AMAZONAS

Puerto Italian anabasa nagusi da. Ez dago aparteko azpiegiturarik. Itsasuntziak ibaiaren bazterretara kokatzen dira eta bertatik jeisten dituzte produktuak, lerro anarkikoetan, egurrak edo metalezko aldapak paratuta. Janari postuen artetik zama erraldoiak gainean daramatzaten gizon gihartsuak aiduru daude, eta frijitutako janariak sorturiko kearen atzean gizon susmagarrien itzalak nabaritu daitezke. Zamalariek gorputzak buztinez zikinduta dituzte eta jornaleroek lez egiten dute lan. Itsasuntzietako bidaiarien edo kapitainen deiaren zai daude lanean hasi ahal izateko.


Pedro Martin II itsasuntzia hartzeko xedea dugu. Erreferentzi onak eman dizkigute hirian. Zamalari ugari hurbildu zaizkigu bidean euren laguntza eskainiz. Komisioen bitartez lan egiten dutenez, estibatzaileen arteko lehia oso gogorra da, bidaiariak nork lortuko. Gezurretan hasi zaizkigu. Pedro Martinen lapurtuko digutela, janaria oso kaskarra dela, gehiago kobratuko digutela, itsasuntzia erdi hutsik dagoela eta bete arte aterako ez dela, motorra hondatua duela.


Pedro Martin II bi solairuko kargahuntzia da, eta pintura horia eta burdin herdoilduaren marroiskaren arteko kolorez margotua dago. Behekoa areto nagusia da. Aurrekaldean sukaldea dauka, eta atzerago, sabaiko burdin sareari hamakak eskegita dizkiotela, bidaiariak doaz, armiarma trinko bezain koloretsua osatuz. Txaluparen ipurdialdean mota guztietako produktuak (telebistak, motokarroak, platanoak, zapatak) eta abereak (behiak, oiloak) garraiatzen dituzte. Goian marinelen gela dago, taberna bat, eta hamakak paratu ahal izateko beste gela ttikiago bat. Gela honetan utzi ditugu gure tramankuiluak, eta ingurukoekin solasean hasi gara.

Atzerritar guztiak goikaldean egokitu gara. Quebec-eko mutiko gazte bat Iquitoseko beste bi gazteekin garagardoa edaten ari da. Beraiekin bildu gara. Laister koadrila ederra sortu da itsasuntziaren goikaldean: quebecoisea, bi peruarrak, Anton kataluindarra, Mariano argentinarra eta ni neu. Hurrengo lau egunak, hurrengo hiru gauak, elkarrekin egin beharko ditugu. Garagardoak harremanetan jartzemo mementuan nahitaez sortzen diren mugak hausten lagundu gaitu.

Bi peruarren arteko batek, Kennyk, polizoia dela aitortu digu, eta bidean zehar izkutuka ibili beharko duela, gauetan linternekin bidaiarien errepasoa egiten dutela aski ongi baitaki. Polizoia oso pertsona lasaia da, gorputza mugitu beharrean begiak jiratzen dituen horietarikoa. Beste peruarra goiko tabernako nagusiaren semea da. Kontu kontari dabil eta brometan ari da etengabe. Peruarrei buruzko bi txiste kontatu dizkigu. Txisteotan peruarren gainean iseka egiten du:

1.Puzker lehiaketa. Kolonbiar bat, brasildar bat eta peruarra. Kolonbiarra hasi da puzkerrarekin:
-pro-pro-pra-pra-pro-pro-prooooon.
Puzker zaratatsua benetan. Jendea txaloka hasi zaio. Brasildarraren txanda:
-pra-pre-pri-pro-pru-pra-pre-pri-pro-pruuuuuuuuun.
Are puzker hobea. Txalo zaparrada. Peruarraren txanda:
-pro...pro...
Jendea ziztuka hasi da. Peruarrak puzkerrarekin jarraitu du:
-pro...pro...probando, probando...

2.Puzker lehiaketa berria. Kolonbiar bat, brasildar bat eta peruarra. Kolonbiarraren eta brasildarraren txandaren ostean peruarra igo da oholtza gainera. Hitzegiten hasi da:
-Sentitzen dut zinez. Oso lehiaketa interesgarria da honakoa. Ilusio handiz etorri naiz. Giro aparta dago, baina gaur ez naiz oso ongi sentitzen. Istripu bat gertatu da nire familian eta triste nago. Ea hurrengo batetan hobe nagoen. Sentitzen dut benetan, puzkerrekin hainbeste praktikatu eta gero, baina tira, badakizue nolakoak diren gauza hauek...
Hau esanda, peruarrak mikrofonoa ipurdialdetik atera du. Berak jaso du sari nagusia.


Itsasuntziak ohiana erdibitzen du, eta Amazonasen bide berri bat zabaltzen ari garela pentsatu nahi dut. Ziria sartu nahi diot nere buruari, abenturaren sentsazioa areagotzeko. Gure motxilak eta hamakak paratu ditugun gelatik hirugarren solairu batetara igo daiteke, pinturarik gabeko eskailera zaharkitu bat erabilita. Metalezko xafla handi bat da, gure logelaren teilatua, eta hutsik dago. Amazonas ohianaren edertasuna eta kolonizazio prozesuak ohianari egiten dizkion hozkadak bakardadean behatzeko lekurik aproposena da, logelaren giro trinkotik ihes egiteko txoko ezinhobea. Makil batek Peruko bandera zurigorriari eusten dio xaflaren aurrekaldean.


Gaur Ulysses quebecoisarekin bertara igo naiz. Porro bat erre eta Lope de Agirreren larruan sartu naiz, Ucayali ibaian aurrera egiten ari garelarik. Bi bazterretara begira aritu naiz, arretatsu, erasotuko gaituzten indiarren peskizan. Ohartzerako iluntasunak harrapatu gaitu.

Link: Lope de Agirreren gutuna Espainiako erregeari, gaztelaniaz.


Timonelaren gelan sartu naiz. Gaztetxo batek argi foko handi batekin bidea argiztatzen du, eta beste gizon batek uraren sakonera neurtzeko soka bati lotutako harri bat jaurtitzen du ibaira behin eta berriro. Hirugarren gizon batek irratiarekin dihardu, eta laugarrenak timoia darama. Itsasuntziko langileek bacán, chévere, pucha madre, harto eta huevón hitzen artean esaldiak harilkatzen dituzte.