C´EST LA VIE


Trenen hilerrian izan gara. Boliviako historian hain garrantzitsuak izan diren trenen aztarnak lardaskan pilatzen dira hemen. Herdoildutako trenen gainean mota guztietako grafitiak ikusi ditugu, tizaz margotuta. Grafitiei erreparatuta, nabaria da hemendik euskaldunak pasatu direla. Toyota utzi dugun lekutik gertu sionismoaren aurkako esaldi bat irakurri dugu ere. Basamortu erdian pausotua dagoen lokomotora hondatu batetan zera irakurri dut: Así es la vida. Se necesita mecánico con experiencia.

Link: Antofagastarako trena, testua, gaztelaniaz



Llamaritas kolore marroiko herriska pobrea da. Plaza ttiki bat dauka, saskibaloi kantxa bat eta adobezko etxe batzuk. Herriko etxe batetan janaria prestatzen diguten bitartean, errondatxo bat eman dugu hautsezko karriketatik. Llama eta ardi ganaduari esker bizi dira hemen, eta ikuiluak harrizko hesi batez inguratuta daude. Harriak bata bestearen gainean paratu dituzte, oreka miresgarrian. Ikuiluak borobil formakoak dira eta tontor ttiki baten gainetik ikusita marrazki futuristak egiten dituzte, ilargiaren gisako lur eremu zabal eta idor honetan.


Haurrak goxoki eske gerturatu zaizkigu, eta, herria hutsik dagoela badirudi ere, lehioetatik guri begira daudela esanen nuke.


Llamaritasen llama jan dugu, frijitua, eta gaurkoa tourreko etaparik luzeena denez, kasik liseriketa egiteko astirik gabe, Villa Mar izeneko beste herriska bateruntz zuzendu gara. Bertan eginen dugu liseriketa.


Villa Mar-era iritsi baino lehen meatzarien herri batetik igaro gara. Etxeak adreiluzkoak dira eta teilatuak txapazkoak. Mineralak ateratzen dituen enpresak propio eraikitako herria da honakoa, enpresak zulatuko duen mendia behinalako herriaren ondoan baitago. Herriko irakasleak esan digu neguari begira adobezko etxeak adreiluzkoak baino hobeak direla, beroa hobe mantentzen dutela. Irakasleak esan digu ere herri berrian tristeago nabaritzen dituela biztanleak.


Iluntzearekin batera iritsi gara Villa Mar-era. Afaldu baino lehen, eskolako haurrak etorri zaizkigu bisitan. Irakaslearekin lagunduta datoz eta jantzi tradizionalak daramatzate. Andeetako kantuak abestu egin dizkigute. Guztiak, danborrarekin dabilen haur mukizu bat izan ezik, lotsatuta daude. Haur mukizuaren abots finak koka hostoari abesten dio, irakasleak bigarren abotsa jartzen duela: 'Hojita verde, hojita sagrada, hojita de coca'.


Goizeko lau t´erditan altxatu gara geyserrak ikusi ahal izateko. Hotza hezurretaraino sartzen zaigu. 10 gradu zero azpitik. Pelucasen Toyotan ez du berogailuak funtzionatzen, eta bizitzaren elixirra bailitzan Marianok motxilan daraman kafe likorea edan dugu. Egun luzea dugu aurrean eta gure hats epelak lehiatilak lanbrotzen ditu. Hotza ezin kendu, ortzemugan, eguzkia ateratzen ari dela dakusagu.


'Sol de mañana' izeneko gunean ilargian edo saturnon nagoela iruditu zait. Fumarolek gogoz botatzen dute euren baporea eta zolua bor-borean dagoela ematen du. Bisitarien perfilak kearen artean zirriborratzen dira.


Gure atzetik beste jeep bat dator. Sei emakume, sei, garraiatzen ditu, israeldarrak. Goizeko 9ak jo berriak dira eta eguzkiak oraindik ez du giroa epeldu. Marianoren edertasunak emakumeen arreta bereganatu du eta fumaroletan platenseak piropo bat edo beste entzuteko beta izan du, baporearen anonimotasunean jaurtitako hitz lizunak.


