SAN PEDRO KAKTUSA


Iluntzen ari duela, haragi puska bat eta bi oilasko erosi eta Locoren ostatura joan gara. Sua piztu eta garrei begira pasatu zaizkigu minutuak. Ikuiluan Tornado dago, baina bisitan joan natzaiola agurra ukatu egin dit. Ez du nire ipurdi potoloa berriz eramateko intentziorik.

Haragia prest izan denean, segundurik galdu gabe afaltzen hasi gara. Emiliok aurretik 'vaskoak' ezagutzen zituela esan digu. Euskalherriko mendizale batzuekin inguruko tontor batetara igo egin zela. Emilioren arabera, euskaldunek ez zuten apenas hitzegiten, baina tontorra egin eta gero mingaina askatu zitzaien, eta mariguana asko erretzen zutela eta garagardozale porrokatuak zirela.

Oilaskoak puntu-puntuan daude, baina behi-haragia nahiko gogorra dago. Goseak gaude eta dena barrura sartu da. Garagardoak bata bestearen atzetik etorri dira eta Emiliok mariguana eskaini digu. Soratan, esan digu berak, oso ongi hazten omen da landarea eta nekazari askok belarrarekin negozioa egiten dute.

Emiliok ez du porroa erre nahi izan. Aitortu digunez, erretzen zuenean eguneko ordu gehienak etxean sartuta ematen zituen biblia irakurtzen. Diru iturririk ez zeukanez, beharrak jota bizi zen. Orain, zaldiak erosi dituela, ez du erre nahi. Zaldiak ala marihuana.

Behin San Pedro izeneko kaktusa jan zuen Emiliok, eta 24 ordu iraun zion efektuak. Errekaren ondoan irentsi zuen kaktusarekin prestaturiko edabea, eta natura, etengabeko mugimenduan, bizirik zegoela somatu zuen:

-Ur tantak bizirik zeuden, belarrak, harriak... zaila zait esplikatzen, eta molekulak eta guzti ikusten nituen!


Link: San Pedro kaktusa, testua, gaztelaniaz.


Ondoren aitortu digunarekin gure aurreiritziak baieztatu egin dira: gure ostatuko nagusia homosexuala da. Orduan ulertu dut zer dela eta igurtzi nahi zigun botika ipurdian, zer dela eta jakin nahi zuen nork eginen zuen lo bakarrik, zer dela eta gerturatu den koartora Mariano dutxatik atera berria zela. Emilioren aburuz, gure ostatuko nagusiak turistak zelatatzen ditu eta zenbait koartoetako hormetan zulotxoak eginda dauzka handik begira egoteko. Vouyerra herriko gay bakarra omen da, eta, egiazki, ezin zaio meritua ukatu. Soratan nahiko ongi tratatzen dute, eta pizti arrarotzat hartzen badute ere, bere homosexualitatea onartua dago, artifizialtasun eta arinkeririk gabe onartua.


Gaur Amaren eguna da, eta herrian emakumeek besta handia ospatzen dute. Herrian bi taberna daude zabalik. Ceiba diskotekara joan gara. Txangoan gurekin irabazitako diru guztia xahutzen ari da Emilio. Ceiban festari eusten dioten azken mozkorrak gelditzen dira, herriko irakasle talde bat barne. Cumbiak bazter guztiak inarrosten ditu, kanturik sonatuekin: El hombre es como el oso, cuanto más feo, más hermoso. Por eso a mi no me importa que seas tan horroroso; edota mete-saca, mete saca; edo soy bebedor porque una mujer me hizo tomar.


Link: El hombre es como el oso, kanta.

Hain zabaldua dagoen ohiturari jarraiki, garagardoak banan banan eskatu beharrean, 12 botiletako kaxak erosten dituzte, eta kaxak amaitu arte edan eta edan ibiltzen dira.

Bildutakoen artean, emakume potolo bat da mozkorren dagoena. Inguruka dabilkigu. Gringo guztiak dantzalekura atera gaitu eta gustora egin dugu parre. Une batez, Mariano ihesean ateratzen dela ikusi dugu, korrika eskaileretatik behera. Emakumea atzetik segika joan zaio. Itzuli delarik, Marianok, bihotza taupa-taupa duela, gertatutakoaren berri eman digu:

-Bortxatu nahi ninduen! Ia ia komuneko atea bota egin du! Tabernatik ihes egin behar izan dut!

