SAN JUANEKO ZAKURRAK

San Juanera goiz ailegatu naiz. Karriketan gizakiekin batera bizitzeko gaitasuna duten animaliak daude: usoak, txolarreak, katuak, zakurrak, inurriak, arkakusoak... Zakurrak etzanda daude. Zakur mordoa dago Argentinan, eta argentinarrak bezala zakurrak arraza finkorik gabekoak dira. Nahasketa bitxiak benetan ikusten ditudanak. Usu, zakurrek azeri edota otso itxura daukate: belarri tenteak, hanka finak, mutur luzeak. Iduri du asko eta asko azeriekin nahastu egin direla. Hipotesiak hipotesi, zakur lasaiak dira eta jendeak errespetatu egiten ditu. Gizakien zaborrari esker bizi dira, eta euren arteko bizikidetza adeitsua dela esanen nuke. Larrua jotzen ikusi izan ditut, baina ez sesioan. Hortzak erakusten dizkiete elkarri eta kitto; hortxe amaitzen zaie borrokarako grina.