LIMARUNTZ

Berriz lapurtzeko ahaleginak egin dituzte Cusco uztera noan honetan. Mariarekin Plaza de Armasetik nabilela gazte batek geldiarazi eta zera esan dit:

-Aizu, lagun argentinarra, horrek zurekin hitzegin nahi du.

Gaztearen atzetik beste bi gazte datoz, pandilleroen janzkeraz. Maria besotik hartu, errepidera atera eta, pilota urduri baten legera, lehenengo taxiaren gainean punpatu gara. Taxistak esan digu gazte horiexek berriki Kanadako gringo bati eraso egin diotela, eta visa tarjeta eta guzti kendu egin diotela.

-Hantxe utzi dute, katedralaren aurrean, zapatillarik gabe eta negar malkotan.

Atzo festa eguna izan zen Cuscon eta poliziak ordu extrak sartzera behartu zituzten. Hargatik gaur polizia gehientsuenek jai daukate eta lapurren lana samur-samurra da.

Taxiak Mariaren atariraino eraman gaitu eta, poltsikoa arakatu eta dirua hartzea ahaztu zaidala frogatu ta gero, oinez itzuli naiz ostatura.


Merkatu zaharreko karrikan, euren gurditxo edo mahaietan, emakumeek afariak, poncheak edo anticuchoak saltzen dituzte. Handik nabilela, tarrapata sortu da, eta, abiada bizian, emakumeak euren gauzak jasotzen hasi dira. Polizien sirenak entzun eta uniformedunak bertaratzen ikusi ditut. Komando bateko soldaduek bezala salto eginez, furgonetetatik zapart egin eta, une batez mokoka ibili eta gero, emakumeen postuak triskatu egin dituzte, kupidagabe. Janaria lurrera jaurti diete eta zartagiak galtzadarrien kontra astindu dituzte. Oso mingarria iruditu zait. Emakumeak garrasi betean daude eta poliziak erotu antzean dabiltza, indarkeriaren eromenak jota. Orduantxe ohean bero-bero egonen den alkateak ezarri du halako postuak jartzeko debekua, turismoari mesede eginen diolakoan.


Cusco atzean utzita, bada, Limaruntz abiatu gara. Denek hitzegiten dute gaizki Limaz: oso arriskutsua dela, lapurrez josita dagoela, adi ibiltzeko.

Autobusarekin hiria gurutzatzen ari garelarik Pamplona Alta auzoa ikusteko beta izan dut. Etxetxoak mendian gora eraikita daude. Auzo pobrea da. Lurrezkoak ditu errepideak eta beharrak eta inprobisazioak marraztu dute autobuseko lehiatilatik ikusten dudan hirigintza plangintza.

Link: Pamplona Alta, argazkiak.



Orain 50 urte Europako zonalde pobreenetariko baten hiriburuarekin akordatu naiz, argazki txuribeltzeko Iruñearekin, apaiz eta militarren Iruñearekin. Eta egungoa ikusi dut, El Corte Inglés, Volkswagen, Opus Dei, Sadar, Osasunbidea, Golem eta Zararen Iruñea.

Déjame que te cuente limeño, déjame que te diga la gloria del ensueño que evoca la memoria, del viejo puente, del río y la alameda. Déjame que te cuente limeño, ahora que aún perfuma el recuerdo, ahora que aún se mece en un sueño, el viejo puente, el río y la alameda. (...) Dejame que te cuente limeño, ay, deja que te diga moreno mi pensamiento, a ver si así despiertas del sueño, del sueño que entretiene, moreno, mis sentimientos.

Link: Chabuca Granda, La flor de canela, bideoa.

Guzti honengatik, Limara pittin bat beldurtuta iritsi gara. Miraflores auzoan hartu dugu ostatu, burgesiaren auzo tradizionalean. Iragan diztiratsu hori, baina, poliki poliki galduz joan da eta Limako burgesiak hesiz eta zinpeko goardez inguraturiko auzoetara eskapo egin du, bere hedapen geldiezinean pobreziaren minbiziak muga berri bat hautsi baitu.

Mirafloresek oraindik orain distira horren lorratzak gordetzen ditu, alderdi modernoagoan, merkataritza zentroetan, Macdonaldsetan, zapatilla dendatan. Iruñean edo Toronton aurkitu ditzakedan denda berdinak dira, munduko hiriburu guztietan estrategikoki kokaturik dauden inperio berriaren sinboloak.

1849garren urtean Ramon Castilla lehendakariak esklabutza bertan behera utzi, eta haziendatan langileak behar zituztela-eta, Asialdetik langileak ekarri zituzten Perura. Gaur chaufa arroza afaldu dugu, Asiako etorkinek Peruko sukaldaritzari egin dioten ekarpen ezagunena, eta itsasaldera joan gara.

Link: Peruko etorkin txinatarrak, testua, gazteleraz.

Link: Chaufa arroza, testua, gazteleraz.



Boulevardeko behatokitik Callao eta pobreen Lima ikusten da; itsasoan, Limako surferoak olatu ttikien gainean dabiltza, edo parapentean, eta burgesiak kafea hartu edota erosketak egiten ditu.