Emiliok kontatu digu orain ez hainbeste Soratararaino ez zela turistarik ailegatzen, mendeetan isolaturik bizi izan direla. Alemaniako justiziatik eskapoan ateratako gizon bat izan zen Soratako lehenbiziko hotela eraiki zuena, 80garren hamarkadan. Gringoak, turismoaz aparte, herriko mariguana trafikoa maneiatzen zuen. Horrela bada, laister aberastu eta inguruko politikariekin ustelkeria kasuetan eskuak zikindu zituen. Emiliok dioenez gringoa mozkor hutsa zen eta ez zituen sorotarrak errespetatzen:

-Mozkorraren mozkorrez kotxearekin ateratzen zelarik zakurrak gurpilekin apropos zapaltzen zituen. Turismo tourretarako nekazariak kontratatzen zituen gida lanak burutu zitzaten, eta ez zien apenas ezer ordaintzen. Nekazariek, noski, miseria gorrian zeudenez, hasieran ameto egin zuten, eta alemaniarraren alde agertu ziren, etxean sartzen ziren txanpon apurrak bere eskutik baizetozen. Baina denboraren poderioz jasanezina egin zitzaien gringoaren portaera. Boliviako goi agintariekin oso harreman onak zituen, baina herria nekatuta zegoen. Herritarrak batzarrean bildu eta alemaniarraren hotelari su ematea erabaki zuten. Ordutik, ez dute herrian gringoa berriz ikusi.


Soratan izan garen egunetan aldapa pikuegiak igo behar izan ditugu, eta giharrak gogortuta atera gara herritik. Autobusean goaz eta errepideak suge erraldoi baten arrastoa imitatzen du. Eserlekuan, Emilio dut gogoan, eta pena ematen dit. Parrandan atera ginen gauean radiokassetea ebatsi zioten, eta Emiliok radiokassetea zuen, zaldiekin batera, ostatuko zerarik baliotsuena. Zaldiekin irabazitako dirua garagardoetan xahutu egin zuen eta, horrekin gutxi balitz, Ceiban emakume potoloarekin dantzan genbiltzan bitartean radiokassetea lapurtu zioten.


Kikek Soratan gelditzea erabaki du, 'urrearen bidea' deritzon ibilbide bat zazpi egunez burutzeko xedeaz. Copacabanan edo Cuscon elkartuko gara bilbotarrarekin. Elkarri hitz eman diogu.

Sorata eta La Pazen artean Copacabanara doan bidegurutzea dago, eta horrexegatik ez dugu kontrako bidea osorik burutu beharrik. Bidegurutzera iritsi garenean, zoritxarrekoak gu, Peruko mugara zuzentzen den bidea itxita dagoela esan digute, korteak direla-eta, eta autoak buelta ematen ari direla.

La Pazeraino joan behar izan dugu, buru makur, hiri erraldoia berriz ikusiko ez genuela komentzituta baikinen.

Esanak esan, guk uste genuena baino hobeki moldatzen ari gara La Pazen. Gauez ez bezala, asteburuetako goizetan karrikak lasai daude, antidisturbio gutxixeago dago, eta patxadaz ibiltzen gara La Pazeko hamaika izkinetatik barrena.

Berandutu egin zaigu. Iluntzearekin batera itzuli gara ostatura. Pixkat atondu eta unibertsitarien parranda lekura joanen gara. Karriketan emakume indijenak zaborretan zakurren gisara arakatzen ikusi ditugu, eta ostatuan hartutako rona eztarrian trabatu zaigu.

Emilio gizon lasaia da, ilargi lanbroa, txikle olatua, mugitu gabe mugitzen den animalia, arima erratia, bere buruaren kontra borrokatzen duen gizakia, buruhezur izoztuan, sabaian itsasitako begien gauetan.
Haizeak Soratan zuhaitzen hostoak mugitzen ditu, eta buru bat hostoetan leunki kulunkatzen da, Emiliorena.
Zeruak grisa margotzen du eta gizon eta emakume suzedaneoen gorputzak txikitzen dira, zure itzala, Emilio, aldamenetik igarotzen zaienean, eguzkiaren mantsotasunean, diztiraren argitasunean, zutaz akordatzen naiz, Emilio, zure magma urratsez, Soratako haizearekin, buruek hostoetan hegan egiten zutenean.