MAGNETISMUS

Egia da magnetismoarena, amalurraren indarrak jota nago. Beno, ez nago ziur, lekuarengatik, Mayrarengatik edo Xavierarengatik ote den. Edo hiru arrazoiengatik. Auskalo. Kalanbreak sentitzen ditut zainetan eta oso gorabeheratsu nabil, rarito xamarra. Orain, une honetantxe, triste nago. Mayra interesatzen zait eta lehen aukeran jan dut nire hitza. Xaviera nahiago dudala erakutsi diot judutarrari, gau itxian porteñarekin bakarrik gelditu eta gero. Seguruenera, aurretik ere Mayrak ez zuen abenturarik nahiko nirekin, baina orain, bai seguru, aukera guztiak galdu ditudala.


Xavierak oraintxe hartu du Buenos Airesera bueltan eramanen duen autobusa. Geltokiraino lagundu diot. Geltokian gaudela marihuana poltsatxoa kanpinean utzi duela akordatu egin da. Kontent jarri naiz. Berantegi da kanpinera itzultzeko, eta Xavierak marihuana oparitu besterik ezin zuen egin. Paraguayko marihuana da, Argentinan gehien kontsumitzen dena. Landarea lehortzeko produktu kimikoak erabiltzen dituzte, hala esan dit Tomasek, eta buruko min apur bat jartzen du. Tira, gutxienez, ez dut guztia galdu. Musua eman diot porteñari Buenos Airesen inoiz bisitatuko dudala aginduta.

Link: Paraguayko marihuana, bideoa, gaztelaniaz

Autobus txarteldegia supermerkatu txiki batetan dago, eta gosaria erosi dut nire bidaikideei sorpresa ematearren. Kanpoko kartel urdinari erreparatu diot. Egun polita daukat aurrean, espero dut euririk ez izatea:

-Amaicha del Valle-Los Zazos. Altura: 1997 metros. Días de sol al año: 360.


Amaichatik ibili gara. Peñako galiziarrak eta iritsi ginenetik bere zerbitzuak eskainiz aritu den taxista pisuak, el puma abeslariaren itxura duenak, eraman gaituzte. Nik galiziarrarekin joan nahi nuen, baina Pedro el pumaren Renault 12arekin konformatu behar izan dut.

Indio eta bakeroen pelikuletan inoiz ikusi nituen lekuak bisitatu ditugu, higadurak zeharo mehetu eta eskultura bihurtutako harri puskak, ibai zabal eta ttikiak, arroilak... Pedro, gure taxi gidaria, oso gizon isila da, isilegia, eta bere ahotik emakumeen gaineko iritzi eta ixtorio merkeak ateratzen dira bakarrik. Lehiatilak zabal zabalik ditugu, eta erretzen ari gara kotxean. Ez da auto trafikorik errepidean, eta noizbehinka eskua atera eta keinu lizunak egiten dizkiegu atzetik datozen 'gallego' eta enparauei.

Gallegoa Lugon jaio zen eta sei urte zituela etorri zen Argentinara. 1992an Galiziara berriz itzultzeko beta izan zuen, baina nahiago izan zuen Argentinan geratu. Krisi ekonomikoarekin bere supermerkatua itxi behar izan zuen, eta Amaichan dabil orain taxi gidari.

-Ez dakit zer duen leku honek. Baina ni harrapatu ninduen. Hemen hartuko dut lurra.