UCAYALIN TRABATUTA

Atzo gauez barkuak hondoa jo zuen, ondarrean trabatuta gelditu zitzaigun. Enbor izugarri handiak zeramatzan erremolkadore bat etorri zen laguntza ematera. Erremolkadorea gau osoan ibili da tira ta tira, burdinezko sokekin, aurreko aldetik edo gibeletik, baina alferrik. Gure itsasuntzia ezin mugitu dabil ibai erdian, eta itxuraz konpainia bereko bigarren itsasontziari, Pedro Martin IIIenari, itxaron beharko diogu. Hala balitz, bidaia bi egunez luzatuko litzateke.

Leku batetan finko egoteak abantailak eta desabantailak (eltxoak) ditu.

Goiz goizetik ibaiko izurdeak izan ditugu itsasuntzi inguruan jostetan. Itsasoan inoiz ikusi izan ditudanak baino ttikiagoak egiten zaizkit. Hemen, 'bufeo' esaten diete. Euren larrua larrosa eta grisaren artekoa da, eta bazkaldu arteko tartea euren mugimenduen peskizan bete dugu. Txori dezente ikusi dugu bidenabar, papagaioak, gallinazoak (putreak), loroak, lertxunak... Eltxoak, gure zainak bapo zurrupatu eta gero, itsasuntziaren jabe egin dira. Ezinegona sortzen zait eltxoak itsasuntzian etzanda, sabela bete-betea dutela, eguzkia hartzen ikusten ditudanean.

Link: Bufeoaren ipuina, Napo ibaia, Ekuador, gaztelaniaz.

Bigarren eguna dugu Ucayali ibaiaren erdian seko geldirik. Askotariko hipotesiak zabaldu dira barkuan: erremolkadore batek eramanen gaituela, ibaia hazi arte jarraitu beharko dugula preso, Henry IVenak garraiatuko gaituela, Pedro Martin III Pucallpatik gure bila atera berria dela. Gogaitzen hasiak gara.

Gosaldutakoan goiko solairura bueltatu gara. Peruar ttiki hitzontziak riflea eraman du eta, ganorarik gabe, tiroka hasi da. Txoriei tiro ez egiteko eskatu diogu tontolapikoari. Bilbotarrak, bien bitartean, 7 edo 8 bidaiarien arreta jaso du eta profeta lanak egiten dabil: Bush eta Bin Laden, Estatu Batuetako saudiarrak, Alemaniaren garrantzi ekonomikoa, Soviet Batasunaren gaitasun belikoa, India eta Pakistanen arteko liskarrak, Txina eta bere pizkunde ekonomikoa...

Eguerdiko 12ak aldera, urrutira, Henry IVren branka ikusi dugu Ucayalin gora. Pozarren gaude. Txinoak Henry IVenean joaterik badugula agindu digu eta gure motxilak prestatzeari ekin diogu. Txalupa ttiki batetan eraman gaituzte bertaraino, uraren mailaren pare doan txalupa ttiki batetan, oreka pittin bat galdu eta hondoratu daitekeen txalupatxoan. Henry IV are itsasuntzi zatarragoa da, eta honekin gutxi balitz bidaiariz josita doa. Sabaiko hamaken armiarma aurrekoarena baino askoz trinkoagoa da. Bost axola zaigu. Bihar, uztailak 20 egun dituenean, Iquitosen lurreratuko gara.

Itsasuntzi berriko bi zamalariekin adiskidetu gara. Gastonek eta Wilsonek euren seme-alaba kuttunak baikiñan hartu gaituzte, eta izan ditzakegun arriskuez ohartarazi digute. Kontu handia euki behar dugu, esaterako, Iquitoseko portura iristerakoan, kaian lapur mordoa baitago jende pilaketatik zerbait eskuratu nahirik. Barkuan gure motxilekin ere tentuz ibili beharra dugu, gauetan bereziki.


Henry IVenean eman dudan lehenengo gauean nekez lortu dut lokartzea. Barkuko sotoa gure hamaken ondoan dago eta ikuilu handi bat da. Oilarren kikirrikiak, zakurren zaunkak eta zerrien kurrinkak gardenki aditzen ditugu. Zaharturiko itsasuntziaren motorraren burrunba ozen entzuten da. Gure lehiatilak puskaturik daude eta haizeak gure oinak freskatzen ditu. Sabaiko argi-fokoak mota guztietako kakalardoak erakartzen ditu. Gau neketsua zinez.