Fumaroletatik ur termaletara joan gara. Larru gorritan jarri eta, hiru euskaldunak eta Mariano, uretan sartu gara. Uraren eta kanpoko tenperaturaren arteko kontrastea handia da. 4000 metroko altueran gaude, tenperaturak zero azpitik, eta Andeetako azeritxo batek urrutitik zelatatzen gaitu. Israelgo neskak ere begira daude. Marianoren edertasunak erakarrita. Gure auto berean datozen bi israeldarrek buruan behatz erakuslea paratuz erotuta gaudela adierazten digute:

-Tú, loco, contaminata agua, danger, loco, tú estar loco, contaminata agua.

Uretatik atera eta ilea izoztuta dugula ikusi dugu, izotzeko rastak ditugu burutik zintzilika. Halere ez dugu hotz sentsaziorik. Urak gure larrua bigundu egin du eta guztiz erlaxatuta sentitzen gara.


Emakume israeldarren kotxean musika topera jarrita dute, eta diskoteketan boladan dauden kantak aditzen dira. Uyuniko domingeroak dira, pentsatu dut nire golgorako. Urbasan Camela entzuten dutenek hemen Britney Spears entzuten dute. Marianok eta bere bi begi berdeek bolumena jeisteko eskatu, eta eragozpenik jarri gabe obeditu egin diote.

Gosaltzen ari gara eta urrutira azeriak atezuan jarraitzen du. Azeri marroiska gure gosariaren arrastoen esperoan dago.


Jeepak basamortu zabala gurutzatu du. Guanakoak eta llamak izan ditugu lagun bidean zehar. Pelucasek azaldu digunaren arabera, bidean aurkitu ditugun aintzira koloretsuak aspaldixko itsaso baten arrastoak dira. Titicaca aintzirak eta Uyuniko inguruek inoiz itsaso handi bat osatu zuten. Aintzirak kolore ezberdinekoak dira eta izena euren kolore edo usaiaren araberakoa da: Laguna Colorada, Verde, Amarilla, Celeste edo Hedionda. Aintziran nagusi den mineralak, fitoplaktonak, eguzkiaren isladak edo haizearen norabideak urari kolorea ematen dio.


Flamenkoek lokatsean jana bilatzen dute eta Txileko Olague sumendiari kea dario.


San Juan izeneko herriska batetan gaude. Tourraren hirugarren eguna dugu eta autoko bi israeldarrak agurtu ditugu. Jagoitik bidean bakarrik jarraituko dugu. Pena apur bat hartu dut, hasierako mokokaldia eta gero israeldarrekin askoz hobeki konpontzen baikinen.


Lozorroetan sartu gara. Mikelek begia lehertzeko zorian sentitzen du eta tripako mina dauka. Lokartzen ari garelarik, norbaitek atean jo du, indarrez, danba-danba. Gure txoferra eta Israelgo emakumeak eramaten dituena elkarrekin datoz. Mesedez eta arren diskotekara laguntzeko erregu egin digute, emakume israeldarrek gurekin ligatu nahi dutelakoan.

Badakigu hori ez dela txoferren zinezko xedea. Guk laguntzea nahi dute beraiei lotsa ematen baitie kanpoko sei emakumeekin egotea. Ez dugu tabernara joateko inolako gogorik, baina behartuta altxatu eta bertara abiatu gara. Diskoteka lau hormetako gelatxo bat da eta nagusiak beti kantu bera jartzen du. Israelgo neska gazteek kotxean entzuten duten musika irratikasetean sartu dute eta dantzan hasi gara. Txoferrek ez dute dantzatu nahi eta gure kontura mozkortzen ari dira. Neskek Mariano inguratzen dute, eta zeingehiagokan ari dira, argentinarra nork eskuratuko. Kike eta biok sex-sinbol argentinarraren carabinieriak gara, eta, besterik ezean, garagardoa edaten ari gara.