KASUALIDADEAK


Afaltzen nagoen bitartean, ostatuko nagusia gerturatu zait, euskaldun berria ikusi ote dudan galdetuz. Oierri buruz ari zela pentsatu dut eta, ilundu duenez eta bakarrik nagoenez, motxilaren bila abiatu naiz zeozer irakurtzeko zioaz. Logelan gazte kaskagorri bat ikusi dut ohe gainean etzanda. Rastak ditu eta oso urduria da. Begiak gurutzatu ditugunean biok berdin pentsatu dugu.

-Euskalduna!

Bizitzak halako kasualitateak dakartza. Kike, ipurtzuloan inurriak itzuli-inguruka dituen bilbotarra, nire herri ondoan bizi izan da denboraldi luzez. Nire herriak 30 biztanle ditu, eta bereak 60 inguru. Ez dugu Lizarraldean kointziditu, eta Tucumanen egin dugu bat, gure bi herrien artean bi kilometro eskas badaude ere.

Kointzidentzi hauetaz ari garelarik, hirugarren gizon bat sartu da logelan. Argentinarra da, porteñoa, 30 urte ingurukoa eta Tomas izenekoa. Arbasoak eskoziarrak dituela esan digu. Nire golgorako gona bakarrik falta zaiola pentsatu dut. Kaskagorria da baita ere, bizarra dauka, potolo samarra da eta irrifarrean benetazko sentimenduetako gizona dela nabaritzen zaio.

Euskalherriaren gainean duen informazioa aberastu nahiko lukeela esan digu elkar ezagutu eta gutxira. Horrexegatik hain zuzen, ezer jakin gabe estereotipoekin hasi ez zaigulako, eta zuzen zuzeneko informazioaren eske hurbildu zaigulako, giro zintzoa sortu da gure artean. Gainera, marihuana badakar. Tipo jatorra Tomas, oso jatorra. Zelako konpromezua, ea nola azaltzen diodan Euskalherriko korapiloa, nire buruak sarri ez baitu tutik konprenitzen.

Link: Zer da euskaldun izatea, Ruper Ordorika, bideoa.

Porro bat erre dugu sukaldearen atzekaldean. Aspaldi erre gabe ibili izanagatik, zorabio ederra sentitu dut nire garunean, eztanda lisergiko bat. Kanpora irten gara eta pinponean hasi gara birritan pentsatu gabe, pinponera aritzea porroaren ondoko irtenbide naturala bailitzan.


Marihuanak jota eta pilotaren erritmo mekanikoek ispiratuta, emakumeen ahotsa sentitu dugu gertu gertuan. Hobe jokatzen ahalegindu naiz ni, zeharka begiratzen nien bitartean. Kike beraiekin solasean hasi da. Tomasen aurka puntua galdu dudanean bi neskak disimuloz errepasatu ditut. Gaztetxoak dira, 22-23 urte ingurukoak. Bata bestea baino altuagoa da, eta lirainagoa. Galtza motzak daramatza, grisak, eta ipurdian Estatu Batuetako unibertsitate baten letrak margotuta ditu, gorriz. Oso polita da, ezin politagoa.

-Aupa, ni, Koldo.

-Kaixo, ni Mayra naiz, eta nire laguna, Jael.

Mayra, Mayra... Mayra Gómez Kemp etorri zait burura, baina ez dut ezer esan, Kikek bakarrik ezagutu baitezake Un-Dos-Tres-eko aurkezlea, eta, honetaz aparte, txiste merkeegia litzateke. Arras polita da... Pinponeko txapelketan parte hartzeko baimena eman diegu, eta begirada bere ipurdira joan zait behin baino gehiagotan. Mayrak pinponera jolasten ari delarik txanpu iragarkietako emakume polit horietariko bat dirudi, ilea iragarkietan bezala mugitzen du, eta so egiten diodalarik kamara geldoan jokatzen ari dela iruditzen zait.

Biak argentinarrak dira, judutarrak. Mayra Israelen bizi da, krisia eta gero gurasoen Buenos Aireseko supermerkatuak porrot egin zuen-eta. Israelgo gobernuak judutarrei ateak parez pare zabaltzen dizkiela probestuta, Ekialde Hurbilera jo zuten: Ama judutar batek erditutako edonongo hiritarrak Israelgo nazionalitatea izateko eskubidea dauka. Jael, berriz, San Isidron bizi da, Buenos Aireseko auzo aberatsenetako batean, hiriburuaren iparraldean, eta hortik ezagutzen du Mayra. Txikitxoa da, baina jenio bizikoa. Sudur judutarra dauka ezbairik gabe.

