SUMAG ORCKO

Hiriko karriketatik, kotxe eta hiritarren buruetatik goiti, zilarra deskubritu zenetik 300 metroko altuera galdu duen mendi gorriska ikus daiteke. Potosiko karrikarik enblematikoena, akaso, Hernandez karrika da, mendizerraren oinetara iristen dena. Hemen, Meatzarien Merkatua aurkitzen da, meategiko azken langileek euren erosketak egiteko baliatzen dutena. Dinamita erosteko ez da paperik erakutsi behar. Perkutorea, metxa eta dinamita-kartutxoak zazpi boliviano balio ditu, euro bat baino apur bat gutxixeago. Mikelek perkutorea eta metxa erosi ditu, souvenir gisa.


Adolfo gidak meategian barrena lagunduko gaitu, eta bere aholkua jarraituz koka-hosto poltsa bat, zigarroak eta errefreskagarriak erosi ditugu merkatuan. Gero, meatzariei banatuko dizkiegu, euren lana ikusteko aukera eskaintzen digutelakoz.


Adolfo, biboteduna eta zurruteroa, meatzaria izan zen ere. Aita silikosiak jota hil zitzaion, eta hori dela eta meategia utzi zuen. Turistekin lan egiteko silizea alkohola eta tabakoarengatik trukatu zuen. Kaskoa, buruko linterna eta arropak beronek utzi dizkigu eta Cerro Ricon sartu gara Mariano, Mikel, Kike eta laurok.


Hasiera batean nik ez nuen itxaropen handirik. Turistendako espreski prestaturiko egitaraua denez, aspaldi erabili gabeko galeria batetan sartuko giñelakoan nengoen, gringoentzat propio moldaturiko eszenatoki batetan.


Sartu aurretik azaldu digutenez, hemengo meatzariek kooperatiban egiten dute lan, eta ustiaketarekin hasi baino lehen eginiko inbertsioaren arabera zatikatzen dituzte irabaziak. Emakumeen artean, gaineratu digu Adolfok, oso preziatuak dira meatzariak, diru dezente kobratu eta laister hiltzen baitira. Meatzarien batazbesteko bizitza itxaropena meategiaren lan-baldintzen araberakoa da. Baldintza kaskarretan lan eginez gero, 40 edo 45 urterekin hiltzen dira langileak.


Meategiaren kanpoaldean, mutiko gazte batzuek meatzariek burdinezko gurdietan ateratzen dituzten mineralak sailkatzen dituzte. Barruan giroa hezea dago, eta beroa, eta meatzariek interesik erakutsi gabe begiratzen gaituzte. Kokaren eraginez masailak puztuta dituzte, itxuraldatuta. Ahoan bost pezetako hamar txikle kabitzen zaizkiela apostu eginen nuke.


Meatzariek sineskeri ugari omen dituzte. Meategiaren barruan ez dute ezer jaten, mendiari jana kentzen diotela pentsatzen baitute, eta, horren ondorioz, mendia beraiekin haserretu daitekeelako. Emakumeekin ere kontuz ibiltzen dira eta nahiago dute kanpoan gelditzen badira.


Meategian gaude. Egurrezko habeek ez digute segurtasun handiegirik eskaintzen. Zulo baten ondotik igarotzerakoan Adolfok iaz bertatik Japoniako turista bat erori eta momentuan hil zela aurreratu digu. Ez dakit egia ote den, baina hortik aurrera tentu handiz ibiltzea erabaki dut.
Adolfok diosku orain gurutzatzen ari garen meategia seguruenetarikoa dela, altuera nahikoa izateaz aparte ongi aireztatua dagoela. Egurrezko eskailera batzuetatik igo eta bi meatzariekin topo egin dugu. Zulatzeko makinarekin daude jo ta fuego, eta ez dute gurekin denbora alperrik galtzeko gogorik. Zuloa amaitu dutenean, dinamita paratu dute, eta ahalik eta azkarren handik urrutiratzeko gomendioa eman digute. Urduri xamar goaz, Adolfo erritmo bizian dihoala erreparatuta. Laberintoan zenbait buelta eman eta gero, txoko ilun batetan leherketen zai gelditu gara. Nik betidanik ezagutu ditudan leherketen antzekoa izango zela espero nuen, katapun handi bat, eta beste bat, eta beste bat. Oker nengoen. Mendiak irentsi ditu eztandak, eta amatatuta bezala iritsi zaizkit belarrietara, mendiaren garrasi isilak bailiran.


Benetazko meategi batetan gaude, zinez, eta sabaia gainean eroriko zaidalako beldur, paranoiak jota nago. Eskerrak bertatik laister alde egin dugula. Beste zulo batetan barneratu gara. Aldare baten gainean gizontto baten irudia dago. Gorriska da, begiak berdeak ditu, adarrak, eta zakil katxarroa, tentetua. Deabruaren irudikapena ematen du. Inguruan konfetiak, mota guztietako ikurriñak, koka hostoak, pattar botilak eta zigarroak dauzka. Adolfok zigarro bat paratu dio ezpainetan. Zigarroa guztiz erretzen baldin bazaio, zorte onaren seinale izanen da, ohar egin digu Adolfok.


Zigarroa guztiz kontsumitu zaio. Zorte ona izanen dugu hemendik aitzina, seguru. Adolfok, tragukada ederra eman eta gero, pattar botila pasatu digu. Boliviako whiskia dela ohartarazi digu (96 graduko alkohol hutsa), eta hala hola irentsi eta goragalea eragin digun zurrutada eman diogu.