QUILMES

Quilmeseko hiri abandonatuan izan gara. Quilmesen gogor borrokatu zuten espainolen aurka, erresistentziaren azkenetariko gotorlekua izaki. Bastioa mendi magalean eraikita dago eta etxeetako hormek zutik diraute, gunea egun batetik bestera hustu behar izan balute bezela.


Alboko herrietan bizi dira borrokalari tematien ondorengoak. Gehienek euren berezko hizkuntza galdu dute, eta gaztelaniaz hitzegiteko darabilten doinuan antzematen zaie behinalako lengoaiaren arrastoak. Arraza ikurrak oso agerikoak dira hemengo herritarren aurpegietan.

Mendozatik gora eta Boliviako mugaraino zabaltzen den lur puskari 'jatorrizko Argentina' esaten diote. Ez dakit hala den, baina egia da gehienetan Buenos Aireseko biztanleen irudiarekin lotzen dugula Argentina. Nik hala egiten nuen. Tucumanen edo Mendozan sutan jartzen dira horregatik, porteñoek argentinarren benetazko izakera isladatzen ez dutelakoan. Maiz porteñoei iseka egiten diete, oso harroputzak eta orojakitunak direla agerian utziz.

-Badakizu zergatik ateratzen dituzte gauez txinpartak txiskeroarekin porteñoek? Meteosateko argazkian atera ahal izateko.

Link: Argentinarrei buruzko txisteak, testua, gaztelaniaz.

Mendi muineraino igo egin gara. Kaktusak eta harri grisak lagun izan ditugu gure igoaldian. Turista gutti etorri da gaur, eta goikaldetik aran zabala ikus dezakegu, quilmestarren harresiek marrazten dituzten lerroekin josita dirudiena. Inoiz, hemen, indiarrek espainolei aurre egin zietela gogoeta egin dut, eta lekua orain hutsik, abandonaturik, ikusten dudala. Arraroa da sentsazioa. Hauts fin bat gure sudurretik sartzen ari da.

Buenos Airesetik Tigrera joan nintzelarik ere, Quilmes izeneko hiri bat ikusi nuen lehiatilatik. Garagardo enpresaren edukigailu erraldoiak gogoan ditut, Quilmes garagardoaren egoitza. Alabaina, izena ez ezik, bi hiriek lokarri historikoak izan badituzte. Espainolek, indiarren ura pozoindu eta gero, quilmestarrak mendean hartu zituzten. Eskuak lotu zizkieten eta, oinez, Buenos Aireseruntz eraman zituzten. Bidean 4.000 preso hil omen ziren.

Link: Quilmestarren historia, testua, gazteleraz