EDUARDO

Lagunak egin ditut Buenos Airesen, eta lagunak egitearekin batera, ezinbestean, parrandak etorri dira, eta parrandek tristezia eragiten didate, arrazoi zehatzik gabeko tristezia: triste nago eta ez dakit zergatik. Ez dut alkohola sobera maite, eta argentinarrak zurrutero porrokatuak dira -nik ezagutu ditudanak behinik behin halaxe dira-. Quilmes garagardoak eta Mendozako ardo merkeak behar baino gehiago edaten ari naiz. Zelako panorama!


Nire logela berean gauero zurrunkaka ibiltzen den Eduardo mendozarra alkoholikoa da. 40 bat urte ditu, eta nahas-mahas dagoen logela bere izakeraren ispilu da. Nik goiko literan egiten dut lo; mendozarrak, behekoan. Zaborretatik isolatzeko-edo, Eduardok maindireekin inguratzen du bere ohea, kanping denda batetan bailegoen. Ardo botilak, zigarroak, porroetarako paperak, egunkarietako orriak, dutxatik irteterakoan utzitako ur arrastoak, kaka egiterakoan punteria falta, zakileko ile latzak zoluan dantzan...

Aitzaki bat asmatu beharrean izan naiz logelaz aldatu ahal izateko. Goikaldean lo eginda erortzeko arriskua dudala ohartarazi diot Carlos nagusiari, txikitan behin amildu eta egundoko zartakoa hartu nuela.

Mendozarraren konpania utzi dut.

Eduardo krepeak prestatzen ari da sukaldean, mendozar erara, oliba, arraultz, haragi eta tipularekin. Bihotz oneko gizona da, ibilera zuzen mantentzen duen mozkorra. Krepeak ostatuko lagunekin partekatzen ari da, animoso.

Porteñoek errealitatea puzten oso iaioak dira. Eduardok egunero 10 botila ardo edaten dituela esan dit arestian. Ez dakit hainbeste izanen diren, baina nirekin batera egon den denbora tartean bi ardo botila sartu ditu barrura.

Bigarren ardo botila husten ari delarik, tango taberna tipiko batetan lan egiten duela argitu dit, eta Coppola zine zuzendaria bera behin Buenos Airesera etorri zela, Assasination Tango izenburuko filmearen ekoizlea baitzen. Coppola San Telmora etorri zen, nora eta Eduardok berak lan egiten zuen tabernara. Eduardori filmean extra gisa lan egiteko aukera eskaini zioten: Mozkorraren papera bete behar zuen, baina errodajetik kaleratu zuten 'gehiegi aktuatzeagatik'.


Eduardok 10 peso eskatu dizkit orduan, putetxera joateko irrikitan dago-eta. Argentinan putetxeetara joateko joera handia dagoela esanen nuke. Kanariarrak asteburuak Buenos Aireseko familia batekin ematen ditu, eta, esperientzi horretan oinarrituta, nire iritziarekin bat dator, familiako gizonezkoen hizketagai nagusia putak baitira. Emazteak gertu izatea ez da oztopo beraientzat, lasai askoan ibiltzen dira putak gora eta putak behera, aitortu dit parrezka Ignaciok.

Jakin badakit Eduardori emandako dirua bueltan etorriko ez dela, baina bost axola zait. Ardoaren eraginpean gustora aritu naiz solasean, eta bere bizitzaren beste alderdi batzuk ezagutzeko parada izan dut. Ez dakit sinisteko modukoak diren, baina sexuaren bila txirrindulaz atera aitzin, boxealaria, itsas-ingenieritzako ikaslea eta bi seme-alaben aita dela esanez osatu dit bere kurrikuluma. Txirrindula eskuan duela, inoiz Luna Parkera boxeo emankizunen batera baldin banoa, aurrekaldeko eserlekuetarako sarrerarik ez erosteko gomendioa eman dit, odol tantak nire aurpegia zipriztindu baitezakete.