COCHABAMBAN

Orain Cochabamban nago, Marianoren bidai-gidaren arabera 'Boliviako lekurik kosmopolitenean'. 12 ordu eman ditugu Sucre eta Cochabamba banatzen dituen hirurehuntapiko kilometroak egiteko. Gau gogorra izan da. Autobuseko lehioa izorratuta zegoen, eta hotza hezurretaraino sartu zait. Hotzarekin gutxi balitz, autobusan konprobatu ahal izan dut Tarabucon erositako artilezko jertsei zuria zorriz beteta dagoela. Gorputz osoa ziztadez betea daukat, herrenka nabil eta egundoko logurea daukat. Cochabambara iritsi, jertsea kendu, eta kafea edaten ari naizen bitartean miseria kosmopolita ikusi dut autobus geltokian: erloju saltzaileak, indiarrak zakutoekin, lapurrak, autobus zaharkituak, eskatzen ari diren haurrak, begirada beldurgarriak.


Boliviak ez du Hegoamerikan ospe onik. Estatistikei erreparatuz, kontinenteko herrialderik txiroena da, eta gizartearen ondoeza geroz eta agerikoagoa da. Piketeak, paroak, blokeoak... herria kolapsatua dago, eta beldur naiz, zeren eta orokorrean militarrek halako egoera nahasiak altxamenduak burutzeko baliatzen baitituzte. Egunkarietan altxamendu militarraren arriskuaren berri ematen dute behin eta berriro, egunkarietako zuzendariek kolpea egotea nahiko balute bezala.

Disidentziaren barruan indijenak nagusitzen dira, ketxuak eta aymarak, beraiek baitira krisiak gehien kolpatu dituenak, beraiek baitira biztanle ugarienak.

Orain arte Boliviako gizartea bitan zatituta izan da. Indijenek, gehiengoa osatzen bazuten ere, ez zuten gizarte ofizialean lekurik, Estatutik aparte bizi ziren. Orain, dagokien lekua aldarrikatzen dute eta Carlos Mesaren gobernua soken kontra daukate. Aurreko lehendakaria beraiek kendu zuten, eta Carlos Mesak berak eskuak lotuta dauzka. Populazioaren gehiengoak erabaki politikoetan parte hartzeko eskubidea defendatzen du oligarkiak ulertzen ez duen borroka tinko eta baketsu baten bitartez.


Mundu osoan bezala, Bolivian pribatizazio prozesu bortitza eman da, eta gizarte mugimenduek pribatizazioekin etetea lortu egin dute. Gasaren afera bizi dute egunotan. Txilek gasa behar du eta interesa handiak dauzka Bolivian. Boliviarrek, alta, ez dute ahazten Txilek itsasorako irtenbidea lapurtu egin ziela, eta energiaren nazionalizazioa eskatzen dute, irabazien zati handi bat ekimen sozialetan inbertitu ditzaten. Hormetan fuera chilenos, viva la raza cobriza edo fuera extranjeros del país bezalako esaldiak irakur daitezke. Argentinak ere gasa eskatu die, eta Boliviak gasa salduko diela agindu die, baldin eta Txileri 'molekula bakarra ere' ematen ez badiote.

Espainolek zilarra eta urrea lapurtu zieten, ondoren harri bitxien eta eztaiñuaren lapurreta etorri ziren, eta orain hidrokarburoen ordua iritsi da. Boliviak Hegoamerikako gas erreserbarik handienetarikoa dauka, eta biztanleen %70ak ez du sukaldean erabiltzen den gasa ordaintzeko diru aski. Egurra erabiltzen dute pertza berotu ahal izateko.

Felipe Quispe indigena edo Evo Morales, Cochabamban kokaren aldeko borrokan ezagutzera eman zen buruzagia, disidentziaren aurpegirik ezagunenak dira, Boliviako klase altuaren areriorik behinenak. Quispek aymara eta ketxuen borroka ordezkatzen du, eta Moralesek, Estatu Batuek bultzatutako fumigazio kanpainen aurka altxatu zen buruzagiak, ezkerreko MAS (Movimiento al Socialismo) alderdia sortu du. Taxietan eta halako lekuetan, hizketagaia derrigor atera behar delarik, Evo Morales ustelkeria kasuetan sartuta dagoela esan didate, eta gobernuaren aurrean makurtzen hasia dela. Halere, itxaropen handiak dituzte Chapareko politikariarengan.


Bolivian argentinarra naizela pentsatzen du jende xeheak. Eta Bolivian argentinarrak, eta Argentinako futbol taldeak, asko estimatzen dituzte. Hemendik aurrera, bada, argentinarra izanen naiz. Ez dut Euskalherriaren kokapenaren gaineko azalpen gehiago emanen, ez dut Euskalherria Espainia eta Frantzia artean zatitua dagoen herrialde bat dela azaldu beharko. Gaitzerdi. Boliviako porteñoa izanen naiz hemendik aurrera, eta futbolaren esperantoan mintzatuko naiz. Nire taldea? Independiente de Avellaneda.

Egun motelak izan dira azkenak. Gaur Cochabambako merkatuan ibili gara. Haragi postuetatik ateratzen den kiratsa higuingarria egiten zait, biriketaraino sartzen zait behien odol usai fuertea. Espeziak saltzen dituzten postuetan izkutatu behar izaten dut halakoetan, odol usaia jasan ezinik nabilenean.

Ohi dugunez, merkatuan bertan bazkaldu dugu.

Arratsaldea artisauen postuen artean eman dugu. Mikel artisauzale porrokatua da, baina Boliviako herri gehienetan antzeko gauzak saltzen dituzte, artisautza industriala bogan dago.

Hiritik paseoan hippy batekin elkartu gara. Ez digu ezer saldu nahi, eta hori eskertzekoa da. Irudimen handia dauka hippy boliviarrak. Nire gustoko lepokoa, hain zuzen ere, inken aztarnategi batetan aurkitu zuen pachamanca prestatu behar zutenean. Hala esan dit.

Pachamanca herri inken gastronomiaren erakusle da. Patatak eta haragia lur azpian sartu, eta bertan egosten dituzte. Hippia lurrean zuloa egiten ari zela, hain juxtu, aurkitu omen zuen zein eta niri gustatzen zaidan lepoko borobila, jadezkoa. Ustezko balio arkeologikoa erantsita, pittin bat gehiago ordaindu behar izan diot, plastikozkoa izanda ere Euskalherrian gehiago kobratuko lidatekeela ondorioztatu eta gero.

Link: Pachamanca, testua, gaztelaniaz.

Bost minutu edo eman ditu lepokoak nire gorputzean. Hippiak lepokoa ez ezik, harriaren barruan izkutatzen den inken izpiritua saldu dit ere. Lepokoa Pachamamaren erresumara itzuli da nahi baino azkarrago, eta neskaren baten edo besteren atentzioa erakartzeko balio zuen borobiltxoa Cochabambako karriketan galdu da betikoz.