LAGUNAREN BILA

Mendozan nago, hiribarneko taberna batetan bazkaltzen. Eguneko menua aukeratu dut. Nekatuta nago pixa kiratsarekin 18 orduko autobus bidaia egin eta gero. Konpainiarik merkeena hartu dut, antza. Atzekaldean eserita eman dut bidaia, aterik gabeko txisatokiaren parean. Bidean zeruari so egin diot aldiro, pixaren usaia ahaztu nahiean. Izar mordoa ikusi dut, eta hipnosiaren altzoan lo egin dut Argentinako pampa ekialdetik mendebaldera gurutzatzen ari nintzela.

Alboan Boliviako langile bat zihoan, alaba besoetan zuela. Alaba ttikiaren begi beltzek dir-dir berezia zuten. Aitak goxo goxo zaindu du bidai osoan zehar, beirazko irudi bat garraiatuko bailuen. Noizean behin berarekin jolastu du, orraztu du, aulkian etzan eta zamarrarekin estali du. Ezer gutxi hitz egiten zuten euren artean. Aita 20--25 urte bitartekoa zen eta bere alabarekiko tratu samurra deigarria iruditu zait.

Autobusa erdi hutsik zegoen, eta nekeza izan da pixatokiaren parean irautea. Beno, alde onik ere izan du. Bi eserleku niretzat bakarrik ziren eta komuneko lehiatila zabaldu eta nikotinarekiko menpekotasuna hautsi ahal izan dut gauak aurrera egin ahala. Hala eta guztiz ere, gorrotatzen ditut abioi, itsasuntzi eta autobusetako komunak, latorrizko potean igerian ari den azeituna sentitzen naiz.


Kafea eskatu dut. Ezin izan dut Ariel lokalizatu, bere arrastoa galdu dut, eta ostatu batetan utzi behar izan ditut nire gauzak. Mendoza Iruñearen gisakoa da, tamaina ertainekoa eta kontserbadorea. Ez dut gehiegi ikusi behar izan horretaz kargu egiteko. Mendozako biztanleek bularra puztuta Argentinako txukunenak direla defendatzen dute, eta, horren erakusle, paperak zakarrontzietara botatzen dituzte. Buenos Airesen italiar kutsua usaintzen da; Mendozan, espainola. Gaztelako hiri bat izan zitekeela okurritu zait ere.

Zigarroa ahoan, Segovian pentsatzen ari naizela, norbait ahapeka ari dela entzun dut mahaiaren atzekaldean. Zurrumurruak geroz eta ozenkiago iristen zaizkit. Gizon bat atzean purrustaka ari da, jenio bizian, gaizki esaka, eta hitzen bat harrapatu diot: comunista, montonero...

Harrituta, atzera jiratu eta nitaz ari zela ikusi dut. Zergatik ote? Gainean daramadan kamisetari erreparatu diot orduan, eta Maiatzeko Plazako Amei erositakoa dela ohartu naiz. Kamiseta urdinaren atzekaldean ´Asociacion Madres de la Plaza de Mayo´ irakur daiteke, buruzapi txuri baten ikurrarekin. Taberna osoa daukat niri begira. Zerbitzariak ez daki nola jokatu. Ezinean dabil bezeroaren sumiña apaldu nahirik. Kafea ikimilikiliklip hartu eta ordaindu diot. Bakarrik nago eta ez dut arazorik nahi. Kamiseta bestaldera jiratu dut ostaturako bidean. Chileko muga gertu dago, eta militar andana dabil Mendozako karriketan ibiltari, iritsi bezain pronto frogatu ahal izan dudanez.

Maiatzeko Amen kamiseta Escuela Mecanica de la Armadan (ESMA) erosi nion ama bati, Libertadores etorbidean, Buenos Airesen, Latinoamerikako militarren torturagune handiena Memoriaren Museoa bihurtu zen egun berean.

Link: Esma, Memoriaren Museoa, gaztelaniaz



Piketeroekin bezalaxe, Maiatzeko Plazako Amekin berdintsu ematen da Argentinako iritzi publikoaren zatiketa. Buenos Aireseko ostatuko nagusi judutarrak Hebe de Bonafinni radikalegia zela esan zidan. Konprenitzen zuela emakumeak gorriak eta bi pasa zituela, eta radikaltasuna bizimodu gogor honi egotzi zion. Ostatuko ormetan Che Gebara, Gardel eta Maradonaren posterrak eskegi dituzte. Ez da emakumerik, eta nagusiak ez du Hebe de Bonafinniren argazkia paratu nahi. Bonafinni anderea, antza denez, ez da oraindik politikoki zuzena.