MACHU PICHU

Inka zen Tahuantisuyoko nagusia, eguzkiaren semea, lur guztien jabea. Inkak menpekoei lurrak ustiatu eta probetxu ateratzeko baimena ematen zien. Espainolak iritsi artean, herritarrek ez zuten jabego pribatuaren esanahia ulertzen.

Link: Inken administrazioa, testua, gazteleraz.



Machu-Pichuk milaka turista erakartzen ditu urtero Cuscora, eta horixe izan da, ezin ukatu, ni hona ekarri nauen arrazoi nagusia. Txikitan, ikastolan, gogoan dut geografiako liburuska batetan Machu-Pichuren argazkia ageri zela. Irudi hori buruko zirrikitu elektrikoetan itsasita geratu zait betikoz: mendi puska berdea hodeien artean eta eraikinen arrasto grisak behekaldean. Bidaiaren jomuga garrantzitsuetariko bat eskura daukat.
Cuscok, hemen jakin eta ikusi ahal izan dudanez, baditu Machu-Pichuren pareko beste zenbait gune, hala nola Pisac, Tipon, Chinchero, Quenco, Tambomachay, Maras-Moray, Choquequirau edota Ollantaytambo bera. Machu-Pichuri kokapenak ematen dio ikusgarritasuna, kokapenak eta mendez mendeko isolamenduak. Mendien artean izkutaturiko hiri inka da, eta izkutatuta egon denez, ederki kontserbatu egin ditu eraikinak. Unescok naturak mendeetan eragin ez duen hondamena turismoak ekar dezakeela arbuiatu du.


Negozio borobila da Machu Pichukoa. Aguascalientesera, Machu Pichuko oinetan dagoen herrira, trenez iristen ahal da bakarrik, eta tren tarifak izugarri garestiak dira. Perurailek, ingles eta txiletarren esku dagoen tren konpainiak, etekin handiak lortzen ditu Machu Pichuren kontura.

Bestela ere, inken aspaldiko bidearen arrastoa jarraituz oinez joaterik badago, Ollantaitambotik, harrizko bidea zeharkatuz. Baina horretarako ere gidak, astoak, sherpak, baimenak eta abarretakoak ordaindu behar dira.

Link: Inken bideak, testua, gazteleraz.

Link: Pack turistikoa, Inken bidea, publizitatea, gaztelaniaz.

Pobre koadrila da Marianok, Kikek, Mikelek, Gontzalek eta bostok osatzen duguna, eta gainera ez zaigu ongi iruditzen -norbaiten esku egotekotan inken eskuetan egon beharko luketen aztarnak- enpresa pribatu batek ustiatu behar izatea. Machu Pichurako bide alternatiboa egitea erabaki dugu, hau da, ahalik eta gutxien gastatuz burutzen ahal dena. Cuscoko hippiek lehen eskuko informazioa eman digute horretarako.


Cuscotik Ollantaytambora joan gara. Autobusean pertza handi bat dakarren emakume batek gizon batekin ostropozo egin du eta oilasko zopa zolura erori zaio. Emakumea bere onetik atera da, eta haserrealdia eta gero, etsituta, eskuekin zopa eta oilo puskak zolutik jaso eta pertzan sartu ditu bueltan. Ikusi dudanak hunkituta utzi nau.

Ollantaytambon ostatu bila gaudela, Tilcarako neska argentinarra berriz gurutzatu zaidala iruditu zait eta, lehenbaitlehen, misterioa behingoz argitzearren, atzetik geldiarazi eta ea ezagutzen nauen galdetu diot. Bai, Tilkarako neska bera da, masajista.

-Zergatik ez nauzu agurtu bidaian ikusi nauzunean?


- Eta zuk, zergatik ez nauzu agurtu? Nik uste nuen zuk ez ninduzula agurtu nahi.

Argentinarrak Cuscoko hippiek emandako gomendioak borobildu egin dizkigu eta berarekin batera Ollantaytamboko aztarnategiaren anfiteatro handia ikustera abiatu gara. Kikek ez dauka sarrerarik eta despiste batez baliatu egin da barruan sartzeko. Hagitz polita da Ollantaytambo.

Link: Ollantaytambo, testua, gazteleraz.

Bihar, goizeko 5etan, herriko plazatik ateratzen den konbia hartuko dugu trenbidearen 82garren kilometrora eraman gaitzan. Handik, trenbidearen arrastoa jarraituz, oinez eginen dugu Aguascalienteserako bidea. Tilkarako argentinarrak iragarri duenez, oso posiblea da 82garren kilometroan sarrera galerazten saiatzea. Halere, zehaztu digu argentinarrak, trenaren ustiaketa Perurail konpainiaren esku badago ere, trenbideak publikoa izaten jarraitzen du. Horrexegatik, norbaitek arazoren bat jarri ezkero jaramonik egin gabe aurrera egin dezagula gomendatu digu bidai osoan zehar topatu dugun neska misteriotsuak, ditiburu erpineko argentinarrak.