Etxea egurrezko xaflez egina dago eta zolua lurretik pare bat metrotara altxatzen da. Ezkerretara sukaldeko tresnak daude; eskubitara, hamakak. Etxeko nagusia, Don Elias, gizon gihartsua da, mehea baino nerbioduna. 60 urte ditu eta sasoian dago, aurpegiko zimaurretan sufrimenduaren arrastoak igertzen bazaizkio ere. Oso kontent jarri da bertara iritsi garelarik. Ez du bisitan joan zaion hilobaren aurpegia ezagutu ere egin.
Eta hantxe dago, hamakan etzanda, bere emaztea, Pasiona, eta bere alabatxo ponpoxa aldamenean dituela. Are alaiago jarri da Iquitoseko merkatuan erositako pattar kaskarra eta mapacho motako tabako poltsa oparitu diogunean. Astirik galdu gabe, pattar botilari kortxoa kendu eta edaten hasi gara. Emazteak naturaltasunez erre eta edaten du, eta senarrarekin oso harreman orekatsua duela esanen nuke, errespetuzkoa. Alabatxoak ez du hitzegiten, zazpi bat urte izanen ditu eta ez du gurekin solasteko adorerik. Arrunt lotsatia da. Walkerrekin hitzegiten du soilik. Walker Eliasen familiak bere egin duen semea da. 30 urte inguru ditu, mehe-mehea da, indiar aurpegikera dauka eta 'bai' ala 'ez' besterik ez du esaten. Walkerrek bihotz onez zaintzen du Eliasen alaba. Lepotik zintzilikatuta eramaten du alde batetik bestera.
Eliasekin hizketan eta eltxoak eskuarekin akatu nahiean ibili gara iluntzeraino, kanpoan euriak bere horretan jarraitzen duela. Pasionak afaria prestatu digu: arraultzak, arroza, platano frijituak eta zapore mineko fruitu arraro batzuk. Elias pozik dago eta edalontzia etengabe betetzen ari da, bakoitzak tragukada bat ematen diogula. Gasolina zaporea hartzen diot pattar merkeari.
Don Eliasek 40 urte bete berri ditu ohianean. Gogor borrokatu behar izan du onik ateratzeko. Ohianera iritsi eta bi astera sugerik pozointsuenak hozka egin zion. Hiru egun eman zituen Don Eliasek begietatik eta belarrietatik odola isurtzen zuela. Hil ala biziko borroka izan zen:
-Pozoiari borroka irabazi nion, eta eskerrak. Ohianean arazo larriren bat eukiz gero, belaunikatu eta Jaungoikoari begira jarri behar dugu. Gertueneko ospitalera iristeko lau orduko ibilaldia egin behar izaten dugu oinez, eta txalupan beste 6 ordu gehiago. Bihotzekoak-edo ematen didanean hementxe geratuko naiz.
Alan Garcia Peruko lehendakari zelarik, soildutako ohian-eremuetan zuhaitz tropikalak landa zitzaten gobernuak laguntzak banatu zituen Amazonaseko kolonizatzaileen artean. Don Eliasek 65 urte ditu, eta 30 edo 40 urte barru dirutza ederra balioko duten zuhaitzez inguratuta bizi da.
Oso gizon atsegina da Elias, tranparik gabeko gizakia. Ohianaren kolonizazioa oso lan gogorra eta neketsua suertatu zaiola aitortu digu:
-Ohianak indar handia dauka, baina gizonak ohiana menperatu dezake. Naturaren indarra ez da gure arerioa, gure arerio bakarra bakardadea da. Hemen bakar-bakarrik bizi gara. Bakardera ohituz gero, ohianean bizitzerik bada.
Edan duen pattarraren eraginez, Eliasek eskuak begietara eraman eta malkoren batek ihes egin dio, bakardadea hitza aldika errepikatzen duen bitartean.
Ea Ayahuaska edo 'purga' probatu ote dugun galdetu digu. Berak askotan hartzen omen du, eta errespeto handia dio. Liana baten modukoak dira ayahuaskaren adarrak, eta Eliasek, moztu behar izaten dituelarik, baimena eskatzen die: 'Ayahuasca, ayahuasquita, ¿me permites que te arranque unas ramitas para que me cures?'. Arbasoen ohitura omen da landareari baimena eskatzearena.
Link: Ayahuaska, testua, gaztelaniaz.
Hilobak osabaren abegikortasunari probetxu atera nahi diola ikusi dugu segituan, eta oso minduta gaude Jorgerekin. Osabak esandako guztiak jarraian errepikatzen dizkigu eta baieztapenak bereak direla sinistarazi nahi digu. Tontoak garela pentsatuko ote du akaso?