LA QUIACA


Argentinako muga gibelean utzi eta Villazonen gaude dagoeneko. Bolivia eta Argentinaren arteko marra politikoa ez da batere zorrotza. Merkataritza gune handi bat da, eta gizon eta emakumeak, inurriak bezalatsu, tramite nekagarria burutzera doaz, funtsik gabeko zerbait egitera bailihoaz. Mugak Argentina eta Bolivia banatzen ditu, baina herri xeheak, herri indijenak, ez du hori konprenitzen.

Link: Gustavo Santaolallaren musika, De Ushuaia a la Quiaca, Che Gebararen bidaia

Muga postuan bi ilada daude. Batean turistak pilatzen gara, eta bestean, askoz ugariagoa eta apenas kontrolik gabekoan, indiarrak, zakuto pisutsua sorbaldan dutela. Ikuspegi arraroa da. Indiarrek kontrabandozko materialez beteriko trapu eta zaku erraldoiak daramatzate, gorputza guztiz konkortuta dutela, eta kolorezko suge luze bat osatzen dute nazioarteko pasabidean barrena. Bestaldean turistak eta Bolivian legalki sartu nahi duten bolibiar eta argentinarrak biltzen gara. Indiarrek ez dute paperik bete behar, eta funtzionari bikote batek egiten ditu kudeaketa guztiak. Guk hamar bat funtzionari ditugu guretzat lanean, idazteko makinarekin eta zigiluekin jo eta su.

Villazonen sartu garenetik, haur laukote baten konpainia izan dugu. Arropak eta aurpegiak bigarren edo hirugarren eskukoak dituzte eta, karriketako unibertsitatean ikasi dutenez, oso biziak dira. Haurrek lerroaren buruan jartzeko eskatu digute, 'gringook' lehenbizi pasatzeko eskubidea omen dugulako. Jendea protestaka hasi da, lerroa errespetatzeko esijituz. Lotsagorritua nago. Jende guztia guri begira dago, eta haurrek, normaltasunez, guk aurrean egoteko eskubidea dugula errepikatzen digute goraki, gure aurrean daudenak kargu egin daitezen. Nahiago dut itxaron. Atzekaldean jarri gara arazorik ez sortzeko, eta haurrek dirua eskatu digute. Malizia apurrik gabe eskatzen digute dirua. Turistak diruaren truke laguntzen dituzte, eta horixe da euren lana, eta punto.


Lerroan Herbereetako emakume gazte bat eta Río de la Platako beste gazte bat gurutzatu ditugu. Neskattoa Sabrina deitzen da eta Boliviarekin maitemindua bide dago. Gizen samarra da, kaskagorria, masailak gorri-gorriak ditu eta arrunt ongi moldatzen da gaztelaniaz. Mutikoa Mariano deitzen da, katu baten begi nabarrak ditu, oso gihartsua da, eta nahiko jatorra dirudi. Laurok arineketan Tupizaraino eramanen gaituen trenaren bila joan gara, hautsezko errepide batetik barrena. Korrika goaz gure motxilekin. Orurora doan trena ordu erdi barru aterako da, ordubata t´erditan zehatz esanda. Pare bat kilometro egin ditugu geltokira iritsi arte, euskal kirolen erakustaldi batetan egonen bagina bezala. Arropak bustita ditugu, arnasari ezin eutsi gabiltza, eta geltokiko horma zaharkituan eskegita dagoen erloju zaharrak Villazon eta La Quiacaren artean ordubeteko diferentzia dagoela salatzen du. Bi herriak elkarri itsasita badaude ere, ordubeteko aldea dago. Hain arinak izan ote dira gure urratsak? Geltokiko bulegariari ordua galdetu eta erlojutzarreko ordu bera errepikatu digu: 12 t´erdiak. Tira. Freskagarri batzuk erosi eta geltokian zain gelditu gara. Inguruetara begiratuta, bistan da herri pobreago batetan gaudela.


Mariano nekatuta dago, zorabiatuta, goragalearekin. Gau osoa eman du Buenos Airesetik La Quiacara autobusez, eta altuera aldaketak min egin dio. Altiplanoan gaude eta gure hurrengo jomuga Tupiza da. Trena zaharra da oso, eta gu klase ekonomikoan goaz. Ederra da trenaren soinu mekanikoen hotsa, triki-traka hori, burdinezko makineriaren karranka goxoak. Gaur egun ixiltasunaren arabera neurtzen dugu garraiobideen kalitatea, trenaren barruan goaz trenean goazela nabaritu gabe.


Lehiatilatik Boliviari erreparatzen diot: neskatila batek pixa egiten du gorputz ttikia hormaren kontra paratuta duela, eta bere amak plastikoz betetako gurdi handi bat darama. Zakur batek jarraitzen die.