TUNUAPA

Behinala jaungoikoak, egungo gizakien legera, Uyuniko inguruetan bizi ziren, Potosiko hegoekialdean, txirotutako Boliviaren barruan. Jaungoikoen artean bazen emakume bat, Tunuapa izenekoa, ederra bezain pobrea. Hain zen liraina ezen Cuzco jaungoiko aberatsa berarekin maitemindu baitzen.


Tunuapak eta Cuzcok, bada, ezteiak ospatu egin zituzten. Denboraren poderioz, bikotearen maitasuna higatuz joan zen, Cuzco aldiberean Kosuña izeneko beste emakume batekin baitzebilen. Herritarrek ez zuten Cuzcoren portaera begi onez ikusi, eta Mundo aztiarengana bidali zituzten biak.

Mundoren aurrean zeudelarik, Cuzcok ez zuen aztiaren autoridadea onartu, eta biraoka hasi zen bere emaztearen aurka.


Etsituta, Tunuapak babes bila aitaren etxera jo zuen Aullagaseko panpatik barrena. Jainkosak bide luzea zuen Yllampu aitarengana iritsi ahal izateko, eta bide erdian atseden hartzera gelditu zen. Iratzarri zelarik, Pachamama, Amalurra, aurrez-aurre zuela ikusi zuen. Pachamama gertaturiko guztiaren jakitun zenez, Cuzcori ondasun guztiak kendu egin zizkion. Tunuapari, berriz, mendirik politenaren moldea eman zion. Tunuapari zerizkion malkoek aintzira handi bat sortu zuten, eta ditietatik isurtzen zitzaion esnearekin batera, egun ezagutzen dugun gatzategia eratu zen.


Uyuniko gatzategia Amerikako handiena da, eta munduko lekurik zoragarrienetakoa. Orain 13.000 urte Uyuni eta Titicaca batzen zituen itsaso handia idortu egin zen, Uyuniko gatzategiko mirari naturalari bide emanez.

Malkoak eta esnea, ura eta gatza. Tunuapa sumenditik jainkosak gatzez beteriko eremua dakusa.


Erakartzen duen turismoaz gainera, Uyunik 19 billoi gatz tona gordetzen ditu bere baitan. Eta ez hori bakarrik. Gatzategiaren erraiek mineral ugari izkutatzen dituzte, eta horien artean litioa, egungo prozesu kimikoetan edota teknologian (telefono mugikorrak) hain erabilia den materiala. Estatu Batuetako eta Japoniako enpresa handiek gatzategiaren osagaiak aztertu egin dituzte, eta gutizia areagotu egin da.

Link: Munduko litio erreserbarik handiena, testua, gaztelaniaz.

Link: Litio erreserbak, bideoa, inglesez.

Tunuapa jainkosak, bere behatokitik, egunen joanetorria zelatatzen du, arduratuta. Cuzco berriaren etorreraren beldur da Tunuapa.