PUCALLPA, UCAYALIKO KAIA

Pucallparako bidean kataluindar batekin elkartu gara, Villafranca del Penedesekoa berau. Aitak Freixenet-en lan egiten duela esan dit, eta bere senideren batek, Codorniu-n. Joan Anton deitzen da, 30 urte inguru ditu, sabel ttiki bat eta maliziarik gabeko gizon adimentsuen ezaugarri den irrifar berezi hori. Bere kasara dabil, lozorroa eta kanping-denda motxilan sartuta dituela, mendien artean ibilaldiak egiten.

Link: Pucallpa, webgunea, gazteleraz.



Topaketa bitxia izan da, Huarazetik atera ginenetik ikusi dugun atzerritar kopurua eskuaren behatzekin zenbatu baitaitezke.

Antton elektronika ingeniaria da eta Munichen dihardu lanean. Bost minutu eskas aski izan ditugu konektatu ahal izateko. Espainiaren kontzeptuaz aritu gara autobusak Pucallparainokoa egiten duen bitartean. Izena aldatu beharko zitzaiola, herrien batasuna izan beharko lukeela, Iberia deitu beharko litzatekeela, Errepublika garaian aukera polita galdu zela...

Pucallpan, motokarroen saltsa-maltsatik kanpo jantoki bat aurkitu dugu. Arraina afaltzeko irrikitan gaude, Ucayaliko arrainak. Eta bapo afaldu dugu: platanoak egosita, tamalak, hostoetan bildutako arroza eta oilaskoa, yuka frijitua, arrain arraro bezain zaporetsuak, karanbola fruitu bitxiaren zuku goxoa, garagardoak. Eta berotu egin gara, eta lau egun barru Antonek Limatik atera behar duela esan digu, Europara bueltan, baina berdin diola, gustora dabilela eta itsasuntzian bi egunez lagunduko gaituela.

Bihar arratsaldean ibairatuko dira Pucallpako Puerto Italiatik Iquitosera doazen itsasuntziak. Ibaian gora lau egun eman behar ditugunez, goilara, sardeska eta platertxo bat erosi ditugu Pucallpa hiri builatsu eta mugituko merkatuan. Billete-txartelaren prezioan eguneko menua sartuta dago.

Ostatuko nagusiak esan digunez, Iquitosera ailegatuta portuko poliziek sukar horiaren aurkako txertoa hartu dugula ziurtatzen duen dokumentua eskatuko digute. Betiere, gaineratu du, hobe da txertoa hartzen badugu, 'Amazonasen euli asko baitago'. Komentzitu gaitu, aise, eta ospitaleruntz atera baino pittin bat lehenxeago, azken esaldia bota du ostatuko nagusi bibotedunak:

-Eraginkorra izateko, Amazonasera atera baino 15 egun lehenago hartu behar da txertoa.

Ongi da. Batetik, ostatuko nagusiaren ahotik badakigu iristerakoan poliziek agiria eskatuko digutela eta, bestetik, 15 egunetan defentsarik gabe ibiliko garela. Arrazoinamenduak alde batera utzi, txertoa jartzea egoki dela erabaki dugu, sukar horiak kutsatzen bagaitu txertoa barruan izan dezagula bederen. Ez dauka zentzu handiegirik. Baina instintiboki hala pentsatzen dugu. Hobe antidoto apur bat ezer baino.

Pediatria gelan ordu erdi inguru eman dugu alferrik itxaroten, txertoak paratzen dituzten gela aldamenekoa dela argitu diguen arte. Txunditurik gaude Anton eta biok. Europako pediatria geletan haurrak ez dira hain urduriak. Hala iruditzen zaigu. Sukar horiaren aurkako agiri horia poltsikoan, ostatura itzuli gara.