LA AZUL CELESTE


Iduri zait argentinarrak euren izakera indartu nahian ari direla. Nortasun berezia sortzen ari da Argentinan. Matea hartzeko ohitura bazter guztietara zabaldu da, Buenos Aireseko Lezama parketik Tucumaneko plaza nagusira. Tangoa modan jartzen ari da berriz. Agurtzerakoan gizonek masailean elkarri musua ematen diote. Publizitatean euren hizkera isladatzen ahalegintzen dira: Bebé Coca Cola, Venite a Iguazú. Ikurriña txuriurdinak maiz ikusten ahal dira, zein baino zein handiagoa. Italia eta Espainialdeko sukaldaritzaren artean sukaldaritza propioa sortzen ari da. Argentina berria haragitzen ari dela esango nuke. Hizkera ere, berezia da. Jaleoari quilombo esaten diote, emakumeei minas, lagunei chavón, marka faltsuko arropei trucho, lapurrei chorros, zigarroei puchos, kaladei faso...


Link: Argentinarren gaztelaniaren adibideak



Tucumanen ez da arraroa gurdiak tiratzen dituzten zaldiak etorbide garrantzitsuenetatik trostan ikustea. Kotxeekin tartekatuta dabiltza errepidetan zehar. Gurdi ttikiak dira, zaldi batek tiratutakoak gehienak. Zaldunak villa-miserietako biztanleak dira eta konplexurik gabe doaz zaldien gainean, akuiluari eman eta eman. Auto gidariei modu txarrez hitzegiten diete maiz, bularra puztuta. Plataforma handi batzuen gainean, rompetechos-eko tebeoetan bezala, buruan pixontzi txuria duten poliziek trafikoa gidatzen dute.

Kafe goxoa edaten da Tucumanen eta ni beti leku berdinera noa. Laprida karrikan nago, zentroaldean, Café Fernández-en. Ogi trinkoko bi opil ematen dituzte kafearekin batera, eta sifoi basoa. Hemendik gertu, Espainiako Etxean, flamenko klaseak daudela irakurri dut zezenketa batena dirudien kartel batetan. Zerbitzaria gizon serioa da, langilea, eta lanerako seriotasuna emakumeekin galtzen du bakarrik. Ilean marra erdia dauka, eta emakumeren baten bila burua altxatzen duenean, ile mototsek bi aldetara salto egiten diote, orekatsu. Tabernan musika klasikoa jartzen dute, eta bulegoetako langileak dira eserita dauden gehienak.

Lo egiteko, ostatu kuttuna aurkitu dut Tucumanen, Etxe Historikotik gertu. Nagusietako batek badaki hitzen bat euskaraz, arbasoak nafarrak ditu, leitzarrak.

Makarroiak prestatu ditut sukaldean, nire erara, eta salsa portuguesa dioen potekada bat bota diet zaporetsuagoak izango direlakoan. Eta zaporetsuagoak dira, zinez, saldak oliba zaporeaz zipriztindu egin ditu. Bigarren platerkadarekin nago beste bi motxilero mahai berean eseri zaizkidanean. Gosea disimulatu beharrean izan naiz, piztia naizela pentsa ez dezaten. Bakarkako bidaiak aurrera egiten duen arabera, jateko orduan eskuak geroz eta gehiago erabiltzen ditut.
Ohiko galdera-erantzunekin hasi gara: bizitza osoan ezagutu ez, eta eten hori apurtzeko beharrezkoak diren galdera-erantzun horiexekin. Nahiago dut bakarrik jatea, baina tira. Aurkezpenak eta solasean hasi gara. Platerkada amaitu gabe utzi dut. Bidaiaren gaineko galderekin bonbardatu egin naute.

-Boliviaruntz noa.


-Boliviara? Nora zehazki?

Ez diet erantzun, ez baitakit nora joango naizen, Potosi eta Titicaca dira burura etorri zaizkidan lehenengo guneak. Baina zintzotasunez aritu natzaie:

-Tira, egia esan ez dut bidaia antolatu. Inprobisatzen ari naiz.

Begirada izoztu zaie. Neska Lonely Planet-en gida irakurtzen ari da, erantzuna entzun eta zuzen begiratu nauenean.

-Zelako zortea, sei hilabeteko bidaia!

Ez didate nire arduragabekeria salatu, horretan pentsatu badute ere. Elkarrizketak jarraitu du.

-Eta Lonely Planet badaramazu?

Ez. Tontakeri bat da. Finean, Lonely Planet baino pisutsuagoak diren liburuak baitaramatzat motxilan. Eta horiek ez dute inolako balio praktikorik, aspertzen naizelarik begiei gozamena emateaz aparte, edo ezta horretarako ere, ez baitakit. Buenos Airesen 1952an Ekin Argitaletxeak euskaraz publikatutako Shakespeareren Hamlet da horietariko bat, Sarmiento auzoko Liburutegiko zigiluak eta guzti, Bolivar karrikako liburutegi anarkista batetan erositakoa. Arielen amak oparitutakoa da beste bat, Mendozako idazle baten olerki tradizional eta aspergarriak biltzen dituena. Arielek emaniko 'Compañero Ultrahorizontano' liburua gainean eramaten dut ere, hala nola Arielen nobiak utzitakoa, Argentinako Coya etniaren ipuinak biltzen dituena. Lonely Planet ez eramatea txorrada bat delakoan nago, finean Lonely Planeteko motxileroen leku berdintsuetan ostatu hartzen baitut eta, behin baino gehiagotan frogatu ahal izan dudanez, motxileroak doazen leku berdintsuetara noa ni ere. Azalpenik ez badu ere, ez dut Lonely Planeten gida eskura, eta ez dut erosteko asmorik, ganorarik gabeko borroka pertsonala da.

Gizona espainiarra da, serioa, gaztetatik Alemanian lan egiten duena. Alemania eta Espainiaren arteko ezberdintasunez solastu zait, Alemanian langileak askosaz erresponsableagoak direla azpimarratuz. Hegoaldeko Europan, esan dit, langileek nola eskakeatu ematen dituzte lanorduak.

Ez dut diskutitu nahi. Eta Alemaniaz ari garela Eurokopari buruz galdetu diot: futbolaren hizkuntza unibertsala.

-Talde ona dauka Alemaniak?

Ez diot aitortu langabetuaren soldata jasotzen dudalako ari naizela bidaian, Iruñean teorikoki lan bila ari naizela, anaiak sinatzen didala paroa. Makarroiak hoztuta daude.