EL TIGRE

Tucumaneko irudiak ezagunak nituen. Iruñeko besaulki erosotik jarraitu nuen Argentinako krisia, eta telebistako informatiboetan Tucumaneko ospitaleko irudiak bota zituzten.

Link: Gosea Tucumanen, bideoa, gaztelaniaz

Argentina europarrontzat babesleku historikoa izan da, txirotasunetik ihes egiteko lurralde zabal bezain joria. Argentinar gehienek abizen espainola, italiarra edo euskalduna dute. Horregatik, telebistako irudietan nire auzokidearenak edo nireak izan zitezkeen haurrak ikusi nituelarik, zer pentsa gelditu nintzen. Edozein herriari gerta dakioke, edozein pertsonari gerta dakioke. Globalizazioaren kontraesanik handiena da. Lehengai ugari dituzten herri aberatsetan jendea gosez hiltzen da. Afrikako irudiekiko anestesiatua nengoen, baina Argentinakoekin otsoari buztana ikusi nion.


Gizon zahar horrek, gizon zaharra, tikiton, burusoila, tikiton, eskubiko eskua mugitzen du, Bolivar karrikaren bidegurutzean. Eskuekin, disimuloz, atzetik datozen gizakiei berarekin joateko gonbitea egiten diela ematen du: etorri, lagundu nazazue, tikiton. Parkinsona dauka, eskuak bilduta, goxoki bat izkutatuko bailuen, eta dardar egiten dio buruak, tiquiton, Bolivar karrikaren bidegurutzean, semaforoaren aurrean. Urduri dagoela dirudi, zainetan elektrizitatea izango balu bezala. Parkinson, tikiton. Eta zabortegian luzatu du bere lepoa, eta esku urduriekin kartoien artean bilatzen du. Inurriekin jolasean ari dela pentsatzen du gertutik begira ari zaion haurtxoak.


Parana ibaiaren bokalera, Tigrera, txangoa egin dut. Retiroko tren geltokira taxiz joateko deliberoa hartu dut, korrika eta presaka bainabil atzoko parrandaren ostean. Txima luzeko taxistak, buenosairestarren estereotipoari jarraiki, bere gaitasunak puztu egin dizkit bidean, baldarki. Cumbia abeslaria dela esan dit, eta taxiarena hobbytzat daukala. Cumbiak abesten diru mordoa bildu duela eta bi taxien jabea dela esanez ziria sartu nahi dit, burua ni eta bolantearen artean zabaltzen den espazioan ezaxolati mugitzen duen bitartean.

Urrezko bi disko jaso omen ditu Paraguayen, eta nik, hain ospetsua izanik, taxi zahar bat gidatzen ikustea ere! Kotxean Luis Miguelen kantak aditzen dira. Ez du Luis Miguel gustoko, hala esan dit, baina hiriko zaratatik isolatzeko oso baliogarria omen zaio.

Cumbia, Kolonbian arrakasta ezagutu eta gero, Latinoamerika osora zabaldu den musika mota da, eta Argentinan pobreen musikatzat jotzen dute. Tren geltokira iritsi baino lehenxeago bere ideologiaren berri eman dit taxistak. Buenos Airesen irla batetan bizi direla esan dit, eta krisiaren eragina ez dutela gehiegi nozitu. Hori bai, hiritik pittin bat atera ezkero txoko guztiak indijenez josita daudela ikusiko dudala ohartarazi dit. Taxistaren aburuz indijenek ekartzen dute pobrezia. Ez dut taxistarekin eztabaidan hasteko indar aski. Kotxetik atera eta '!Viva España, la madre patria!', ohiu egin du, eta handik gutxira '!Viva el Vasco!' erantsi. Agur esan diot nik ere.

Link: Cumbia Villera, Supermerka2, bideoa.