OSPA MENDOZATIK

Mendozatik atera naiz gaur, Arielen familiaren etxetik. Abioi txartela hantxe uztera behartu naute, bueltan Mendozatik berriz igaro nadin. Goizeko bostetan altxatu behar izan dut, ene errekorra bidaia hasi nuenetik. Nagiak kendu eta Ariel zurrunkaka dagoela ikusi dut. Ez dut iratzarri nahi izan. Notatxo bat utzi diot mesanotxean, eta sukaldera abiatu naiz. Kafea prestatu dut, eta motxila sorbaldan paratu dut. Tunuyan lo dago, eta udazkeneko hostoen hegaldiak eta mahatsondoetara joan behar duten bolibiar ixilen itzalak atzeman daitezke bakarrik. Bolibiarrak aski ongi moldatzen dira iluntasunean, estorbo egin nahiko ez balute bezala, eta begi niniek salatzen dute soilik euren presentzia gaueko ordu txikitan.

Link: Tunuyan, web orria, gaztelaniaz

Tunuyanetik alde egiteko premia neukan. Giza harremanak sendotzen ari ziren eta soken kontra sentitzen nintzen. Ariel gaizki ikusten nuen, sarri kimikari heltzen baitzion bere barruko atsekabea baretzeko, eta Arielen amak -beste edozein amak eginen zuen bezala- salataritzat nahi ninduen. Banekien amari egia aitortzea Arieli laguntza emateko biderik eraginkorrena izanen zela, baina banekien baita ere hala egingo banu Arielen adiskidetasuna betikoz galduko nuela.

Ihes egin dut hortaz. Bakarkako bidaia hastera doa. Bai Buenos Airesen eta bai Mendozan lagunduta ibili naiz, eta oso urriak izan dira nire kasara ibiltzeko aukerak. Boliviaruntz egitea erabaki dut, mantso, poliki-poliki, aldiro gelditzen. Negua hastera doa, eta Patagonian elurra ari du dagoeneko, eta ez dut hotza pasatu nahi, eta ez dut motxilan elurrerako aproposak diren jantziak eramaten, eta ok eginda nago Iruñeko neguarekin. Iparraldera joko dut beraz.

Oraindik ez ditut Argentinako neurriak ongi kalkulatzen, eta mapan gertu ageri dena errealitatean ehundaka kilometrotara dago. Atzo Argentinako errepide mapa erosi nuen, eta boligrafoarekin San Juan hiria azpimarratu nuen, Arielen nobiaren aholkuari jarraituz.

Arielen neskalaguna emakume atsegina da, begi urdinekoa, lasaia, eta 'Ilargiaren Bailara' ezagutzeak pena merezi duela esan zidan, eta hara joateko, ez nintzela damutuko. Gutxi hitzegin dut berarekin baina oso konexio ona euki dugu elkartu garen bakoitzean. Aita militarraren tiraniak astindutako emakumea da, eta bere bizitzak hil ala biziko aldaketa sakona behar du.



Bailarara iristeko jarraitu behar dudan ibilbidea orriska batetan zehaztu dit. San Juanera joan beharko nintzateke lehenik, 9 peso eta bi ordu; handik, Vallecito etxeko autobusean, San Agustin del Valle Fertilera, 14 peso eta lau ordu; eta San Agustinetik Ilargiaren bailarara, turistendako jeep batetan, 40 peso eta ordubete.

Autobusik goiztiarrena aukeratu dut nire jomugara lehenxeago iritsiko naizelakoan. Ilargiaren bailara... Lekuaren deitura oso kilikagarria egiten zait, eta bailararen barruan dagoen Talampayako erreserban dinosaurioen fosil mordoa aurkitu dutela aurreratu didate. Lekua ezagutzeko irrikitan nago. Gehienei bezala, ilargia hitzak harrapatzen nau. Arielen neskak azaldu didanez, honakoa ez da Latinoamerikako 'Ilargiaren Bailara' bakarra.

Kafea edanda, etxeko atea itxi eta autobus geltokirantz joan naiz. Orientatzeko tenorean kalamidadea naiz. Beti ikur bisualak behar ditut, mapekin ez naiz moldatzen, eta erreferentzi gisa bizilekutik gertu dagoen karrika nagusia hartzen dut. Buenos Airesen Bolivar karrika zena, Mendozan Vicente Zapata da, eta Tunuyanen Hipolito Irigoyen.

Hipolito Irigoyenen nago eta egunsentiak txuribeltzez margotzen du Tunuyan. Autobus geltokiak gertu behar du izan, baina karriketan nire burua galdua dakusat eta erlojuaren orratzek ez dute barkatzen. Berandutzen ari zait, berandutzen ari zait. Urduritzen hasia naiz. Atari batetan eserita dagoen boliviar bati omnibus terminala non dagoen galdetu, eta justu kontrako norabidean noala abisu egin dit; baietz, hau Hipolito Irigoyen dela, baina geltokia justu beste aldera dagoela. Tik-tak, tik-tak. Ez naiz iritsiko, ez naiz iritsiko. Abiadura handitu behar izan dut. Taupa-taupa, taupa-taupa. Autobusa puntu-puntuan atera ezkero, nireak egin du. Korrikan nabil nire motxila erraldoia sorbaldan dudala. Galduko dut, galduko dut. Bai, ez. Hortxe dago. Puf! Eskerrak tukumano eta salteñoek hamaika poltsa, koltxoi, jaki eta abarrekoak daramatzatela, eta eskerrak ekipaia guztiak autobusean kabitzen ez direla. Motxila autobusera igo behar izan dut, baina ez dut bidaia galdu. Izerditan blai iritsi naiz, arnas estuka. Goiz goizetik horrela ibili behar izatea ez da osasungarria, hori seguro. Baina autobusean nago, San Juanerako bidean, bakarrik.