CORPUS CHRISTI


Ez dut etxera itzultzeko gogorik. Egia esateko, ez dakit zer arraio nahi dudan. Cuscon nago, turista eta peruarren artean, inken eta espainolen eraikinez inguratua, kafearen eraginpean, eta Euskalherria urrun daukat eta urrunago dakusat. Amets batetan bizitzen ari naizela iruditzen zait, eta ez dut ametsetik atera nahi.


Corpus Christi eguna berezia izan da. Atzo, elizetatik saindu guztiak atera eta katedralera eraman zituzten, bertan lo egin zezaten. Cuscotar batek aipatu didanez, 14 sainduak eramateko ohiturak erlijio katolikoaren inposaketarekin zerikusia dauka. Konkista baino lehen inkek 14 momien festa ospatzen zuten, eta apaiz katolikoek ebanjelizazioa ahalbidetzeko kristautasuna eta inken sinesmenak uztartu egin zituzten. Katedralera sainduak eramateko orduan lehia ikusgarria pizten da irudia lehendabizi nork sartuko duen ikusteko.

Link: Corpus Christi eguna, bideoa.

Link: Corpus Christi eguna, testua, gaztelaniaz.



Corpus Christiko desfilea ahaztezina izan da. Inguruetako herritar guztiak etorri dira euren mozorroekin atonduta. Mozorroetan, usu, espainolen satira egiten dute eta maskaretan sudur luzeak eta begi berdeak atzeman daitezke. Indijenek harro eramaten dituzte mamacha Belen, Santa Ana, Santa Barbara edo San Sebastian. San Sebastiani bidean bi gezi erori zaizkio eta herritar bat eskultura gainean igo eta geziak bularrean indarrez sartu dizkio. Ikusmira handia sortu da sainduak katedraletik atera dituztenean, eta ikusmirak alkoholari bide eman dio.


Cuscok sanferminetako karrika baten usai berezia hartu du. Hortzik gabeko atso batek ezpainetan cusqueña garagardo botila duela parre egiten du, bikote batek guztiz mozkortuta dantzan dihardu, txarangek musika zaratatsua jotzen dute, emakume zahar bat belaunika jarri eta gona azpian kaka egiten ari da, bi gizon borrokan ari dira garagardo botilak eskuetan dituztela... Karrikak pixatoki erraldoiak dira, eta pixak norabaiterako bidean harriak borobiltzen ditu.


Festa karriketan ospatzen da: desfileak, dantzak, garagardoak, chicha (artoarekin eginiko edaria), anticuchoak (behi bihotzaren puskekin osaturiko brotxetak), poncheak eta chiri-uchua. Chiri-uchua ospakizunaren janari tipikoa da. Kui izeneko marraskaria (Indietako untxia) da platerraren osagairik garrantzitsuena, eta urte osoan zehar elikatu eta gero, egun berezi honetan sakrifikatzen dituzte. Kuiaz aparte, oilaskoa, kuiaren odolarekin eginiko odolkia, artoa, arrain baten arraultzak, algak eta gazta frijitua nahasten dituzte plater berean. Chiri-uchuan, esan dit hemengo gizon batek, Inken imperioaren zoko guztietako jakiak uztartzen dira.

Link: Chiri-uchu, testua, gazteleraz.




Osorik jan dut. Hortzekin kuiaren hezurtxoak bereizteko orduan gorriak pasa ditut eta arrain arraultzak ahal izan dudan moduan sartu ditut barrura, eztarrian barrena mingainarekin presioa eginez. Garagardoa erruz edan behar izan dut plater tipikoa irentsi ahal izateko. Sabela nahasita, ohartzeke, festan murgildu naiz. Inken hiri sakratuko jaigiroak harrapatu nau. Valicha indiar politaren omenezko kantuak, tendereteak, alkohola, txarangak, indiarren doinu apalak eta Hego Amerikako emakumeen samurtasuna. Cuscon karriketan bizi da festa.


Hermosa flor de la sierra, jilguero andino, flor de la pradera. Por valles, montes, quebradas, cholita serrana, qué estarás haciendo? Cholita cusqueña, qué estarás haciendo?


Link: Valicharen kanta, webcam, ketxueraz.