INTI WARALLASHI

Kikek interneten bitartez Villa Tunarin Inti Warallashi izeneko erreserba naturala dagoela irakurri du. Nahiko proiektu interesgarria dirudi. La Pazeko karriketan eskale dabiltzan haurrekin egiten dute lan, eta animali tropikalak basabizitzara berriz eramaten ahalegintzen dira. Proiektuak atzerritarrei ateak zabaltzen dizkie, eta dolar batzuen truke kanpotarrek erreserban aste batzuk eman ditzakete.

Link: Intiwarayassi, web orria.



Interneten irakurri dugunak, ostera, ez du errealitatearekin zerikusirik. Haur boliviarrak ez dira inondik inora agertzen, eta erreserba atzerritarren dolarrak jasotzeko negozioa bilakatu dela konprobatu ahal izan dugu.


Are gehiago, animaliak basabizitzara itzultzeko eraikitako erreserbaren lana alferrikakoa suertatzen da maiz. Animaliek erreserban janaria bermatua dutela jakinda, ez dira sekula independizatzen, eta ohianetik erreserbara, erreserbatik ohianera, horrela bizi dira. Nagusiak, laister, negozioaren arrakasta ikusita, beste erreserba bat zabalduko omen du Santa Cruzen, Boliviako mendebaldean. Atzerritarrek 75 dolar ordaintzen dituzte Inti Warallashin bi aste emateagatik, eta dolar horiek Bolivian dirutza suposatzen dute.

Sarrera ordaindu eta ibilbideari ekin diogu. Erreserbaren barruan egoki seinalaturiko bideska bat dago. Tximinoen zonaldera iritsi garenean, 40 bat atzerritar ikusi ditugu, israeldarrak gehienak, tximinoen bizilekua egokitzen. Tximinoak besoetan dituzte eta bularra puztuta antzematen ditugu. National Geographiceko kazetariak direla pentsatuko dute akaso edo 'Gorilak lainopean' pelikularen protagonistak, batek daki. Lanean burubelarri dabiltza, enbor bat hemen paratu, beste enbor bat han, eta ez digute arretarik eskaintzen. Mariano parrez hasi da, eta guk ezin izan diogu parrari eutsi. Atzerritarrek arraro begiratu gaituzte, gure barre-algarek lekuaren izaera sakratua hautsiko balute bezala.


Egoera benetan erridikulua iruditu zaigu. Palestinan soldadu ibilitako israeldarrak tximinoen kakak garbitzen ari dira, eta Holandako neska batek sokarekin hudo bat pasiatzen du, basabizitzara horrela ohituko dela sinistuta.


Handik ospa egin dugu bidean gora eginez. Urjauzi ttiki bat aurkitu dugu, eta hantxe, Bolivian esne mamitan bizi den familia batekin tupust egin dugu. Solasaldia negargarria izan da. Beraien arabera egun Bolivian bizi diren protestak anarkistek eta marxistek eragiten dituzte, eta gezur hutsa da Bolivian langabezia dagoenik, kontua da, azaldu digute, indijenak alferrak direla eta lanik egin nahi ez dutela.

Nik esan diet Mendozan asko estimatzen dituztela langile boliviarrak, oso langile finak omen direla.

-Argentinan ikasiko dute bada lan egiten! -erantzun dit amak.

Erreserbatik ziztu batean atera gara. Bidaia hasi zenetik tximino bat besarkatzeko irrikitan nengoen, eta erreserban behintzat nire helburu hori bete egin da. Ez da izan nik espero nuen besarkada samurra, baina tira, konformatzeko modukoa bai izan dela.

Taxia hartu eta Chipiriri izeneko leku batetara goaz. Autoan taxistak 'atzerritarrei tximinoekin larrua jotzea' gustatzen zaiela jakinarazi digu, iseka eginez. Drogen aurkako beste kontrol bat iragan dugu eta Chipirira iritsi gara. Herrian abentura-parke bat omen dago, eta ez dugu Boliviako txoko honetan altxatu duten parkea bisitatzeko abagunea galdu nahi.

Chaparera kokak ekartzen du dirua, eta Estatu Batuek kokaren produkzioari akabera ematearren, hemengo herritarrei bide alternatiboak proposatzen dizkiete. Argi dago koka landarea kafearengatik aldatzeak ez duela zentzu handiegirik, Asiako konpetentziarekin prezioak lurraren pare baitaude, eta Amerikan kafeari esker bizi diren herrialdeetako nekazariak oso kinka larrian baitaude. USAIDek (United States Agency for International Development)  noizbehinka proiektu alternatiboak babesten ditu eta, halakoetan, jarritako itxaropen guztiak laister hondoratzen dira, hasierako inbertsio eta asmo onek ez baitute inolako segidarik.

Link: Usaid Chaparetik bota dute, testua, gaztelaniaz.

Eta hala gertatu zaio orain bisitatzen ari garen parkeari. Zuhaitzen artean sokak eta tirolesak paratu zituzten, eta jarri zituzten moduan jarraitzen dute. Bistan da oso jende gutxik bisitatzen duela parkea.

Soken fidagarritasunaren beldur, zuhaitz batetik bestera saltoka ibili gara. 18 metrotik behera jauzi egin dugu, eta bihotza taupa-taupa jarri zaigu, altueraz aparte tramankuiluak oso baldintza kaskarretan baitaude, eta oso soinu arraroak ateratzen baitituzte.

Link: La Jungla, Chipiriri, testua.

Erreserbarekin alderatuta primeran ibili gara hementxe. Ibilbidea finituta, eta adrenalina dezente isuri eta gero, Espiritu Santo ibaiaren hondartza zurian etzan egin gara, goxo-goxo, eulien erruz gure buruari zaplastekoak emanez, emakume indijenek behiak pasiatzen dituzten bitartean. Chiapasen ikusi dut nire burua, Lacandona ohianean, Calvario herrian.