan beharko dugu bestaldera. Tirolesa herdoilez betea dago eta ziur naiz Europan ez lukeela inolako kalitate frogarik pasako. Gure buruak arriskatu beharko ditugu, ez baitugu atzera egiteko aski indarrik.


Sokak eta trasteak prestatzen gaudela, sorbaldan 50 kilo dinamita dakartzan gizon bati bide eman diogu. Zur eta lur utzi gaitu, tirolesan dinamitarekin zelako trebeziaz mugitzen den erreparatuta. Beronek azaldu digu tirolesa erabiltzeko modua. Haren atzetik egin dugu salto ibaiaren bestaldera.


Santa Teresatik Quillabambara doan konbia goizeko lauretan ateratzen da. Badaezpada, inguruotan dabiltzan injeniari batzuen kamioian joaten saitu gara. Injeniariek baiezkoa eman digute, baina hiruzpalau orduz itxaron eta gero etsi beharrean izan gara. Agerikoa da euren baiezkoa konpromisokoa izan dela eta ez dituztela inondik inora gringoak eraman nahi.

Santa Teresa herri pobrea da, nekazarien herria, eta ostatu triste batetan utzi ditugu gure motxilak. Machu Pichu ostatuan.


Izen ezin orijinalagoko ostatu honetan Martin izeneko gazte bat ezagutu dugu, Quillabambara doan konbian gidariaren laguntzaile den mutikoa. Martinekin, gauez, linternak hartu eta ur termaletara joan gara. Gaua itxia da eta bidea ozta-ozta antzematen dugu. Uretan murgildu garelarik aurreko egunetako nekeak goxo-goxo arindu zaizkigu. Izarpean gaude, erabateko isiltasunean, biluzik, giharren gogortasunak biguntzen.