Atsegin handiz geldituko nintzateke, baina goiz oheratu beharrean nago, bihar garaiz altxatu nahi badut behinik behin. Logelarako bidean Mayraren doinu eztia entzun dut:

-Koldo, gu ere bihar Tafira goaz. Nahi baduzu elkarrekin joan gintezke. Zergatik ez dugu gurekin igelaren jokura jolasten ohera joan baino lehen?

Igelaren jokoa... Izen polita dauka jolasak. Irudimena debalde ateratzen zait. Igelaren ahotik fitxak sartzeko ahaleginean eman diot egunari akabera, eta Donibane auzoko taberna zahar hura etorri zait gogora, 10 pisuko eraikinek behin betikoz desagerrarazi zuten taberna zaharraren igela berde huraxe, Iruñeko berezko sastrakez inguraturiko taberna zaharraren igela herdoildua.

Bihar Tafira joango naiz Mayra eta Jaelekin. Tomasek agian aurreraxeago gurekin topo eginen duela aurreratu digu, eta Kikek oraindik Tucumanen zenbait egun emanen dituela. Agurtu eta, goxo goxo, literatan sartu gara.


Tucumanetik Tafira doan bideak kutsu tropikala dauka eta bihurgunez josita dago. Gidariak maisutasun handia erakusten du bolantearekin bihurguneak marrazterakoan, eta, tarteka-marteka, amildegiekin bihotza asaldatu egiten zait. Ondoan Tafin lanean diharduen arkitekto gazte bat eseri zait. Orain bost urte sute ikaragarria gertatu omen zen oraintxe gurutzatzen ari garen bailaran. Kiskalitako arboletatik, baina, kimu berriak sortzen ari dira. Mirari naturala, esaten dit arkitektoak. Zuhaitzek bizitza errekuperatu nahi dute, eta kimuak adar biluzietan hazten ari dira. Zorabiatuta nago. Ezkerrera, eskubira, ezkubira, eskerrera, eskebira, ezkurrera: Bienvenidos a Tafí del Valle.


Tafin jesuiten etxaldeak eta kaktusak tartekatzen dira, hauts laranjazko karriken artean. Jendea lasaia da, eta turismotik eta nekazaritzatik bizi diren herritarrak karriketan gurutzatzen dira, elkarri agurtuz. Motorrak eta zaldiak garraiobiderik erabilienak dira Tafin.

Link: Tafi del Valle, wikipedia, gaztelaniaz



Lainoak herria bereganatu du eta bisajea zilar kolorekoa ageri zaigu. Zakurrak zaunkaka ari dira; oilarrak, kokorika. Txirimiri fin batek ilea bustitzen dit. Pentsakor nabil, nerbioak dantzan sentitzen ditut. Mayrarekin jatorra izaten ahalegintzen ari naiz eten gabe. Ez dut apropos egiten. Naturalki ateratzen zait naturala ez izatearena. Mayra ederra da, polita, gaztea, benetazko irriparra dauka, begiekin adierazten ditu bere aldarteak, lasaia da baina badaki mugak jartzen.


Errazegi jotzen dit amodioak niri. Dena da azukre bere gorputzean, debekaturiko goxokia. Kantu euskaldun baten protagonista sentiarazi nau.


Halere, ezin izan dut ebitatu. Madrilgo islamista erradikalen atentatuekin Palestinaren afera atera da, eta Jaelek palestinarrak fanatiko hutsak direla azpimarratu dit destainez. Nik neure ikuspuntua eman diet, hitzegiten nuen arabera hanka sartzen ari nintzela ohartuta:

-Zergatik izan behar du Israelek judutarren aberria? Zergatik ditu edozein judutarrak bertan jaiotako musulmandar batek baino eskubide gehiago? Zergatik ez dute sikiera Nazio Batuek onartutako Palestina eta Israelen arteko muga banaketa errespetatzen? Zergatik gorrotatzen dituzue Israelgo Estatua sortu aitzin Palestinan bizi ziren judutarrak? Zergatik dago hain mailakatua Israelgo gizartea? Zergatik ezin dute palestinar eta israeldarrek elkarrekin bizi? Zer egin daiteke atzerrian bizi diren miloika palestinarrekin?

Mingaina askatu behar izan dut, eta Mayrak ahoa zabaldu du. Jokuz kanpo utzi nau.

-Ikuspuntu interesgarria da. Inoiz ez dut afera ikuspuntu horretatik ikusi. Bi herriek dugu bizitzeko eskubidea. Horretan ados nago.